Italiako kostan txalupa bat irauli da, eta gutxienez 62 migratzaile hil dira

Berrehun lagun zihoazen hondoratu den ontzian, eta ehun inguru desagertuta daude oraindik

Italiako kostazainak erreskate lanetan, atzo, Crotonen. VIGILI DEL FUOCO / EFE.
Paulo Ostolaza - Arantxa Elizegi Egilegor
2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Migratzaileen beste ontzi bat hondoratu zen igandean Mediterraneo itsasoan: berrehun lagun inguru barnean zituen ontzi bat izan zen herenegun Calabriako kostaldean hondoratu zena, Italia hegoaldean. Oraingoz, haietako 62 gutxienez hil egin direla baieztatu dute, tartean, hamabi haur; desagertuta daude oraindik ere ehun inguru, eta 81 erreskatatu dituzte. Ospitaleratu egin dituzte haietatik hogei, bat egoera larrian. Datozen orduetan hildako gehiago baieztatuko dituztela aurreikusten da.

Erreskate zerbitzuek jakinarazi zutenez, arroka batzuk jotzean zatitu zen bitan ontzia. Gainkarga handia zuen, eta eguraldia oso txarra zen. Atzo artean lanean zebiltzan desagertutako lagunak topatzeko eta erreskatatutakoak artatzeko. Lehen susmoen arabera, migratzaileak Irangoak, Pakistangoak eta Afganistangoak dira, eta ontzia duela bost egun atera zen Turkia mendebaldeko Esmirna hiritik. Bizirik irten denetako bat atxilotu egin dute, pertsona trafikoan aritzeaz akusatuta.

Vincenzo Voce Crotona hiriko alkateak adierazi zuenez, herenegungoa «sekulako tragedia da, eta litekeena da hildakoak askoz gehiago izatea». Jada, azken urteetan Italiako kostan gertatu den tragediarik handienetakoa izan da asteburukoa.

Lege gogorragoak

Giorgia Meloni Italiako lehen ministroak ere hitz egin zuen gertatutakoaz, eta hitzeman zuen legez kanpoko migrazioaren aurkako legeak gogortuko dituela. Dolua azaldu zuen «pertsonen trafikoaren ondorioz» hil direnengatik, eta esan zuen bere gobernuak erabateko konpromisoa duela «horrelako tragediak amaitzeko». Elkarlana eskatu die migratzaileen jatorriko herrialdeei.

Eskuin muturreko gobernua hasia da migratzaileen aurkako legeak gogortzen. Azken neurrien arabera, erreskate ontzi bakoitzak ezin du erreskate bat baino gehiago egin itsasora irteten den bakoitzean. Neurriak are arriskutsuagoa bilakatzen du migratzaileen bidaia, maiz, gobernuz kanpoko erakundeen itsasontziak izaten direlako aurkitzen duten laguntza bakarra.

Gobernuz kanpoko erakundeek salatu dute gero eta zailagoa zaiela euren lana egitea. Izan ere, Italiak ez ezik, Greziak ere gogortu egin ditu legeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.