Albistea entzun

Zirrikitu bat memoriaren izurren artean

Veronica Domingoren grabatuak biltzen dituen 'Hamahiru arrosak' erakusketa jarri dute Arteztu galerian. 1939. urteko gertaera bat du hizpide
Veronica Domingo artista, <em>Hamahiru arrosak</em> erakusketan, Donostian.
Veronica Domingo artista, Hamahiru arrosak erakusketan, Donostian. GOTZON ARANBURU / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Nagore Arin -

2019ko abenduak 27 - Donostia

Madril. 1939. urtea. Abuztuak 5. Espainiako memoria historikoaren egutegian kolore gorriz marrazturiko egun horietako bat da: 36ko gerraren ondoren, erregimen frankistak hamahiru emakume hil zituen, fusilatuta. 18 eta 29 urte bitartean zituzten, eta horietatik erdiak JSU Espainiako Gazteria Sozialista Bateratuak erakundeko kideak ziren. Oihartzun handia izan zuen jazoera hark, eta, gerora, Hamahiru Arrosak izenez deitu zieten fusilatutako emakume haiei. Ordutik, hamaika egitasmo eta proiektu egin dituzte gertakaria oroitzeko. Donostian, esaterako, Hamahiru arrosak izeneko erakusketa bat jarri dute, Arteztu arte galerian. Veronica Domingo (Bilbo, 1989) artistak eginiko lanak biltzen ditu erakusketak, eta otsailaren 18ra bitartean egongo da ikusgai.

«Istorio horren harira hainbat lan egin dira, hala kantuak nola filmak eta liburuak, baina nik ez nuen aldarrikapen plastikorik edo bisualik aurkitzen. Istorio hori irudietara iraultzea erabaki nuen», adierazi du Domingok. Erakusketaren izena Hamahiru arrosak den arren, ez da arrosarik ageri galeriaren hormetan. Hain justu, beste ikuspegi bat landu nahi izan duelako. Arrosetatik urrun. «Erakusketaren ideia edo helburua hamahiru arrosa horiek zerraldoen estalki gisa irudikatzea izan da, eta irudi horiek grabatuan eginda daude». Sortzaileak nabarmendu duenez, zerraldo estalkien baliabideak beldurraren ideia biltzen du. Erantsi duenez, fusilatu ondoren hobi komunetan jartzen zituzten hilotz guztiak; zenbait kasutan, ordea, egurrezko hilkutxetan: «Hamahiru emakume horien kasuan, hilkutxa txikitan sartu zituzten».

Komunikatzea helburu

Erakusketan bildutako piezak 2018. urtean zehar eginda daude, eta, artistaren arabera, «gertaera lazgarri horren oroigarri dira». Hamahiru arrosa horiek modu bateratu batean irudikatzea izan da Domingoren asmoa, baina, aldi berean, «independenteki» gorpuztu nahi izan ditu, «inongo menpekotasunik gabe». Kontatu duenez, mokurito teknika erabili du: «Egurraren gainean eginiko litografia da». Bestalde, silografia ere jorratu duela esplikatu du, eta horren bitartez keinuak lantzea eta irudi figuratibo anitz nahastea lortu duela, «eta atmosfera apur bat abstraktuagoa lortu».

Erakusketako pieza guztiak zuri-beltzean eginik daude, eta egurra dute mihise. Domingoren aburuz, material umila eta xaloa da egurra, eta «transmititu nahi den ideiara eta garai horretara gerturatzeko balio du». Trazuari dagokionez, «oso oldarkorra» iruditzen zaiola nabarmendu du, baina baita «erakargarria ere». Detaile horiekin eta matrizearen zerraldo itxurarekin, «ikusleari gogoeta egiteko bide ematea» du helburu: «Komunikatzea». Iker Antia galeristaren arabera, beharrezkoa da memoria ariketa hori egitea: «Gertaera lazgarria da, baina ez da inolaz ere ahaztu behar». Bat dator Domingo ere: «Istorio honetan kontatzen dena ez da gaur egun gertatzen gure inguruan, baina herrialde askotan eguneroko kontuak dira. Kontzientziatzea nahiko nuke, erakusketa ikustera etortzen direnek jakin dezaten hau gertatu izan dela eta gertatzen ari dela».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Sorkuntza jada ez da nire munduaren zilborra»

Aitor Biain

Ez du diskorik egin plazan egoteko; plazan dago jada. Baina '#itsasoadabidebakarra' bere bakarkako lehen diskoa kaleratu du, pertsonala bezain kolektiboa den lana. Azken urteetako bizipenetatik abiatuta ondu du, eremu abisaletik ur azalera ateratzeko bidea oinarri hartuta, eta Kubatik joan-etorria egin duten kantuekin.
Gaur egungo musikariez inguratu da John Cale <em>Mercy</em> disko berria ontzeko. ©MADELINE MCMANUS

Erortzen ari den munduaz

Mikel Lizarralde

81 urte betetzear dela, John Calek segitzen du pauso bat aurretik, 'Mercy' bere azken diskoak erakusten duenez. Klasizismoaren eta abangoardiaren artean beti.

 ©ANE GARCIA

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...