Parisek arindu egin nahi du berriztagarrien tramitazioa

Auzoekiko atzerapena murrizte aldera, proiektu eolikoak eta fotovoltaikoak moteltzen dituzten tramiteak eta auzibideak laburtzeko lege proiektua egin du Frantziako Gobernuak

Macron, Sant Nazaerko parke eolikoaren inaugurazioan. STEPHANE MAHE / EFE.
Iker Aranburu.
2022ko irailaren 27a
00:00
Entzun
«Gure auzoek gehiago egiten dute, hobeto eta, batez ere, arinago». Emmanuel Macron Frantziako presidenteak joan den astean esandakoa da, Sant Nazaerren (Bretainia), bere agintepeko lurraldeko lehen parke eolikoaren inaugurazioan. Auzoak esatean, Frantziak batez ere Alemaniaren ispiluari begiratzen dio, eta Macronek ez du gustuko energia berriztagarrien eta bereziki eolikoen garapenean daukan atzerapena: itsasoko lehen 80 haize errotak jarri ditu Frantziak, eta 5.700 ditu jada Alemaniak. «Bi aldiz bizkorrago» joateko asmotan, proiektu berriztagarrien tramitazioa arintzen duen lege proiektua onartu zuen atzo Frantziako Gobernuak.

Ostiralean hasiko dute proiektuaren eztabaida Senatuan, eta ez da samurra izango gobernuarentzat: nuklearraren aldeko apustua indartu nahi dute haren eskuinera dauden alderdiek, eta proiektu berriztagarri handiek ingurumenari egiten dioten kalteekin kezkatuta daude haren ezkerrera daudenek.

Proiektu berriztagarri asko auzitegietan trabatzen dira, herritarrek eta tokiko agintariek jarritako salaketen ondorioz, baina arlo horretan oso aktibo dago FED taldea ere (Ingurumen Jasangarriaren Aldeko Federazioa). Auzitegietako bidea laburtu nahi du legegaiak.

Energia nuklearraren itzal luzea

Energia nuklearraren alde 1970eko hamarkadan egindako apustu handiaren ondorioz, Frantziak gutxiago inbertitu du berriztagarrietan. Alemanian, esaterako, iaz 63,7 GWeko potentzia zuten berriztagarriek, eta 18,7 GW bakarrik Frantzian. Hego Euskal Herrian, 2,26 GW dira —horretatik 1,85 GW Nafarroan—.

Gaur egun, 1.380 parke eoliko eta 8.000 haize errota daude Frantzian, eta Frantziako argindarraren %8 hornitzen dute. Parke gehienak, 840, Hauts de France eta Grand Est eskualdeetan, iparraldean. Akitania Berrian, eskualderik handiena izanagatik, 119 daude, baina bakar bat ere ez dago Ipar Euskal Herrian.

Lurreko parke eolikoek herritar askoren artean sortzen duten arbuioa ikusita, batez ere itsasoko parkeen aldeko apustua egin dute azken gobernuek. Luze jotzen dute, ordea. Ostegunean Macronek inauguratutakoa, Bretainia hegoaldean, 2011n abiatutako proiektu bat da; itsasertzetik hamabi eta hogei kilometro bitarte an 80 aerosorgailu jarri dituzte, eta 480 MWeko potentzia dute.

Bretainian ere, baina iparraldeko kostaldean, Sant Briegen, beste parke bat handi bat eraikitzen ari dira Euskal Herrian egoitza duten konpainiek. Iberdrola sustatzaileak Siemens Gamesaren 62 haize errota jarriko ditu; 207 metro garai dira errotak, eta dorreakBilboko portuan egin ditu Haizea Windek. Kostaldetik hamasei kilometrora dago, eta 2023an hastekoa da argindarra ekoizten. 496 megawatteko potentzia dauka, iragan astean Gipuzkoan iragarritako bi parkeek halako ia sei.75 kilometro koadro beteko dituzte haize errotek, ia Bilboren azaleraren halako bi. Arrantzaleen, hautetsien eta herritarren protestak eragin ditu.

Itsas plataforma sakonera txikikoa da Bretainian, eta, horregatik, itsas hondoari lotutako haize errotak jarriko dituzte Sant Briegen ere. Euskal Herrikoak, berriz, sakonera handiko urak dira, eta horregatik, iristekotan, plataforma gaineko haize errotak iritsiko dira. Frantziako Gobernuak ere ez du proiekturik Lapurdiko kostaldean; Bretainian, Normandiako eta Mantxako kanaleko kostalde haizetsuan, eta Mediterraneoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.