Moldaviak bigarren itzulian erabakiko du

Sandu europazaleak irabazi du lehen itzulia, %36,1eko babesarekin. Dodon jarduneko presidentea izango da bigarrenen itzuliko beste hautagaia. 2016ko lehia bera izango da berriz azaroaren 15ean

DUMITRU DORU / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Bi herrialde ereduren arteko erreferendum baten modukoa izango da. Moldaviako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian, ikuspegi politiko zinez desberdinak dituzten bi hautagai izango dira aurrez aurre: Maia Sandu europazalea eta Igor Dodon Moskurekin harremanak indartzearen aldekoa.

Sandu PAS Ekintza eta Elkartasuna alderdiko buru eta Moldaviako lehen ministro ohiak irabazi du lehen itzulia, herrialdeko hauteskunde batzordeak atzo jakinarazi zuenez. Botoen %36,1 bildu zituen igandeko bozketan. Dodon herrialdeko jarduneko presidenteak, berriz, %32,6ko babesa eskuratu zuen. Hautagai bakar batek ere ez zuen lortu botoen %50 biltzea, eta, beraz, bigarren itzulia egingo da boto gehien lortu dutenen artean. Azaroaren 15ean hautatuko dute presidentea.

Duela lau urteko hautagai berak izango dira aurrez aurre 2020an ere. Dodonek lortu zuen boz gehien orduan, lau punturen aldea aterata. Igandean, erabakigarriak izan dira diasporaren botoak Sanduren garaipenerako.

Bigarren itzulirako, beste lau hautagairen babesa jaso du dagoeneko lehen ministro izandakoak. Horien artean dago boto gehien dutenetan hirugarrena, Gure Alderdiko Renato Usatii—botoen %17 jaso du lehen itzulian—. Moldaviako hiririk handienetan bigarreneko, hots, Baltiko alkateak lehen itzuliaren aurretik baztertu zuen Dodon babestea. Jarduneko presidentea boteretik kentzeko «ahalegin kolektiboa» egitera deitu dute.

Lehen itzuliko irabazleak irregulartasunak salatu ditu, halere. «Lege urraketek azken emaitzari eragin diote. Horregatik, garrantzitsua da boto bakoitza babestea boterean daudenengandik.»

Munduko Bankuko ekonomialaria izandakoak EB Europako Batasunarekin harremanak estutzea proposatu du, eta agindu du Bruselaren diru laguntzak lortuko dituela bozak irabaziz gero. Egoera ekonomiko makurrean dago Moldavia. Europako herrialderik pobreenetako bat dena are krisi sakonagoan murgildu du koronabirusaren pandemiak.

Moldaviak eta EBk itun bat sinatu zuten 2014an, bien arteko harreman ekonomiko eta politikoetan sakontzeko, baina EBk kritika geroz eta zorrotzagoak egin dizkio Moldaviako Gobernuari, zenbait erreformak izan duten bilakaerarengatik.

Dodonek ere egonkortasuna eta oparotasuna agindu ditu, eta Moskurekin harremanak indartzearen alde egin du. Horrez gain, errusieraz mintzo den eta 1991n independentzia aldarrikatu zuen Transnistria eskualdearekin akordio bat lortzeko konpromisoa hartu du.

Lurralde auziei buruzko proposamenak aurkeztu ditu Sanduk ere, botoak erakarri nahian. Moldaviaren eta Errumaniaren arteko lotura historiko eta kulturalak aintzat hartuta, bien arteko batasunari buruzko erreferendum bat hitzeman du, batasunaren aldeko jarrera esplizitua agertu gabe.

Ustelkeria eta esku hartzea

Ustelkeriaren kontrako mezuak izan dira Sanduren kanpainako ardatz nagusia. Presidente izatea lortzen badu «klase politikoaren garbiketa» bat egingo duela ziurtatu du, «presidentetzatik hasi, eta, ondoren, parlamentuan».

Europako zenbait agintariren babes mezuak jaso ditu Sanduk. Alemaniako Defentsa ministro Annegret Kramp-Karrenbauer eta Donald Tusk Europako Kontseiluko presidente ohia, esaterako, haren alde agertu dira. Dodonen aldeko talde batzuek herrialdean esku hartzeko saiakerak ikusi dituzte Sanduk atzerritik jaso dituen babesen atzean. Sergei Narixkin SVR Errusiako Atzerri Zerbitzu Sekretuetako buruak AEBei leporatu zien, joan den astean, Dodonen kontrako protesta masiboak sustatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.