Ekonomiaren neurrizko hazkundea aurreikusi dute 2020. urterako

Cebekek eta Gipuzkoako Bazkundeak %1,9ko igoera iragarri dute, 2019koa baino apalagoa

Iñaki Garcinuño Cebekeko presidentea, Bilbon, atzo egin zuten agerraldian. LUIS TEJIDO / EFE.
Paulo Ostolaza Irune Lasa
2020ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Beldur pixka bat bazioten iazko bigarren seihilekoari Gipuzkoako eta Bizkaiko enpresaburuek, baina gauzak uste baino hobeto joan dira: 2018an baino 0,9 puntu gutxiago hazi arren, 2019. urtea %2,2 hazkundearekin itxi du Gipuzkoako ekonomiak, eta Bizkaikoak ere %2,2 egin du gora, azken hilabeteetan geldialdi bat pairatu arren.

Atzo argitaratu zituzten datuok Cebek Bizkaiko patronalak eta Gipuzkoako Bazkundeak, eta bat egin zuten bai 2019ko ondorioetan, baita 2020ko aurreikuspenetan ere. Aurten ekonomia %1,9 haztea espero dute, eta horrek hainbat lanpostu sortuko dituela aurreikusi dute: 6.000 Bizkaian, eta 3.000-4.500 Gipuzkoan. Erakundeek azaldu zutenez, azken hilabeteetan ekonomiak izan duen «geldialdia» da datuok azken urteetakoak baino apalagoak izatearen arrazoia; lan merkatuan ere eragin du «dinamikotasun falta horrek».

Gipuzkoan, ganberak baikortasun handiagoa erakutsi zuen 2021. urtearekiko; ordurako, aurtengoak baino emaitza hobeak espero ditu, ziklo aldaketaren zantzuak ikusten dituelako.

Pedro Esnaola Bazkundeko presidentea urte honetarako ikusten dituen aukerez eta mehatxuez aritu zen. Haren ustez, mundu mailako %3,3ko hazkundea batez ere garabideko ekonomien bilakaeran oinarrituko denez, «garrantzitsua da arrantzatoki berri horietan sartzeko lana egitea, gure esportazio oinarria hedatzea». Hain zuzen, esportazioei buruzko datu esanguratsua eman zuen Javier Zubia Bazkundeko idazkari nagusiak: azken zazpi urteetan, Gipuzkoako esportazioak %30 handitu dira.

Inbertsiorako oraindik garai onak direla uste dute merkataritza ganberakoek, aintzat hartuta likidezia egon badagoela merkatuan, interes tasa txikiei esker. Gipuzkoako ekonomian gero eta pisu handiagoa du turismoaren sektoreak, eta aurten ere indartsu haziko dela uste du Esnaolak.

Mehatxuei buruz, ganberako presidentearen ustez, bazkide komertzial nagusien —Alemania, Frantzia, Italia— neurrizko bilakaerak eragina izango du Gipuzkoaren ibilbidean, eta automobilgintza ere kezka iturri izango da oraindik, «nahiz eta uda amaieran seinale positibo batzuk antzeman diren». Ziurgabetasunek ere hor jarraituko dute: Txinaren eta AEBen arteko talka komertzialek, Ekialde Hurbileko gatazkek eta horiek petrolioaren prezioan izan ditzaketen eraginek, eta baita brexit-ak ere, «Erresuma Batua irten egingo baita, baina oraindik ez baitakigu nola amaituko den irteera hori».

Gipuzkoako merkataritza ganberak herrialdeko enpresen artean egindako galdeketari dagokionez, ondorio nagusia da gehienek egonkortasuna espero dutela beren datuetan. %54ek 2019koaren antzeko negozioa aurreikusi dute 2020rako; %82k uste dute langile kopuruari eutsiko diotela.

Cebeken inkesta

Bizkaian, antzeko inkesta baten ondorioak argitaratu zituen Cebek patronalak, eta, geldialdiak geldialdi, enpresaburuek badute neurrizko baikortasun bat: inkesta erantzun dutenen %60k positibotzat jo dute Bizkaiko egungo egoera, eta %80k esan dute asmoa dutela soldatak mantendu edo handitzeko. Iñaki Garcinuño Cebekeko presidentearen ustez, «oraindik ere interesgarria da dugun hazkunde erritmoa».

Enpresaburuek kritikatu zutena absentismoa izan zen. Bizkaian, batez beste, 18,6 gaixo baimen hartu ditu langile bakoitzak 2019an, eta, enpresaburuen %60ren ustez, nabarmena da arazoa. Garcinuño pozik agertu zen, «enpresariek barneratu egin dutelako absentismoaren garrantzia: gizarteak ez ditu arbuiatzen lanera huts egiten profesionalak direnak, eta baditugu».

Azkenik, aipatu zuen Bizkaiko enpresen %74k uste dutela Espainiako egoera politikoa ekonomiari eta garapenari eragiten ari dela. Garcinuñok ekiten uzteko eskatu zien enpresariei, baina aitortu zuen enpresekiko «sentsibilitate txikia» ikusten diola osatu berri den gobernu koalizioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.