«Eskubide osoen» jabe izan nahi dute

Elbarrien «diskriminaziorik eza» bermatzeko eskatu diete bozetara doazen alderdiei. Agiri bat ondu dute legea betetzeko eskatzeko

Elbarritasunen bat duten hainbat lagunen agerraldia, atzo, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Elbarritasunen bat dute, baina denek nozitzen dituzte euren bizitza proiektuak garatzeko «eragozpen sistematikoak». Salatu dute alderdi eta instituzioek ez dituztela beti betetzen aukera berdintasuna bermatzeko legeak, eta horrek, praktikan, «bigarren mailako herritarrak» izatera bultzatzen dituela. «Eskubide osoen» jabe izan nahi dutela aldarrikatu dute, eta, horretarako, legea betetzeko eskatu diete hauteskundeetara aurkezten diren alderdiei.

Hamaika horma eraitsi behar dituzte egunero desgaitasunen bat dutenek. Horixe salatu zuten atzo elbarritasunen bat duten hainbat lagunek. Agiri batean jaso dituzte euren kezkak, eta haren berri eman zuten Karmele Antxustegik, Arantxa Basagoitik eta Pedro Garcia del Pozok, sinatzaile guztien izenean. Ohartarazi zuten legea betetzea aski dela desgaitasunen bat dutenen «aukera berdintasuna», «diskriminaziorik eza» eta «irisgarritasun unibertsala» bermatzeko, eta, beraz, araudia praktikara eramateko deia egin zieten hautetsiei.

Haien esanetan, agiriak elbarrien «begirada askotarikoak» islatzen ditu: «Batu gara esateko gutako denok ditugula hutsuneak, eta legeak ez betetzearen ondorioak guk eta gure sendiek pairatzen ditugula». Azaldu zuten euren burua baino ez dutela ordezkatzen, ez dutela hitz egiten elkarte baten izenean, eta ez doazela «inoren aurka», baizik «aukera berdintasunaren alde». «Itsuak gara, gorrak, mugitzeko gaitasuna murriztua, atzerapen kognitiboa edo autismoa dugunak, eta maila guztietako laguntzaren beharra dugunak».

Bizitzeko «zailtasunak»

Aniztasun horren barruan denekdituzte bizitza garatzeko «zailtasunak», ohartarazi zutenez. Hezkuntza sistemak, adibidez, ez die laguntzaile bat jartzen ziklo guztietako ikasleei, eta maiz «eragotzi» egiten diete keinu interprete bat behar duten ikasleei. Osasun arloan ere traba ugari aurkitzen dituzte. Mediku kontsultetan eta osasun zentroetan irisgarritasun neurririk ez da ezartzen, eta askotan osasun arreta egokirik gabe geratzen direla salatu dute.

Dokumentuan diote «ikusezina» dela andre elbarriek jasaten duten indarkeria matxista, eta emakume horiek «intimitaterik eza» eta gorputz funtzioei buruzko «etengabeko iruzkinak» eta «gizatasunik gabeko» tratua pairatzen dituztela. Behar handiak dituzten seme-alabei arreta emateko orduan, berriz, laguntza urria dutela salatu dute: «Batez ere amek prekaritate ekonomiko handia dute, eta, praktikan, soilik zaintzara emanak daude».

Agirian, azpimarratu dute elbarrien errealitate hori kudeatzea dagokiela alderdi politikoei: «Arreta ematea ez da aukera bat, baizik gure bizitza konplexuek dituzten erronkez arduratzeko aukera bakarra». Eskatu diete «aitzakiarik» ez bilatzeko, eta lehenesteko desgaitasunen bat dutenen eskubideak bermatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.