Sexu abusuek Atenas lohitu dute

Dimitris Lignadis Greziako Antzoki Nazionaleko zuzendari ohiari adingabe migratzaile batzuei abusuak egin izana egotzi diote. Lina Mendoni Kultura ministroak izendatu zuen, eta oposizioak dimititzeko eskatu dio

Dimitris Lignadis aktore eta Greziako Antzoki Nazionaleko zuzendari ohia, Atenasen, joan den larunbatean, atxilotu zuten unean. ORESTIS PANAGIOTOU / EFE.
Paulo Ostolaza.
2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Dimitris Lignadisen kasuaren zipriztina Greziako Gobernuraino heldu da. Greziako aktore ospetsu hori, Atenasko Antzoki Nazionaleko zuzendari ohia, joan den larunbatean atxilotu zuen Poliziak, eta atzo hasi zen fiskaltzaren galderei erantzuten. Egotzi diote 2017. eta 2018. urteen artean adingabeko migratzaile batzuei sexu abusuak egitea. GKE gobernuz kanpoko erakunde batek bidaltzen zituen adingabeak Lignadisengana, hark antzezpen klaseak emateko, eta, orain, fiskaltza GKEa ere ikertzen hasi da, adingabeek abusuak salatu arren haiek ez ikertzeagatik. Salatzaileek 15 eta 18 urte artean zituzten erasoak jasan zituztenean.

Greziako Kultura ministro Lina Mendonik izendatu zuen Lignadis Antzoki Nazionaleko zuzendari, 2019. urteko irailean. Horregatik, Alexis Tsipras lehen ministro ohiaren Syriza oposizioko alderdi nagusiak eta geroz eta indar handiagoa hartzen ari den Me Too mugimenduak haren dimisioa eskatu dute, eta egotzi diote Lignadis zuzendari hautatu zuela lagunak zirelako: «Berandu da dagoeneko, baina Mendoni kargutik kendu beharko luke gobernuak, eta biktimei eta greziarrei barkamena eskatu», adierazi zuen atzo Tsiprasek. Lignadisek otsailaren 6an aurkeztu zuen dimisioa.

Mendonik, ordea, argi utzi zuen ez duela dimisioa emateko asmorik, joan den astean: «Oposizioak, gobernuan zegoenean, nik orain jokatu dudan moduan jokatu zuen, Lignadisek orduan ere bazuelako kargu bat Antzoki Nazionalean. Orain jakin dugu gizon arriskutsua dela», esan zuen Kultura ministroak. Aristoteli Peloni Greziako Gobernuko bozeramaileak astelehenean aitortu zuen Mendoniren hitzak «lotsagarriak» izan zirela.

Nazioarteko Me Too mugimenduak, berriz, urtarrilean hartu zuen indarra Grezian. Herrialdean Sofia Bekatoru da mugimenduaren burua, belazko txalupen diziplinan Atenasko Olinpiar Jokoetan urrezko domina lortu zuen emakume bat. Urtarrilean jakinarazi zuen 1998. urtean bere federazioko presidenteordeak sexu abusuak egin zizkiola, eta ehunka kirolarik, aktorek eta pertsonaia famatuk egin dute bat harekin. Bai Syrizak, bai Kyriakos Mitsotakis Greziako lehen ministroak babestu egin dute mugimendua, baina orain erantzukizunak eskatu dizkiote Mitsotakisi.

Mugimenduaren erabilera

Lehen ministroak, oraingoz, ez du kargutik kendu Mendoni, baina atzo, parlamentuan, sexu abusuak egiten dituztenei ezarri beharreko zigorrak gogortzearen alde jardun zuen. Me Too mugimendua «berez osasungarria» dela esan zuen, baina haren kideei eskatu zien mugimendua «politikoki ez esplotatzeko», eta Syriza egiten ari den haren erabilera gaitzetsi zuen: «Haiei entzunda, ematen du bortxatzaileak eskuinekoak soilik direla».

Bi neurri berri ere iragarri zituen Mitsotakisek. Batetik, jakinarazi zuen Zigor Kodean erreformak egingo dituztela sexu abusuen kasuei lehentasuna emateko eta zigorrak gogortzeko. Eta, bestetik, iragarri zuen gobernuak webgune bat sortuko duela indarkeria horren biktimek salaketak ezarri eta kexak azal ditzaten. Aurrerantzean, gobernuak haur eta nerabeekin lan egiten duten begiraleen erregistro bat izango du.

Mitsotakisek, gainera, defendatu egin zuen Mendoni, eta haren lana goraipatu zuen; esan zuenez, egin duen oker bakarra Lignadisi «gizon arriskutsu» deitzea izan da.

Abokatuak ezetz dio

Lignadisen abokatuak atzo Al-Jazeerari adierazi zionez, bere bezeroaren aurkako salaketak gezurra dira, eta froga dezakete hori: «Lignadisek ez du sekula ezkutatu bizitza libertinoa duenik, baina ez du inoiz inor bortxatu», azaldu zuen abokatuak.

Horrez gain, esan zuen Lignadis Antzoki Nazionaleko zuzendaritzatik kentzeko baliatu dituztela salaketak: «Orain, gainera, politikoki ere aprobetxatu nahian dabiltza, Kultura ministroa kargugabetzeko». Azkenik, abokatuak jakinarazi zuen Mendoniren aurkako salaketa bat jar dezaketela, Lignadisi «gizon arriskutsu» deitzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.