Loic Chetout. Txirrindulari ohia

«Hanka bat barrenean eta bertze bat kanpoan izan nahi dut»

Chetoutek erretiroa hartu du aurten, Cofidisek kontratua berritu ez eta talderik aurkitu ez duelako. Hala ere, berehala hasi da proiektu anitzetan lanean.

GUILLAUME FAUVEAU.
mikel rodriguez
Miarritze
2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Aurten ez da tropel profesionalean egonen Loic Chetout (Chambery, Frantzia, 1992). Cofidisek ez zion kontratua berritu, eta udazkenean ez zuen lortu bertze talderik aurkitzea. Baionarrak erretiro behartua hartu du, 27 urterekin. 2014ko udan egin zuen debuta, eta Cofidisen egin du ibilbide osoa. Ez du garaipenik palmaresean, baina pozik dago egindako lanarekin.

Erretiroa bat-batekoa izan da. Pentsatu duzu zer egin hemendik aitzinera?

Gauza anitz egiten hasi naiz. Pentsatzen nuen denbora gehiago izanen nuela, atseden hartuko nuela, baina ez da horrela izan, proiektu ugari ditudalako. Telebistan badut proiektu bat, Julien Loubetekin [Euskadi-Muriasko txirrindulari ohiarekin] enpresa bat sortuko dut, bizikleta marka batzuen babesarekin jarraituko dut txirrindularitzan lehiatzen —nahiz eta profesional ez izan—... Gauza asko oraindik ezin ditut erran, baina proiektu anitz ditut.

Ez duzu bizikleta baztertzeko asmorik, beraz.

Bizikleta orain ez da nire pasio nagusia; motorra da lehenbiziko pasioa. Baina bizikletan jarraitu nahi dut, identitate eta irudi bat dudalako eta ez dudalako hori ezabatu nahi, lanerako ere inportantea baita. Eta atsegin dut mundu hori. Atera naizen bezala aterata, ez dut dena egun batetik bertzera moztu nahi; jarraitu nahi dut pixka batean. Hanka bat barrenean eta bertze bat kanpoan izan nahi dut.

Noiz erran zizuten ez zizutela kontratua berrituko?

Frantzian derrigorrezkoa den agiri bat bidali zidaten; urriaren 1a baino lehen jakinarazi behar dizute jarraituko ez baduzu. Paper hori bidali zidaten, eta Whatsappez bertze mezu bat, taldean lauzpabortz toki zeudela errateko, eta lasai egoteko, ikusiko genuela. Baina, ondoren, ez zidaten deus erran urriaren 23ra arte, eta hiru astean dena aldatu zen. Deitu egin zidaten, eta erran zidaten ez nuela jarraituko. Uste nuen dena bikain zihoala; mezuak ere jaso nituen nire lanarengatik zoriontzeko.

Cofidis World Tour mailara igo denean ez dizute berritu kontratua. Taldeak aldaketa handiak egin ditu.

World Tourrarena haien kontu bat da. Gainera, baieztapena azaro bukaera aldera izan zuten.

Izan duzu harremanik talderen batekin?

Euskadi Fundazioarekin aukera izan nuen. Irailean kontratu bat eskaini zidan, baina ezetz erran nion, uste nuelako segurua zela Cofidisen segituko nuela. Baina azkenean ez zen hala izan, eta Euskadik gero ez zuen tokirik, taldea osatuta zuelako.

27 urte bertzerik ez dituzu. Ez zenuen bertze alternatibarik? Txirrindulari batzuk afizionatuetara itzuli ohi dira bertze aukeraren baten bila.

Ez nuen horrela jarraitu nahi. Badakit nire lana egiten, World Tourrean, Vueltan edo Paris-Roubaixen. Nik badakit badudala maila. Gainera, amateurretara jaisten banaiz, profesionaletara pasatu nahi duen gazte baten tokia betetzea bezala izanen da, eta hori ez zait legitimoa iruditzen. Imajinatu Essor Basque irabazten dudala, eta nire gibeletik gelditu dena ez dela profesionaletara pasatuko. Ez diot inori tokia ebatsi nahi.

Nolakoa izan da zure azken denboraldia? Bereziki zaila egin zaizu aitzinekoekin konparatuta?

Aitzineko denboraldiaren bukaeran erran zidaten Christophe Laporteren laguntzailea izanen nintzela. Hagitz lagun ona dut, eta niregatik bikain zegoela erran nien. Hiru lasterketa egin nituen Laporterekin, eta abuztura arte ez nuen bat bera ere gehiago korritu harekin. Lasterketa bakoitzean bertze lider batekin egin behar izan nuen lan: Julien Simonekin, Anthony Perezekin... Eta nik beti egin dut zuzendariak erran didana. Abuztuan hasi nintzen berriz ere Christopherekin korritzen, denboraldi bukaeran. Dena ongi joan zen, lasterketa batzuk irabazi baitzituen. Laportek erran zuen kontent zegoela nire lanarekin, eta talde ona osatzen nuela [Cyril] Lemoinerekin, Perezekin eta horiekin. Horregatik uste nuen dena ongi zihoala.

Cofidisek lider sendoak izan ditu zu egon zaren urteetan: Nacer Bouhanni, Dani Navarro, Herrada anaiak, Laporte bera... Lan egitea egokitu zaizu zuri.

Tira, lehen bi urteetan, proba modura, Frantziako Kopan lehiatu nintzen [hainbat klasikok osatzen duten lehiaketa bat], eta postu onak lortu nituen, lehen hamarretan anitz. Horregatik, uste nuen bi urte horien ondoren langa bat gaindituko nuela eta ardura gehiago emanen zizkidatela. Azkenean, laguntzaile izanen nintzela erran zidaten; ez nuen ezetz erran, ez zihoakidan-eta gaizki. Nire lanari esker bertzeei ongi badihoakie, zergatik ez? Loria eta gauza horiek ez zaizkit inporta. Nik kirol hau egin nahi dut, eta gozatu.

Zuk korritu duzun urteetan Cofidis ez da World Tourreko talde bat izan, baina urtero parte hartu du maila nagusiko lasterketa batzuetan. World Tourreko egutegian parte hartzeko lehia handia al zenuten taldekideen artean?

Presio gehigarri bat zen, bai. Taldeak hor egon nahi zuen, eta guk emaitzak lortu behar genituen, beharrezkoak ziren puntuak irabazteko. Eta hori arazo bat izan da beti. Niri managerrak erran zidan ez nuela punturik; baina, laguntzaile lanean ari banaiz, ezin dut punturik lortu, nahiz eta badirudien haren ustez baietz. Lan egin eta puntuak lortzen baditut, liderra baino hobea naizela erran nahi du. Iaz bai, bereziki igarri zen puntuen presioa, Kontinental mailan lehen postua nahi baitzuen taldeak, World Tourrera pasatzeko.

Espainiako bi Vuelta korritu dituzu, eta biak bukatu dituzu. World Tourreko klasikoetan ere parte hartu duzu, monumentuetako batzuetan barne. Zer-nolako esperientziak izan dira?

Ikaragarria da; hagitz inportantea da txirrindulari baten ibilbidean. Itzuli handi bat korritzeak bide ematen dizu bertze lasterketa bakar batek ere gainditzeko modua ematen ez dizun langa bat gainditzeko. Klasikoak korritzea, berriz, egundokoa da. Paris-Roubaix, Flandria... giroa ikusgarria da. Flandriako ikusleak Euskadikoen antzekoak dira, munduko bi zale multzorik onenak.

Zein da profesionaletako zure oroitzapenik onena?

Argi dut beti: nire lehenbiziko Vueltan azkeneko etapan helmuga gurutzatu nuenean, Madrilen. Sentimendu ikaragarri bat, jende gutxik eduki dezakeena.

Eta txarrena?

Txarrak anitz izan ditut, baina txarrena aldi berean ona da, ongi bukatu zelako azkenean. Stig Broeckxen istorioa da hori [2016an hagitz erorketa larria izan zuen Belgikako Itzulian, eta medikuek erran zuten Chetout laguntzera gelditu zitzaiolako iraun zuela bizirik]. Harrigarria da orain ongi dagoela, eta ia bizitza normala egin dezakeela. Baina, lasterketa batean gertatu bazen ere, nire ibilbidetik aparteko bizipentzat daukat hori. Laguntzera gelditu nintzen, eta kito.

Kontent al zaude txirrindulari gisa izan duzun ibilbidearekin? Baduzu zerbaiten penarik?

Pena bakarra dut ez dudala jarraituko, eta ez dudala aukerarik izanen gehiago erakusteko, badakit-eta gehiago egin dezakedala. Badakit irabazi nezakeela; badakit Frantziako Kopa eta halakoak lehiatu nitzakeela irabazteko, eta ez dut aukerarik izan.

Zure agurreko mezuan aipamen berezia egin zenion Thierry Elissalderi. Zer izan da zuretzat?

Bigarren aita baten modukoa izan da, guti goiti-beheiti. Harekin hasi nintzen bizikletan, harekin ikasi nuen guztia bizikletari buruz, eta orain ere harekin jarraitzen dut, motorraren gibeletik entrenatzen eta halakoetan.

Zein da Elissaldek Ipar Euskal Herriko harrobian egin duen lana?

Lan anitz egin du Iparraldean. Avironen gazteekin lan egin du hamar urtez gutxienean; lasterketa guztietara joan da haurrekin, irakastera, heztera... txirrindularitza irakastera, azken finean. Txirrindulariak seme-alabak balira bezala zaindu ditu. Hala zaindu nau ni, eta lotura estua dugu elkarrekin.

Profesionaletan debutatu duen Ipar Euskal Herriko azken txirrindularia zara. Romain Sicard da tropelean gelditzen den bakarra. Nola ikusten duzu Iparraldeko txirrindularitzaren etorkizuna?

Egia errateko, denbora bada ez diodala erreparatu nola funtzionatzen duen amateurren munduak. Nire mundu profesionalean murgilduta egon naiz. Baina argi dago gauza anitz falta direla haurrak mailaz igo daitezen. Dirua falta da, jendea falta da, denbora falta da... Frantzian ez dugu kultura hori; Espainian anitzez gehiago dute txirrindularitzan eta kirolean gaztetxotatik jarduteko kultura.

Baina Frantzian eta Ipar Euskal Herrian berdina da egoera?

Bai, Frantzian orokorrean. Frantzian eragin handia du familiak. Zure familia kirolaria bada, kirolean inplikatua, aitzinera jarraituko duzu. Baina kirola egin nahi duen bakarra bazara, ez duzu hainbertzeko laguntza izanen. Nik ikusi dudanez bederen, Espainian, zure familia kirolaria ez bada ere, aukera izanen duzu laguntza lortzeko. Hagitz pentsaera ezberdinak dira.

Baina, txirrindularitzari dagokionez, Ipar Euskal Herriak, itxuraz, baldintza ezin hobeak ditu zaletasuna garatzeko: errepide sare aproposa du praktikarako, eta ondoan ditu Hego Euskal Herriko zaletasunaren eragina, eta Frantziarena, kirol horren historiako herrialderik inportanteenarena.

Baina Iparraldean ez da kirol nazional bat. Errugbia, surfa eta pilota dira horiek. Nabarmentzeko bi klub baino ez daude: Aviron Baionan, eta Maule. Horregatik daude lasterketa gutxi. Eta Frantzian ere horrela da; pixkanaka gero eta lasterketa gutxiago daude. Arestian erran dizut: dirua falta da, jendea falta da... Adibide sinple bat paratuko dizut: Espainian lasterketa bat egiten duzunean, Polizia doan etorri ohi da, errepidea ixten da, gidariak autotik jaisten dira eta lasterketa animatzen dute; Frantzian, ordea, Polizia ordaindu egin behar da, borondate gutxi dago, eta jendeak errepidea moztuta ikusten badu haserretu egiten da.

Arestian kontatu duzu Euskadi Fundazioaren eskaintza bat izan zenuela irailean. Fundazioa eta mugaz hegoaldeko elkarteak lagungarri izan daitezke Iparraldean txirrindularitza garatzeko?

Bai, noski. Baina horretarako detektatzeko jendea behar da; hau da, fundazioak jendea behar du Frantziara lasterketak ikustera eta jendearekin solas egitera joanen dena. Thierryk lehenago hagitz ongi egiten zuen hori. Harremana zuen [Miguel] Madariagarekin, eta han inguruko jendearekin, eta horregatik [Pierre] Cazaux Euskaltelera joan zen, Romain Orbeara eta Euskaltelera, eta ni Fundaziora. Baina orain ez dakit ba ote dagoen lotura lan hori egiten duen inor.

Amateurra zinenean egon zinen Euskadi Fundazioan.

Bai, Naturgasen [23 urtez azpikoen taldean].

Zer moduzko esperientzia izan zen?

Goi-mailakoa. Jende pila bat ezagutu nuen, eta hagitz ona izan zen niretzat. Batzuk aipatzearren: Aritz Arberas —Astanan prestatzaile ari zen orain arte, eta Bahrainek fitxatu du—, Carlos Barbero —Dimension Datarekin fitxatu du Movistarretik—, Omar Fraile —Bilbao Segurosen korritzen zuenean lasterketak egin genituen elkarrekin, eta gero topo egin genuen profesionaletan—... Fundazioan denbora izan nuen ikasteko. Lehen urtean erran zidaten lider batentzat lan egitea egokituko zitzaidala, emaitzei begiratu gabe. Hobea izanda ere ez zuen inporta, «lan egin». Eta urtez urte gero eta aukera gehiago eman zizkidaten. Horrela, aukera izan nuen txirrindularitza oinarritik ikasteko. Frantzian kontrakoa da; gazteen mailan ona bazara, amateurretara pasatu eta emaitzak berehala lortu behar dituzu. Hori lortu ezean, ahantzi egiten zaituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.