Iban Arregi.
Jaurlaritzaren diru laguntzak. Euskal hedabideak. ANALISIA

Hizkuntza Politikarako Sailak emandako argudioei erantzuna

2014ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak hedabideentzat emandako laguntzak justifikatzeko erabili dituen argumentuek sor dezaketen nahasmena argitu nahian, zera esan nahiko genuke:

1Hauxe dio Hizkuntza Politika Sailburuordetzak: «Diru laguntza hauek ematerakoan irizpide aldaketa bat egon da aurten. Orain arte ez bezala, hedabidearen eraginkortasunari eman zaio garrantzia bereziki, hedabideen kontsumoari». Zehazki, irismenari eman zaio garrantzia nagusiki, eraginkortasuna irismena baino zerbait zabalagoa delako, eta hasieratik bertatik erakutsi izan du BERRIAk kezka, hainbat aldiz aurrez aurre erakutsi ere. Laguntzak ebazteko irizpideak sektorearekin batere landu eta adostu gabe aldatu ditu Jaurlaritzak, eta, harrigarria den arren, tratamendu bera eman die egunkari nazional bati edo herri bateko aldizkari bati, mila aldiz esan izan dugun arren horrek ez duela ez bururik eta ez hankarik. Hilean behin herri euskaldun bateko buzoian doan jasotzen den aldizkari bat askoz ere kontsumitzen errazagoa delako egunean 1,30 euro balio duen egunkari bat baino. Baina galdera da: herri honek behar du egunkari nazionala? Eta erantzuna baiezkoa bada, eta horretan badirudi denok ados gaudela, adostuko dugu egunkari nazionala (eta gainontzeko hedabideak) duintasunez mantentzeko eta garatzeko beharrezkoa den diru laguntza politika? Eta areago joanda: jarriko ditugu desiragarriak ez ezik lorgarriak diren helburuak, merkatu-parametroak eta hedabide bakoitzaren nolakotasunak kontuan hartuta?

2 Sailburuordetzak esaten du BERRIAren aurrekontua 484.977 euro jaitsi dela aurten, neurri horretan laguntza jaitsiera justifikatuz. Bai, BERRIA ere, zoritxarrez, urtetik urtera aurrekontua jaisten ari da, baina horrek ez du justifikatzen 208.217 euroko laguntza jaitsiera, eta Jaurlaritzak badaki hori. Izan ere, egoerak hala behartuta aurrekontua %7 jaitsi badugu ere (langileen kontura neurri handi batean, baina produktuaren kalitatea mantenduta ez ezik hobetuta eta iaz baino egunkari gehiago salduta), Hedabideen Deialdian ezartzen diren bi baldintzak sobera betetzen dugu oraindik: Jaurlaritzak bakarrik estal dezakeen defizita, batetik (1.616.000 euroko defizita estaltzeko laguntza eskatu zen, aurkeztutako aurrekontuaren%26); eta baldintza gisa ezartzen diren zabalkunde, inpresio eta funtzionamendu kostu estandarretan sartzea, bestetik. Jaitsieraren oinarria ez dago aurrekontuaren jaitsieran, eta hori honako datuak erakusten du: 2013an are gehiago jaitsi zuen aurrekontua BERRIAk, baina laguntza ez zion jaitsi Jaurlaritzak. Irizpideetan dago gakoa.

3Aurrekoarekin lotuta, esaten da: «Euskal hedabide ezberdinen aurrekontuaren %18,72 diru laguntzen bidez finantzatzen du Eusko Jaurlaritzak. BERRIAren kasuan, ordea, aurrekontu osoaren %21,38 ordaintzen da. Beraz, bistan denez, BERRIAK diskriminazio positiboa jasotzen du». Eusko Jaurlaritzak ez dizkio laguntzak enpresaren jarduerari ematen, produktu jakin baten aurrekontuari baizik; horregatik, BERRIA paperean egiteak duen aurrekontuaren %21 da laguntza, eta BERRIaren aurrekontu osoaren %15 baino ez. Baina gai honetan kontu bat uzten du alde batera Jaurlaritzak: BERRIAk Eusko Jaurlaritzatik bakarrik jasotzen ditu defizita estaltzeko laguntzak, hainbat euskal hedabidek ez bezala, eta hori ez da BERRIAren erabakia izan; zentzuzkoa dena, bestalde, BERRIA egunkari nazionala delako. Horregatik, diskriminazioa ez zaigu hain positiboa iruditzen, BERRIAk beste inork baino finantzaketa publiko txikiagoa duelako proportzioan, alde handiarekin. Eta Eusko Jaurlaritzak ondo baino hobeto daki hau: autofinantzaketa puntuatzean, BERRIAri 20 puntutik 19,12 eman dizkiona bera izan da.

4 «Diru laguntza hau ematen duen (1.301.963) erakunde bat ez dago inolaz ere BERRIAren kontra», dio Jaurlaritzak. BERRIAk edo BERRIAren ordezkariok ez dugu horrelakorik esan. BERRIAk eta haren ordezkariok, aurrez aurre eta idatziz esan dugu batik bat irismen-irizpide horietan oinarritzen den laguntza politika horrek ezdiola babes nahikorik ematen ez BERRIAri eta ez euskal hedabideen sektoreari ere. Behin eta berriro esango dugu: ezinbestekoa iruditzen zaigu irizpideak sektorearekin adostea, sektore guztiaren babesa eta garapena xede moduan jarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.