Lerro hauek idazterako, Erresuma Batuko Gobernuak ez zuen jaso oraindik Sue Gray idazkariordeak osatutako txostena, baina hura bukatuta dagoela zabaldu dute jada hango komunikabideek. Orain, galdera nagusia da noiz ezagutaraziko duten, gaur ala bihar. Hori, baldin eta burokraziak jartzen dituen baldintza guztiak betetzen baditu, eta txostenean jasotzen diren informazioek Poliziak herenegun zabaldutako ikerketa oztopatzen ez badute. Dena den, hura jaso eta berehala ondorioak ezagutaraztea litzateke Londresen asmoa, «segurtasun arazorik» ez bada, betiere. «Oso argi esan dugu ondorioak jakinaraziko ditugula. Baina ez dakigu zer jasotzen duen txostenak, eta gerta liteke, adibidez, segurtasunarekin lotutako auziak jasotzea, eta horiek ezagutarazteko arazoak izatea. Baina ondorioak bai, ondorioak argitaratuko ditugu», azaldu zuen atzo Liz Truss Atzerri ministroak.
Boris Johnson lehen ministroak berak esana du argitara emango dituela txostenean jasotako ondorioak, hura jaso eta «berehala», eta jarraian agerraldia egingo duela Komunen Ganberan. Hain zuzen ere, astero bezala, alderdikideen eta, batez ere, oposizioko kideen galderei erantzun zien atzo Westminsterko saioan. Hasieran, zabaldu zen gobernuburuak orduan emango zuela txostenaren berri, baina ez da hala izan.
Komunen Ganberako saioan laboristek ez zuten aukerarik galdu Johnsonen aurka jotzeko. Alderdi horren buruzagi Keir Starmerrek lehen ministroari egotzi zion legebiltzarrari gezurretan aritu izana aurreko hilabetean esan zuenean berak ez zuela araurik urratu, eta dimisioa emateko eskatu zion, beste behin.
Starmerrek «lotsagarritzat» jo zuen Polizia lehen ministroa ikertzen aritzea, eta salatu zuen haren «gaizkide» direla gobernuko kideak ere, ez diotelako azalpenik eskatu lehen ministroari. Johnsonek, ordea, ukatu egin zituen akusazioak, eta ikerketa haren tokia hartzeko baliatu nahi izatea egotzi zion Starmerri.
Bestalde, nabarmentzekoa izan zen Alderdi Kontserbadoreko diputatuen jarrera. Izan ere, ez zuten hitzik egin abian den ikerketaz, baina aurreko agerraldietan eurak ere kritiko agertu izan dira gobernuburuaren jokabidearekin. Toryek behin eta berriz berretsi dute «erabat independentea» izan dela Grayren ikerketa, eta hartan jasotakoetan ez duela beste inork esku hartu. Horiek hala, gerta liteke hura argitara atera eta gutxira kontserbadoreek eurek Johnsonen aurkako konfiantza mozio bat aurkeztea, eta hura dimititzera behartzea. Erresuma Batuko hainbat hedabidek ez dute baztertzen astea amaitu baino lehen gertatzea hori.
Itxialdi garaian lehen ministroaren eta gobernuaren egoitzetan egindako festek eragin dute Erresuma Batuko Gobernuaren azken krisia. Izan ere, hango hedabideen arabera, dozenaka lagun elkartu ziren batzar horietan, gobernuak berak toki itxietan bi pertsona baino gehiago biltzea debekatua zuenean, pandemiaren garairik okerrenean.
Hasieran, Johnsonek ukatu egin zuen festa horietan egon izana, baina aurten aitortu behar izan du baietz, parte hartu zuela, betiere nabarmenduta «lan bilerak» ziren ustetan joan zela. Hala, agintariak ikerketaren ondorioak ezagutu arte itxaroteko eskatu die batzuei eta besteei.
Garai erabakigarrian dator Grayren dokumentua. Izan ere, kontserbadoreak beherantz doaz inkestetan —azken galdeketen arabera, bozak orain egingo balira laboristentzat izango lirateke botoen %41,5 eta kontserbadoreentzat %31—, eta maiatzean tokiko hauteskundeak egingo dituzte Erresuma Batuan.
Boz horietara aurkeztekoak dira aurten lehen legealdia duten diputatu asko, eta ikerketa honek bultza ditzake horiek Johnsonen aurka, karguari eutsi ahal izateko. Gobernuburuaren sostengua, baina, gain behera zen lehendik ere, haren agintaldiko zutabe nagusiak, brexit edo Europako Batasunetik ateratzeko ekinbideak izandako gorabeheren ondorioz.
Alderdi batzuek eta besteek izan dezaketen babesa ez ezik, politikariekiko fedea ere beherantz doa. Ipsos etxeak argitaratutako azken galdeketen arabera, herritarren laurdenek ez lukete sinetsiko politikariengan. 2016tik jaso den daturik okerrena da.
Johnsonen geroa ebatziko duten agiriak
Erresuma Batuko Gobernuko idazkariordeak amaitua luke Downing Streeteko festei buruzko txostena, hango hedabideen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu