Herriko bozak. Baiona

Ezkerrak aldaketa nahi du Baionarako

Hirigintzan eta mugikortasunean izandako kudeaketa kritikatu dute Bergek eta Iriartek. Hizkuntza politika handinahiago bat nahi dute

GUIILAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Herriko bozetako interesgune nagusietako bat izanen da Baiona heldu diren bi asteburuetan. Lapurdiko hiriburua Ipar Euskal Herrikoa ere bada, eta aldaketa nabarmenak izan ditu azkeneko sei urteetan. Biztanleria anitz emendatu da, etxebizitza andana eraiki dituzte, eta auzo berriak sortu dira kanpoaldeko eremuetan. Aldaketa horiek nola kudeatu izanen da hurrengo agintaldiko erronka nagusietako bat.

Jean Rene Etxegarai orain arteko auzapezak lau hautagai izanen ditu parean. 2014an hamar bozen aldearekin galdu zuen Henri Etxeto PSko kideak —ez ditu erantzun BERRIAren galderak— Frantziako ezkerreko sektore ezberdinak batu ditu zerrendan. Baina, sei urtean, taldearen zati bat galdu du: ezkerreko zerrenda herritarra osatu du Mathieu Bergek aurtengo bozetarako. Jean Claude Iriart ere zerrenda herritar batekin aurkeztuko da, EH Bai, Europa Ekologia-Berdeak eta Frantzia Intsumisoaren sektore baten babesarekin. Aurtengo berritasuna Pascal Lesselier buru izanen duen eskuin muturreko zerrenda izanen da.

Herritarrei «parte hartze gutxi» eskaini zaiela salatu du Bergek. Iriarten hitzetan, oposiziokoei ez zaie aukera anitz eskaini beren iritziak defendatzeko. Desberdin gobernatzeko asmoa erakutsi dute bi zerrendaburuek.

Hirigintza kudeatzeko moduan dute kritika gehien. «Presio demografiko bat» bizi du Baionak, Bergeren hitzetan. «Galdera ez da hori nola frenatu, baizik eta nola erantzun». Komertziorik, zerbitzurik eta garraiorik gabeko «auzo periferikoak» sortu izana deitoratu du. Orain arte eramana izan den politikak ez die «gehiengoaren beharrei» erantzuten Iriarten ustez ere. «Gehiengoaren politika da biztanleria emendatzea, fiskalitatean zergak emendatu gabe diru sarrerak izan daitezen». Etxegaraik oro har«biziki posatu liberala» erakutsi duela dio. «Azken sei urteetan, ateak ireki dizkiete promotoreei, eta baliatu dira; laxoan ibili dira». Bizitegi sozial gehiago behar dela erran du.

Garraio arloan, Trambusaren proiektuak anitz eragin du Baiona, Angelu eta Miarritzeko (Lapurdi) hirietan. Proiektua beharrezkoa bazen ere, osoki bide propioan ez izatea kritikatu du Iriartek: «Bazen anbizio bat, baina ez da osoki egin; obra gehiago egin beharko da». Bizikletan segurtasunez ibiltzeko azpiegiturak sortzea jarri du desafiotzat, jendea usaiak aldatzera bultzatzeko. Garraioek «multimodalak» izan behar dutela defendatu du Bergek: «Eraginkorrak, maiztasun handikoak, eta urririk».

2017ko uztailean onartu zuen euskara plana Baionako Herriko Etxeak. «Berantegi eta arinegi», Iriarten iritziz. Planaren helburuak eta egutegia atxikiko dituela erran du, baina «anbizio handiagoarekin». Transmisioan eman nahi du indarra, eskoletan eta haurtzaindegietan euskarazko eskaintza indartzeko. «Kargualdi batean posible da hori aldatzea». Hizkuntza politika «handinahiago» baten alde egin du Bergek. «Instituzio batzuk %80-90 elebidunak izatera heldu gintezke». Irakaskuntzan «salto kualitatibo bat» behar dela adierazi du.

Euskal Elkargoa

Herriko etxeko eta Euskal Elkargoko ardurak bereizteko beharra azpimarratu dute ezkerreko bi hautagaiek. Binomio gisa aurkeztu dituzte zerrendaburuak, eta, auzapez badira, elkargoan ez dute funtzio exekutiborik hartuko: Bergeren zerrendan, Sophie Herrerak izanen du elkargoaren ardura, Iriartenean Sophie Bussierek.

2014an, ezkerreko zerrendak ez ziren ados eman bigarren itzulirako, eta boz gutxiren aldearekin irabazi zuen Etxegaraik. Ezkerreko indarren lehen itzuliko sailkapena erabakigarria izanen da bigarren itzulirako aliantzak osatzeko tenorean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.