Zauriaren orbanak ere min ematen duelako

Hedoi Etxarteren 'Sortaldekoak' poema liburua plazaratu du Susa argitaletxeak. Idazlearen hirugarren bilduma da. Natura, sendia, oroitzak ditu gai nagusiak, eta egunerokoak sortzen duen zirrara

Hedoi Etxarte, atzo, Donostian, Alain Urrutia artistak liburuarentzat egindako azala erakusten. GORKA RUBI0 / FOKU.
Gorka Arrese.
Donostia
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Hedoi Etxarteren (Iruñea, 1986) hirugarren poema liburua da Sortaldekoak. Izenburua S hizkiarekin hasten da, beste biena bezalaxe: Suzko liliak (2008) eta Sinplistak (2012). «Argitaratuko dudan azken-aurreko poema liburua da hau», esan du aurkezpen ekitaldia hasi orduko. «Orain arte landu gabea nuen ahots bat landu dut, aurreko liburuetakoen antzik ez duena. Bederatzi urtez isilik egon naiz, beste ahots baten bila ibili naiz».

Tetraedro erregular baten itxura dauka Etxarteren liburu berriaren barne egiturak: hamaseina poemako lau atal ditu; 64 pieza, denera. «Lau ataletako bakoitza liburu osoaren mikrobertsioa dela esan liteke», gaztigatu dio irakurleari Leire Lopez Ziluagak, Susa argitaletxeko editoreak. «Poemak ez daude gaiaren eta sortze dataren arabera antolatuta. Atal bakoitzak liburuko gaitegi osoa gordetzen du bere barnean». Lopezen aburuz, Sortaldekoak liburuak genealogia sail bat biltzen du: «Amatxi Pilarren aurrekoak eta ondorengoak lotzen dituena, lagunek eta bikotekide ohiek osatutakoa, musika eta literatura genealogia bat, eta baita politikoa ere».

Natura, sendia eta oroitzapenak dira Etxarteren liburuko gai nagusiak. Bizitzaren eta heriotzaren arteko atakak zabaltzen eta ixten ditu. Eguneroko gertakari xumeek sortzen duten zirrara kontatzen du.

Idazlea gogoratu da bere lehenbiziko liburuak bi atal zituela, bigarrenak hiru eta hirugarrenak lau. Liburua azaltzeko ere lau ohar nagusi egin ditu: egituraz, ahotsaz, iturriez eta ekoizpenaz.

Ahotsa eratzeko baldintza ezberdinak daudela azaldu du. «Horietako bat da gorputzetik aterako duzun ahots hori jasoko duen tokia, aretoa, umetokia: erresonantzia kutxaren akustika». Etxartek bi espaziotan errezitatzen jardun du Sortaldekoak idazteko tenorean: «Genealogiaren aretoa izan da bat, eta ontologiarena da bestea; nondik nator, zer naiz ni».

Jende multzo bat

Sortaldekoak izenburuak jende multzo bati erreferentzia egiten dio, eta Etxartek haien artean kokatu du bere burua: «Ekialdetik gatoz. Gauetik gatoz. Eta sorkuntza esaten dugunean, eraldaketa esan nahi dugu, tradizio marxistan». Ahotsa artikulatzen den aldiro intentzio bat izaten dela nabarmendu du: «Kasu honetan izan da harridurarena, txundidurarena, ustekabekoarena. Bizitzak epaitu egin du narratzailea, ez alderantziz».

Ez du ezkutatu bere ahotsarekin batera beste askorenak ekarri dituela liburura. «Poeten ahotsak daude, abeslarienak, ereserkienak, nobelenak, prentsako elkarrizketenak, liburu sakratuetakoak. Badira aipu esplizituak: iturria zein den esaten dudanak. Badira ezkutuko aipuak: inolako seinalerik gabe, beste egileen poema zatiak edo poema ia osoak nire bertsoetan nahastuta».

Aurreko bere liburuetatik hartu eta berri honetan txertatuta ageri den pasarterik ere bada. Eta poemak gorpuzten lagundu dioten lau poeta aipatu ditu: Emily Dickinson, Edna St.Vincent Millay, Sharon Olds eta Louise Gluck. «Genealogia bat osatu dut, neure burua bertan irakurtzeko».

Poemak idatzi ahala eta, ondoren, argitaratuak izan aurretik, jende askori eman dizkio irakurtzeko. «Egin dudan libururik kolektiboena da». Anaiak eta bikotekideak irakurri dituzte, «eta Ruben Arias adiskideak funtsezko aholkuak eman dizkit». Olerki batzuk gaztelerara itzuli ditu, «kontatzen direnak protagonistek berek kontrasta zitzaten». Bi musikarik, hiru kazetarik, bi editorek ere irakurri dituzte. «Denek eman dizkidate iritziak, denek baldintzatu dute liburua. Inoiz idatzi ditudan bertso etxekoenetan sekula baino jende gehiago egon da».

Argazkietako amatxi

Liburuaren azala Alain Urrutia artistak egindakoa da, eta bildumako azken poeman du oinarria. «Azaleko argazkian Pilar Berezibar Galdos [amatxi] dago, behean, ezkerrean», deskribatu du idazleak. Debagoieneko San Kristobal mendian hartutako argazkia da, 1931n, duela 90 urte. «Francisca Inda eta Jesusa Inda auzokideekin agertzen da. Argazkia egin zen lekuan Arrasateko [Gipuzkoa] hilerria dago orain. Argazkian bizirik agertzen den tokian lurperatuta dago Pilar».

Horrenbestez, azken poema irakurri du jendaurrean: Plus Ultra. «Izen hori zeukan gure amatxiren osabak Arrasaten zeukan tabernak». Eta poeman beste argazki bat aipatzen da, 1933ko uztailekoa: eskolakoekin Zarautzera (Gipuzkoa) egindako txangoa. Iruditik tiraka, gero zapuztu egingo den mundu bat dator: «Izan zenituen kartzelan ama eta aita/ neba frontean/ amona ohean».

Samin kutsu batez amaitu du hitzaldia Etxartek: «Argazkietan dagoen jendeak bizitza zoragarri bat zeukan. Pikutara joan zitzaien dena. Batzuek heriotza izan zuten, beste batzuek erbestea, gainerakoei zeukatena kendu egin zieten». Eten egin ziren bizitzeko modu bat eta proiektu bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.