HDPren aurkako epaiketa

Akusatuen defentsa eskubidea urratu dutela salatu dute

HDPko kideen aurkako epaiketaren lehen egunean, abokatuak aretotik irten dira, protesta gisa

HDP alderdi kurduaren aurkako epaiketaren lehen saioa, atzo, Ankaran. OIHANA ETXEBARRIETA.
arantxa elizegi egilegor
2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Duela sei urte pasa Kobane setiatua zuen EI Estatu Islamikoaren aurkako protestetara deitzea egotzita eseri dituzte akusatuen aulkian HDP Herriaren Alderdi Demokratikoko 108 kide, tartean Selahattin Demirtas alderdiko presidente ohia, eta aurrez ere protestetara deitzeagatik epaitua eta zigortua izan dena. Atzo egin zuten lehen auzi saioa, eta akusatuetako batzuk soilik sartu ahal izan ziren auzitegian; besteek, Demirtas bera tartean, online ikusi behar izan zuten saioa. Zergatiaz galdetuta, «osasun arrazoiak» argudiatu zituen epaileak. «COVID-19agatik zela esan zuen. Akusatuak ez zituzten sartzen utzi, baina segurtasun indarretako kideak dozenaka ziren», azaldu zion BERRIA-ri Oihana Etxebarrieta EH Bilduko legebiltzarkideak. Etxebarrieta nazioarteko begirale gisa joan zen atzo Ankarara, beste hainbat ordezkari politikorekin batera. «Lehen egunean etortzeko eskatu ziguten, auziak nazioartean oihartzuna izan zezan».

Legebiltzarkidearen esanetan, «prozedurak urratuz» hasi zuten epaiketa; besteak beste, abokatu guztiak aretoan egon gabe eman ziotelako hasiera. Azkenean, ordea, epaileak ez zuen guztiei sartzen utzi beste aukerarik izan, akusatuek beren buruak identifikatzeari uko egin ziotelako euren abokatuak bertan ez bazeuden. Horretaz gain, epaileak ukatu egin zien hitza bai defentsako abokatuei, bai akusatuei. «Haietako batzuek, online ari zirenek, idatziak erakutsi dituzte kexu zirela adierazteko, baina aurrera egin dute. Ez da defentsa eskubidea errespetatu», gaitzetsi zuen EH Bilduko legebiltzarkideak.

Halakoetan lehen hitza defentsako abokatuek hartu ohi badute ere, kasu honetan fiskaltzak hartu zuen hitza lehenik, bainaez zituen akusazio guztiak irakurri; aldiz, laburpen bat egitera mugatu zen. «Hori ere prozedurak urratzea izan da, baina epaileari ez dio axola izan. Iradoki du prozesua edonola joaten dela ere emaitza jakina dela». Hizkuntza ere oztopo bilakatu zuten; izan ere, kurdueraz hitz egin zuten akusatuei ez zieten itzulpenzerbitzu egokia eskaini. Horiek hala, eta prozedurak urratzen ari zirela salatzeko, defentsako abokatuek aretotik irtetea erabaki zuten, auzia hasi eta minutu gutxira. Berdin egin zuten nazioartetik joandako ordezkari guztiek ere.

Akusatuetako batzuk preso dauden espetxeko areto batean ari dira egiten epaiketa. Hasieran, hilabete luzatuko zela zabaldu zuten iturri ofizialek; orain, baina, azkar amaitu nahi dutela aurreratu dute, horretarako osasun arrazoiak argudiatuta. Alderdi kurduko ordezkariak beldur dira epaiketa ez ote den aurrerago alderdia bera legez kanporatu eta desegiteko aitzakia bilakatuko.

Homizidio delitua

2014an EIk setiatua zuen Kobane, eta alderdi kurduak salatu zuen Turkiako segurtasun indarrak besoak gurutzatuta zeudela islamistek kurduen aurka egiten zuten bitartean. Hori dela eta, milaka lagun irten ziren kalera egoera salatzera. Militarrek, baina, indarrez desegin zituzten protestak, eta borroketan 50 lagun inguru hil ziren, gehienak manifestariak. Manifestazio haiek sustatzea leporatuta, homizidioaz, eta estatuaren segurtasuna eta batasuna arriskuan jarri izanaz akusatu dituzte HDPko zuzendaritzako 108 kideak.

Akusatuetatik 28 espetxean daude dagoeneko, tartean Demirtas bera. HDPko kideek ukatu dute manifestazioak antolatu izana, eta haien aurkako konspirazioa bultzatzea egotzi diote Turkiako presidente Recep Tayyip Erdogan presidenteari. «Azpijoko hau desegingo dugu; sendotu egingo dugu demokraziaren aldeko borroka, eta herrialdea erreskatatuko dugu indar autoritarioen erasoetatik», adierazi zuen Mithat Sancarrek, HDPko buruak, auzitegiaren kanpoaldean egindako agerraldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.