Ilara handirik gabe hasi da BBK Live

Liam Gallagher izan da aurreneko eguneko izar nagusia. The Strokes talde estatubatuarra eta Rosalia kataluniarra ariko dira gaur

Belatz taldea izan zen atzo Kobetamendin jo zuen lehen taldeetako bat. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Iñaki Lasa Etura.
Bilbo
2019ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Urteekin jaialdi erraldoia bilakatu da Bilboko BBK Live, eta horren isla dira aurtengo ekitaldirako antolatzaileek dituzten aurreikuspenak. 110.000 lagun bildu nahi dituzte hiru egunez Kobetamendin. Atzoko eguna, jaialdiko lehenengoa, ordea, lasai hasi zen, aurreko urte batzuetan izan diren ilara luzerik gabe, eta poliki-poliki joan zen jendea sartuz kontzertuen eremura.

Artean Kobetamendin jende gutxi zegoela hasi zen jaialdia, 17:00etan, Ketioven house doinu goxoekin. Hainbat euskal artistak ere arratsaldeko lehen orduan jo zuten —Sua, EraBatera, Belatz—, bai eta Derby Motoreta's Burrito Cachimba talde espainiarrak ere; horrek Agertoki Nagusian. Energia handia erakutsi zuen taldeak, eta bertaratutako zaleek ederki gozatu zuten, baina Kobetamendin ordu horretan zebilen jende gehiena eguzkitik ihesi zebilen, bero handia ez egin arrenitzaletan erosoago egoten baitzen. Agian horregatik, Basoa oholtzaren inguruan pilatzen zen beste agertokietan baino jende gehiago.

Gauean zetozen artista nagusiak, eta horien artean Liam Gallagherrek piztu zuen arreta handien atzo. Baziren 17:00etarako Agertoki Nagusiko lehen lerroan lekua hartu zuten jarraitzaileak; Oasisen elastikoak, ordea, ez ziren asko arratsaldeko lehen orduetan. Gallagherren aurretik Vetusta Morla talde espainiarrak hartu zuen Agertoki Nagusia, eta beste oholtzetan, berriz, besteak beste, Sleaford Mods eta Thom Yorke Tomorrow's Modern Boxes aritu ziren.

Rosalia eta The Strokes

Gaur ere arratsaldeko lehen orduetan hasiko dira kontzertuak Kobetamendin. Olatz Salvador musikaria izango da oholtzaratzenlehenengoetakoa (17:30), eta jarraian, besteak beste, Oso Leone, Antifan, Mourn eta Second ariko dira. Iluntzen hasi baino lehen (20:50), Anari igoko da Txiki agertokira, eta ordubete geroago, Idles Bestean oholtzara.

Agertoki horretan bertan joko du Suede taldeak 00:10ean. 2013an itzuli zenetik, Brett Andersonen taldeak hiru disko argitaratu ditu; horien artean azkena iaz: The Blue Hour.

Agertoki Nagusian, berriz, gaueko bi izar nagusiak ariko dira. Lehendabizi, 23:00etan, Rosaliaren txanda izango da. Kantari kataluniarraren eskutik poparen, flamenkoaren eta musika urbanoaren arteko nahasketa entzungo da Kobetamendin. Goizaldeko ordu bat eta erdiak pasatuak direla hasiko da jotzen, berriz, jaialdiko beste izenik handienetako bat, The Strokes. 2001ean Is This It diskoarekin estreinatu zenetik, rock alternatiboa, garagea eta popa uztartu ditu New Yorkeko taldeak, eta azkeneko diskoa, Comedown Machine duela sei urte kaleratu bazuen ere, erreferente da oraindik du musikazale askorentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.