Dena prest Hatortxu Rock jaialdirako

11 talde arituko dira Atarrabiako (Nafarroa) Entrecementerios gunean, bihar. Bertan emango du Vendettak azken kontzertua, gaur

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2018ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Hatortxu Rock jaialdia egingo dute bihar Atarrabian (Nafarroa), Entrecementerios gunean, Urak eginen du bide lelopean. 16:00etan irekiko dituzte ateak, eta ordu erdi geroago hasiko du emanaldia lehen taldeak: McOnak-ek. Urtebetetik gora egin dute geldirik, eta, tarte horretan, taldean aldaketa batzuk egin, eta disko bat grabatu dute: Gure naufragioak. Hatortxun aurkeztuko dituzte lan horretako kantak.

Segidan etorriko dira Kaleko urdangak (17:35), Belako (18:40),Mafalda (19:55), Des-Kontrol (21:30), The Baboon Show (22:45), Non Servium (00:00), Talco (01:15), Auxili (02:30), Zartako-K (03:45) eta Iruñerria Jamaica Clash (05:00). 11 talde, guztira: Euskal Herrikoak sei; Herrialde Katalanetakoak Mafalda eta Auxili; Espainiakoa Non Servium; Italiakoa Talco; eta Suediakoa The Baboon Show. Musika estilo asko bildu dituzte egitarauan: ska, rock, indie, post-punk...

1999an sortu zuten Hatortxu Rock jaialdia, euskal presoek, iheslariek eta deportatuek bizi duten egoera salatzeko, eta sakabanaketa sufritzen duten presoen senide eta lagunei laguntza ekonomikoa emateko. Hemeretzi urteren ostean, berdin jarraitzen dute bi xedeek, jaialdiko antolakuntzako Aitor Agirrezabalek duela egun batzuk nabarmendu zuenez: «Euskal Herrian tresna asko ditugu preso politikoen eskubideen defentsan lan egiteko, eta Hatortxu Rock beste bat da: festa giroan eta musikaren bitartez, etxean behar eta nahi ditugula aldarrikatzeko modu bat da».

700 bat boluntario arituko dira lanean jaialdia behar bezala egin dadin, eta hilaren 14an amaitu ziren biharko sarrerak.

Vendettaren agurra, gaur

Hamar urteko ibilbidea egin ondoren, Zartako-K taldeak azken kontzertua emango du bihar Hatortxun. Bezperan, beste talde batek esango die agur oholtzei Atarrabiako Entrecementerios gunean: Vendettak. 20:00etan da hastekoa gaurko kontzertu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.