Albistea entzun

Haushoferren 'Horma' obra euskaratu dute

Erein argitaletxeak kaleratu du lana, eta Naroa Zubillagak itzuli du. Feminismoaren eta ekologiaren inguruan hausnartzen du liburuak
Uxue Razkin Erein argitaletxeko editorea eta Naroa Zubillaga <em>Horma</em> liburuaren itzultzailea.
Uxue Razkin Erein argitaletxeko editorea eta Naroa Zubillaga Horma liburuaren itzultzailea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iraia Vieira Gil -

2023ko ekainak 17

1963. urtean idatzi zuen Marlen Haushofer idazleak (Frauenstein, Alemania, 1920 Viena, 1970) Die Wand liburua, eta aurten euskaratu du, lehen aldiz, Erein argitaletxeak. Emakume baten pentsamenduetatik abiatuta, feminismoaren eta ekologiaren inguruan hausnarketa sakona egiten du obrak. Idatzi zuen hirugarren obra da, eta horri esker egin zen ezagun idazle moduan. Ordea, hil eta gero jaso zuen Haushoferrek literatura arloan behar bezalako aitortza. Naroa Zubillagak euskaratu du lana; orain arte euskaraz argitaratu duten autorearen liburu bakarra da.

Haushoferrek berak azaldu zuenez, «txosten bat» da Horma. Ohiko liburuen egiturarekin konparatuta, hain zuzen, nahiko itxura «berezia» du obra horrek: ez du ez atalik, ezta elkarrizketarik ere. «Eguneroko baten itxura izan dezake, testu guztia segidan idatzita dagoelako, baina ez da. Barne begirada bat da», esan du Zubillagak. Zientzia fikziozko eleberri gisa ere klasifikatu izan dute Horma, distopia batean oinarrituta dagoelako eta horma ikusezin batek protagonista inguratzen duelako. Baina ez da hori ere. «Hori guztia aitzakia bat da, protagonistaren barne gatazketara bidaia egiteko, eta emakume moduan nola berrasmatzen den erakusteko».

Istorioa non eta noiz gertatzen den ez du zehazten autoreak, baina Alpeetan gertatzen dela ematen du aditzera. 40 urteko emakume bat da protagonista; bi alaba ditu, eta mendira doa oporretan senarrarekin eta senideekin. «Zeozer gertatzen da, eta mendian atrapatuta gelditzen da emakumea bakarrik, horma ikusezin batek inguratuta». Kontakizunak aurrera egin ahala, hormak garrantzia galdu, eta naturak hartzen du esanahi berezia. «Liburua editoreari bidali zionean, Haushoferrek zera esan zion: 'Ez zaizu gustatuko, katu baten istorioa da'». Katu eme batek baitu gainerako animaliek ez duten sinbolismoa.

Bukaera da, ordea, Zubillagari gehien gustatzen zaion zatia liburuan. «Bele zuri batekin bukatzen da istorioa. Taldeak bakarrik nola uzten duen kontatzen du idazleak». Itzultzailearen arabera, modu horretan beste ardura bat hartzen du Haushoferrek, eta bizitzaren zikloak aurrera egiten duela erakusten du. «Azken lerro horiek oso politak eta hunkigarriak dira». Ez du spoiler gehiagorik egin nahi izan; kontran, liburua irakurtzera gonbidatu du publikoa.

'Horma', zergatik?

COVID-19aren ondoriozko itxialdian irakurri zuen Uxue Razkin Erein argitaletxeko editoreak Horma, eta berehala sentitu zen identifikatuta liburuko protagonistarekin. «Emakumea Alpeetan geratzen da, bakarrik; horrek badu bere paralelismoa». Protagonistak berak bilatu behar ditu bizirauteko erak, eta batzuetan naturaren alde gordinekin egiten du topo. Adibide batzuk aipatu ditu Zubillagak: «Gaixotasunak, heriotza... Bizitzaren inguruan hausnartzeko bidea irekitzen diote». Horrek bultzatzen du, agian, emakume bezala berrasmatzera.

1960ko hamarkadan idatzi zuen Haushoferrek liburua, baina gaur egun ere baliagarriak diren pentsamenduak azalarazten ditu, itzultzailearen ustez. «Ez du egiten garaiko politikaren erreferentzia argirik, ordea», azaldu du Zubillagak. Emakumea inguratzen duen horma ikusezina izan daiteke garaiko egoerarekiko erreferentzia bakarra: «Gerra Hotzean horma ikusezin batek banatzen zituen AEBak eta Sobietar Batasuna».

Leire Urbeltzek diseinatu du liburuaren azala, eta, Razkinek aitortu duenez, hasieratik zuten argi berak egin behar zuela: «Nik ere horrela imajinatzen nuen azala, indartsua, kolore biziekin».

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiko zuzendaria, atzo iluntzean, 71. Zinemaldiko hasierako galan, Audience musika taldea atzean duela. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Animaziozko aldi baten hasiera

Miren Mujika Telleria

Animaziozko zineman ardaztu dute Donostiako 71. Zinemaldiaren hasierako gala. Hayao Miyazakik jaso du Donostia saria, eta zinegileak bideo bidez bidali ditu hura eman izanaren esker on hitzak

<em>Kimitachi wa Do ikiruka / The Boy and the Heron</em> filmaren irudi bat; lan horrek inauguratu du Donostiako 71. Zinemaldia, lehiaz kanpo. ©DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Miyazakiren irudizko munduekin hasi dira Sail Ofizialeko emanaldiak

Ainhoa Sarasola

'The Boy and the Heron' animaziozko filmak inauguratu du Donostiako 71. Zinemaldia. Lehiatik kanpo eman dute zinemagile japoniarraren azken lana. Donostia saria hari eman dio jaialdiak

 ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Eguneroko gaiak lantzen dituen pelikula familiar bat da»

Jone Bastida Alzuru

Euskal Herri post-apokaliptiko batean kokatu du Vallmajorrek bere lehen film luzea: 'Misión a Marte'. Kamera analogikoarekin filmatu du, eta zuri-beltzean. Besteak beste, heriotzaz aritu da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.