Albistea entzun

Gerra, ihesa eta beste barne bidaia batzuk

Gaito Gazdanov idazlearen 'Alexander Wolfen mamua' eleberria errusieratik euskarara ekarri du Josu Zabaleta itzultzaileak, eta Igela argitaletxeak plazaratu du. Egileak bere bizipenak hartu zituen oinarri istorioa eraikitzeko
Gaito Gazdanov idazle errusiarra, artxiboko argazki batean.
Gaito Gazdanov idazle errusiarra, artxiboko argazki batean. IGELA ARGITALETXEA Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2023ko apirilak 13 - Donostia

Nerabezaroan Armada Zuriarekin borrokatu zen Krimean; Galipoliko esparru batetik ihes egin, eta Istanbulera jo zuen gero; Bulgariara egin zuen handik; eta, Parisko erbestean, erresistentziako kide izan zen Bigarren Mundu Gerran, denetariko lanbideetan aritzeaz bat. Bizipen horien arrastoa nabaria da haren obran, batez ere protagonisten barne gogoetetan, sarri hartu baitzituen oinarri fikziorako. Gaur egun errusiar literaturako klasikoen artean aipatzen badute ere, berandu iritsi zitzaion aitortza Gaito Gazdanovi (San Petersburgo, Errusia, 1903-Munich, Alemania, 1971). Bederatzi eleberri —eta amaitu gabeko beste bat— idatzi zituen, baita ipuin ugari ere. Eta aurrenekoz, haren nobela bat euskaraz irakur daiteke orain: Alexander Wolfen mamua errusieratik itzuli du Josu Zabaletak; Iñigo Aranbarrik gehitu dio gibelsolasa, eta Igela argitaletxeak plazaratu berri du lana.

Liburua definitzen zaila da, Lander Majuelo Igelako editorearen ustez. «Haren bizitzako gertakari batzuetan girotutako thriller bat da». Istorio nahiko soila kontatzen duela azaldu du: Parisen bizi den migrante errusiar batek bere bizitzako gertakari latz bat topatuko du, zehatz-mehatz, narrazio liburu batean; Errusiako gerra zibilean aurkari bat tiroz hil zuenekoa, hain zuzen. Ezinezkoa da hura bizirik egotea, baina istorioaren egilea dela dirudi; hala, Alexander Wolf idazlearen bila hasiko da protagonista. «Gizon horren bilaketa bat da liburua. Baina, aldi berean, errusiarra denez, ez da thriller hutsa; oso psikologikoa da, kasik existentzialista. Bere buruari galdera asko egiten dizkio zoriaz, maitasunaz...».

Zabaletaren ustez, bost minutu aski dira liburuko gertakari nagusiak azaltzeko; ez baita hori liburuaren funtsa. «Oso detaile historiko, geografiko gutxi dago. Zergatik? Hemen gertatzen dena barruan gertatzen da, buruan, eta hori deskribatzen du. Bestelako elementuak anekdotikoak dira». Barruan gertatzen den hori protagonistaren gogoetak dira, bizitzaren zentzuaz egiten dituen galderak, esperantzak, etsipenak. Eta itzultzaileak ohartarazi du pertsonaien gogoeten inguruko nobela bat egitea berria zela garaiko errusiar literaturan. «Hori Dostoievskik ere ez du egiten, askoz ere objektiboagoa da, eta Tolstoi zer esanik ez; Nabokovek ere ez du hori egiten. Hau berria da errusiar literaturan, eta berak inauguratu zuen. Eta zergatik du berritasun hori? Europar literatura guztian barnera sartze hori gertatzen delako». Horretan, bizi esperientziek idazleari asko ematen diotela iritzi dio, haren lan guztietan ageri baitira. «Bere bizitzatik ateratako gauza asko daude bere obran».

Gazdanoven idazkera ere goretsi du Zabaletak, eta hala laburbildu du euskaratu duen nobelakoa: «Dostoievskiren pertsonaia batzuk hartu, haren buruan sartu, eta Tolstoik bere deskribapenetan erabiltzen duen zehaztasunez eta errusieraren aberastasunaz idatzitako liburu bat da hau».

Bizitzaren markak

Gazdanov oraindik ere «nahiko idazle ezezaguna» dela iritzi diote editoreak eta itzultzaileak. Eta bizitza bizia izan zuela gogorarazi. San Petersburgon jaio bazen ere, osetiar jatorrikoak zituen gurasoak; haurra zela aita eta arrebak galdu, eta amarekin eman zituen hurrengo urteak, Siberian eta Ukrainan. 15 urte baino ez zituen Errusiako Iraultzaren osteko gerra zibilean murgildu zenean, zurien bandoan boluntario aurkeztuta. Krimeatik Galipolira, handik Istanbulera, ondotik Bulgariara ikasketak amaitzera, eta azkenik Parisko erbestera jo zuen, garaiko beste hamarnaka milaka errusiarrek bezala. Zabaleta: «Preso eremuetan egoteak, ihesak, gerrak, gerretan ezagututako hilketek, goseteek eta gainontzeko denak, horrek markatu zuten erabat. Eta marka hori gero bere liburu askotan agertzen da».

Parisen, kalean bizi izan zen lehen urteetan, eta mota guztietako lanetan aritu zen: Senan zamaketari, tren garbitzaile, auto fabrika bateko langile, argitaletxe bateko idazkari, eta, bereziki, gaueko taxilari; 25 urtez, taxia gidatu zuen gauero. Horrek aukera eman zion egunez Sorbonan ikasteko, baita idazteko ere. Eta tartean, ezkondu egin zen, nazien aurkako erresistentzian aritu zen, eta masoien logia bateko kide ere izan zen. Kazetari ere ibili zen geroago, Radio Libertyn; Paris eta Munich artean bizi izan zen garai hartan.

Beti mugitu izan zen migrante errusiarren zirkuluetan: kultur mugimendu handia izaten zuten, eta laster lortu zuen sona idazle gisa haietan, Zabaletak zehaztu duenez. Ez harago, ordea. Majueloren hitzetan, «bere tamainako errekonozimendurik» ez zuen jaso, harik eta perestroikaren ostean, 1990eko hamarkadan, bere liburuak berriro publikatzen eta zabaltzen hasi ziren arte; bereziki Frantzian, Italian eta AEBetan.

Nahiz eta hizkuntza gehiago zekizkien, errusieraz idatzi zuen beti. Orain, lehen aldiz, euskaraz ere mintzo da Gazdanov.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Bertsoari gehien eskertzen diodana harreman horiek dira»

Iñaki Etxeleku, Ipar Euskal Herriko Hitza

Euskal Herriko Eskolarteko Bertso Txapelketa irabazi zuen bigarren aldikoz Aizpurua Ibargaraik, larunbatean. Aste bat lehenago, Ipar Euskal Herrikoa irabazi zuen. Gaur, Errenterian ariko da; bihar, Larresoron.

Herritarren mezu guztiak binilo batean eta MP3 batean jaso dituzte, eta kapsulan sartu, postalekin eta bi sortzaileen <em>selfie</em> batekin. ©ANDRES ETA MANOLO

Geroari orainalditik hizketan

Ainhoa Sarasola

'Ostempo Nuna' proiektuan, Imanol Espinazok eta Ander Fernandezek denborazko soinu kapsula batean bildu dituzte jendearen mezuak. Bidasoko uretan sartuko dute, bihar

Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsolariak, atzo, Iruñeko Laba aretoan. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Mozorroak gardenak zaizkie

Uxue Rey Gorraiz

Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsoaren eta fikzioaren mugez solastatu dira Iruñeko Laba aretoan antolaturiko mahai inguruan, Kalakak literatur zikloaren parte. Besteak beste, bertsolariek sakon gogoetatu dute sinesgarritasunaz. Dudak azaldu dituzte «azal batzuetatik» kantatzeko zilegitasunari buruz.

 ©JON URBE / @FOKU

«Orkestrak etxean egin duen lanaren ondorio da nazioartean egindako bira»

Miren Mujika Telleria

Arrakastatsua izan da Euskadiko Orkestraren 2022-2023ko denboraldia, eta halakoa izan dadin prestatu dute datorrena ere, sona handiko zuzendari eta musikariak izango baitituzte lagun.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...