Bat-bateko lau gutizia, «lasai entzuteko»

Micek bigarren bakarkako lana kaleratu du. Lau kantarekin osatu du 'Zilar Printzak' EPa, eta abendurako kontzertuak iragarri ditu
Miren Narbaiza, atzo, bere bigarren bakarkako lanaren aurkezpenean, Gasteizen.
Miren Narbaiza, atzo, bere bigarren bakarkako lanaren aurkezpenean, Gasteizen. RAUL BOGAJO /FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Satrustegi -

2019ko abenduak 13
Napoka Hiria taldea utzi, eta 2017tik Mice izenarekin dabil bakarlari modura Miren Narbaiza (Eibar, Gipuzkoa, 1986). 2017an kaleratu zuen bere lehendabiziko lan luzea, eta atzo, berriz, bigarren bakarkako lana aurkeztu zuen, Gasteizen, hamar hazbeteko binilozko disko bat: Zilar printzak. Micek Gabobeltz estudioan grabatu du diskoa, Joseba Baleztena (Joseba B. Lenoir), Ilargi Agirre eta Ibai Gogortza lagun zituela, eta Baleztena bera izan da diskoaren ekoizpenaren gidari nagusia.

Euskarriari garrantzia eman nahi ziola eta, biniloan baino ez du argitaratu azkeneko lana. Horretarako arrazoien artean, euskarriak berak azaleko diseinua «luzitzen» duela adierazi du musikariak. Bestetik, aldarrikatu du «azkar bizi den gizarte honetan», gelditzeko eta entzuteko beste modu bat dela biniloa: «Presazko garai hauetan, interesgarria iruditzen zait biniloak eskatzen duen pause hori bizitzan: jarri eta entzun». Edizio honen «goxotasuna» ere azpimarratu du: «Ez da ohiko neurria, hamar hazbete baino ez ditu, lau kanta. Txikitxoa da, eta edizio goxoago bat da». Halaber, esan du lehen diskoarekin egin nahi izan zuela, baina, aurrekontu arazoak medio, CDa baino ezin izan zuela kaleratu, eta, beraz, oraingoan, soilik EP formatuan kaleratu du diskoa. Adierazi duenez, Durangoko Azokan asko izan dira erabaki horrengatik galdetu diotenak; hala ere, harrera ona izan du.

Diskoaren A aldean Errekastoa eta Orain barre orain negar kantuak bildu ditu. Lehena Maria Luisa Bascuña idazlearen poema liburu batean oinarrituta dago, eta bigarrena, berriz, Ruper Ordorikaren omenez, Bilboko Kafe Antzokian egin zuten kontzerturako prestatu zuen bertsioa da. B aldean, beste bi kantu. Batetik, beste bertsio bat: Delirium Tremens taldearen Laino ilunak. Eta, bestetik, Zarata, aldaketarako ausardiaz mintzo dena.

Hasieran bigarren disko luze bat grabatzea zuen pentsatua; kantuok lehenengo lana sortu eta banda osatu ostean konposatu zituen Narbaizak. «Lau kanta solte genituen, eta, bateratuta, disko batean bildu ditugu». Gaineratu du horregatik esaten duela «inprobisaziotik asko edan duen diskoa» dela hau.

Soinu eta instrumentu berriak probatu dituztela azaldu du: «Sintetizadorearekin jolastu gara. Laino ilunak kantuaren emaitza, adibidez, nahiko elektronikoa suertatu da, «interesgarria», haren esanetan. Ahotsak ere garrantzi berezia hartu duela adierazi du Narbaizak, lehen diskotik zekarren «arantzatxoa» kentzeke zuela aitortuta. Orokorrean, pozik agertu da lortutako emaitzarekin: «Azken ordukoa izan da dena, baina esparru berriak aurkitu ditut. Merezi izan du».

Gutiziatzat definitu du Zilar printzak; izan ere, disko luze bat dauka buruan, baina aldez aurretik kaleratu nahi zituen kantuok. Izenari dagokionez, eguzki printzak ekarri ditu gogora: «Eguzki printza bat bezalakoa izan daiteke lan hau: bat-batekoa eta epela. Txikia, baina berotzen duena». Zilarra, berriz, kantuetako batean aipatzen du, eta keinu modura txertatu du lanaren izenburuan.

Abenduan bakarkako kontzertuak emango ditu, Bilbon, Gasteizen, Zumarragan (Gipuzkoa), Gernikan (Bizkaia) eta Arrasaten (Gipuzkoa). Hurrengo urtean, banda osoarekin kontzertu «bereziak» iragarri ditu. Hain zuzen ere, bira hori prestatzen dabiltza orain.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna