Kartzelan sortutakoak argitaratzea

Hodei Ijurkoren poemarioa, Ibon Muñoaren bertso liburu bat, eta Joseba Erostegiren ipuin bat kaleratu ditu Ataramiñe argitaletxeak
Hodei Ijurko idazlea (erdian), Mitxel Sarasketa eta Oier Gonzalez Ataramiñe argitaletxeko kideekin.
Hodei Ijurko idazlea (erdian), Mitxel Sarasketa eta Oier Gonzalez Ataramiñe argitaletxeko kideekin. L. JAUREGIALTZO / FOKU

Iñigo Astiz -

2019ko azaroak 29
«Suizidioan/ askotan/ pentsatzen/ dut,/ baina/ berehala/ pentsamenduak/ bere/ buruaz/ beste/ egiten/ du». Basatza poema bildumaren kontrazalera eraman du testu hori Hodei Ijurko Irotz idazleak (Iruñea, 1986), eta balio du liburu osoa nondik jaiotzen den ulertu, eta nora heldu nahi duen esplikatzeko: kartzelaren estutasunetik abiatuta bizitzaren alde lerratzea izan baita egilearen asmoa. Hamar urte eman ditu preso Ijurkok, eta azken bi urtetan aritu da poemak idazten, egunero-egunero, harik eta, haren hitzetan, «egunkari olerkitu bat» osatzera heldu zen arte. «Burua lepo gainean mantentzen lagundu zidan», aitortzen du liburuaren hitzaurrean. 2018ko irailaren 20an atera zen kalera, eta ia 800 poema zeramatzan maleta batekin azaldu zitzaien Ataramiñe argitaletxeko kideei. Guztiak plazaratzea ezinezkoa zela adostuta, hautaketa bat egin eta orain eman dute argitara, eta Durangoko Azokan jarriko duten erakusmahaian egongo da eskuragarri.

«Argitaletxe atipikoa gara», aitortu du Oier Gonzalez Ataramiñeko kideak, eta azaldu du zergatik ere: «Desagertzeko bokazioz sortu ginen, eta euskal preso politikorik espetxean geratzen ez denean amaituko da gure ibilbidea». 2001. urtean jarri zuten abian proiektua, eta geroztik urtero eman dituzte argitara euskal presoen lanak: poemak, narrazioak, saiakerak, komikiak eta baita marrazkiak ere. «Presoen kolektiboaren historia afektibo oso bat». Eta aurtengoan, Ijurkoren poesiarekin batera, Ibon Muñoa Arizmendiarrieta presoaren Gure memoria, gure historia bertso bilduma eta Joseba Erostegi Bidagurenen Amonaren ipuin magikoa narrazio ilustratua emango dituzte argitara.

Guztira, hemeretzi urte daramatza preso Muñoa Arizmendiarrietak, eta Ataramiñerekin ateratzen duen seigarren liburua du aurtengoa. 2011n argitaratu zuen Ametsen txokoan bizi naiz lana, eta, ordukoan bezala, oraingoan ere bertso errimatuak eta bertso libreak biltzen ditu Gure memoria, gure historia lanak. Elkarren jarraipentzat har daitezke argitalpenez argitalpenerako testuak, eta hala ordenatu dituzte argitaletxeko arduradunek ere. Horregatik darama liburuko lehen poemak, adibidez, 722 zenbakia. «Idaztea Ibonentzat [Muñoarentzat] da zentzu handiko jarduera bat», esan du Mitxel Sarasketa Ataramiñe argitaletxeko arduradunak.

Sorkuntza ere mugatzen du kartzelak, argitaletxeko arduradunek azaldu dutenez, eta, horregatik, idazten dabilen presoaren borondateaz gainera, ezinbesteko bilakatzen da haren inguruko senide eta lagunen kolaborazioa. Eta, hain zuzen ere, Lore Erostegi ilobarekin elkarlanean sortu du Amonaren ipuin magikoak liburu irudiduna Joseba Erostegi Bidaguren Eltzikorta-k. Bidaia baten kontakizuna. «Bidaia bat planteatzen digu, bidaiatzea zeharo mugatuta dagoen espazio batetik», laburtu du Gonzalezek.

Ziegatik kaleratutakoak

Bidegurutzean dago argitaletxea oraintxe, Gonzalezek eta Sarasketak esan dutenez, eta hausnarketa sasoia abiatu dutela aurreratu dute arduradunek. Urteekin aldatuz joan da kolektiboa, eta egungo egoerara ahalik eta ongiena egokitu nahi dute argitaletxea. Iazko urtera arte, adibidez, hainbat presoren lan indibidualekin batera, urtero argitaratu dute hainbat presoren lanak biltzen zituen lan kolektiboa, baina aurten ere ez dute bilduma kaleratzerik lortu.

Ekitaldi bat ere antolatu dute abenduaren 7rako, Durangon. Azokako larunbatean, benetako ziega baten neurri bera duen ziega bat jarriko dute Plateruenaren aurreko plazan, eta poesia emanaldia egingo dute bertatik. 12:30ean izango da hori, baina saioaren ondoren, mikrofonoa hartzeko aukera emango diote ziegan sartu eta bertatik zerbait irakurri nahi duen jende guztiari.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna