Pausa bat etenik gabeko munduan

Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiak 22 artistaren lanak erakutsiko ditu ekainaren 1etik 25era. Maria Ptqk aritu da komisario lanetan

Getxophoto jaialdiaren antolatzaileak, atzo, aurtengo jaialdiko kartelekin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
Getxo
2023ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
«Ziztu bizian doan mundu honetan, bada garaia geldialdi bat egiteko». Jokin Aspuru zuzendariaren esaldi horrek laburbiltzen du Getxophoto Nazioarteko Irudi Jaialdiaren aurtengo espiritua. Etena! lelopean, ekainaren 1etik 25era bitarte egingo dute festibalaren hamazazpigarren aldia, Algortan (Bizkaia), eta atseden hartzearen «potentzial politikoaz» hausnartzea izango da asmoa. Irudien bitartez, betiere. Munduko hamaika txokotako 22 artistaren proiektuak egongo dira ikusgai.

Maria Ptqk komisarioak egin ditu zuzendari artistikoaren lanak, eta, azaldu duenez, «gelditzeko» deia egitea da asmoa: «Erritmoa apaltzera, moteltzera, 'ezin dut' esatera, 'ez dut nahi' esatera gonbidatu nahi zaituztegu, eten bat egitera». Ikerketa Artistikoko doktorea, Zuzenbideko lizentziaduna eta Zientzia Ekonomikoetako graduduna da Ptqk, eta artearen, teknozientziaren eta feminismoen arteko elkarguneetan egiten du lan. Datozen hiru urteetan Getxophoto jaialdiaren komisario ere izango da.

Guztira, 24 erakusketa prestatu dituzte, eta aire zabalean izango dira horietako gehienak. Algortako merkatua izango da informazio gunea; baita zenbait erakusketaren kokalekua ere. Dena den, udalerriko hainbat txokotan banatuta egongo da jaialdia. Besteak beste, Algortako erdigunean, Ereagako hondartzaren inguruan, Itzubaltzetako kultur etxean eta Punta Begoñako galerien eraikinean. Halaber, Ereagako igogailua izango da berrikuntza nagusietako bat: Stephen Gill artistaren instalazio bat egongo da bertan ikusgai.

Irudi bildumetako askok «mezu ekologista sakona» dutela nabarmendu du komisarioak. Horren erakusgarri izango dira Mitsutoshi Hanaga argazkilari japoniarraren lanak, Lucas Bambozzi artista brasildarrarenak, Stephen Gill argazkilari britainiarrarenak edota M'hammed Kilito argazkilari marokoarrarenak. Carles Murillo jaialdiko diseinatzaile grafikoak, berriz, «erakusketa berezi bat» prestatu du: «Etetea aldarrikatzen duten 33 kartelen bitartez, instalazio bat jarriko dugu ikusgai». Nazioarteko artistez gainera, euskal artistak ere egongo dira. Tartean, Maider Jimenez, Miguel Leatxe eta Susana Blasco.

Bestelako proposamenak

Aurten omenaldi berezia egingo diote Algortako Gwendolyne diskotekari; zabalik jarraituko balu mende erdia beteko bailuke aurten. «Bertako bezeroek utzitako artxiboko materialekin eta irudiekin osatu dugu erakusketa. Gainera, irudi horietako zortzirekin, edalontzi azpikoen bilduma esklusibo bat egingo dugu», azaldu du Aspuruk. Algortako kasinoan ikusi ahal izango da bilduma hori.

Bestalde, Etena! leloari keinu eginez, Pausometroa tresna jarriko dute martxan. «Fotomatoi moduko bat da: pertsona batek gelditzeko duen beharra neurtzen du, hark egindako oihuaren dezibelioetan oinarrituta», aurreratu du komisarioak. Behar den bolumenera iristeko orduan aterako du argazkia gailu horrek.

Argazkia oinarritzat daukan festibala izanik, herritarrei eragiten dieten interes orokorreko gaien inguruko «elkarrizketa» bat ere proposatuko diote gizarteari, askotariko euskarrien bidez.

«Ikusizko kultura sarean ere badago», eta, horrenbestez, digitalki bakarrik ikus daitezkeen edukiak ere prestatu dituzte: Getxophoto kanala eskuragarri egongo da beste urte batez Filmin plataforman. Girls from Today fanzinearen argazkilari eta editore Andrea Savall arduratuko da filmen zerrenda aukeratzeaz.

Aurreko aldietan egin legez, bisita gidatuak ere antolatu dituzte ekaineko asteburuetarako. Artistek bertatik bertara azalduko dizkiete beren lanak bisitariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.