Gerra kriminalen erretratu bat

Epaiketetako lekukotzen bitartez, Slavenka Drakulicek indarkeriari buruz gogoeta egin du 'Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko' liburuan. Txalapartak argitaratu du, Amaia Apalauzak itzulita

IñIGO URIZ / @FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
«Ba ote nortasunaren akatsen bat edo izaera mota jakinen bat giza krudelkeria dakarrenik? Komunitate guztietan ote dago jende kopuru jakin bat krimenik lazgarrienak egiteko patologia duena, horretarako aukera izanez gero? Ala presio sozial eta psikologikoaren pean egiten ote dituzte krimenok?». Balkanetako gerraren testuinguruan oinarrituta, indarkeriaren inguruko hainbat galdera egin zituen Slavenka Drakulic idazle eta kazetari kroaziarrak 2003an, Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko. Gerra-kriminalak auzitan liburuan. Saiakera literarioa da, testigantzak jasotzen dituena, baina lekukotza bilduma bat baino gehiago bada.

Jugoslaviako Errepublika Federal Sozialista zatikatzen hasi zenetik 30 urte bete diren honetan, Amaia Apalauzak euskarara ekarri du liburua, eta Txalapartarekin argitaratu. Iruñeko Karrikiri elkartean aurkeztu du berriki, Garazi Arrula editorearekin batera eta Oier Guillanen irakurketa dramatizatuak lagunduta.

Ez da Apalauzak Drakulic itzultzen duen lehen aldia; 2018an Han ez banengo bezala (Pasazaite) eleberria ekarri zuen euskarara. Bi lanon artean antzekotasunak daude: ardatza Balkanetako gerrak dira bietan, eta badira beste zenbait lotura, argitaratu berri duten lanaren titulutik beretik hasita: «Han ez banengo bezala-n, emakume bat bortxatzen ari diren bitartean, berak euli bati begiratzen dio, jarraitzen dio, ihes egiteko; hemen titulura ekartzen du eulia», azaldu du Apalauzak. Era berean, titulua hartua dago Hannah Arendten liburu batetik, Arendtek bezala, Drakulicek «gaizkiaren hutsaltasuna» aztergai baitu lanean.

Testuingurua bera izan arren, ikuspuntua ezberdina da bi liburuetan: aurrekoa kontzentrazio esparru batean giroturik dago, eta gai nagusia emakumeen aurkako indarkeria da, haien aurka egindako basakeriak. Kapitainaren irudia agertzen da liburu horretan, eta oraingoan, hain zuzen, kapitainari begiratu dio, baina beste modu batean. «Kontzentrazio esparruaren arduraduna da, kriminal bat, hor gertatzen denaren erantzule zuzena. Baina, horrekin batera, kapitainaren beste aurpegi bat erakusten du: hark harreman bat hasiko du protagonistarekin, eta haren alde humanoa ikusiko dugu», zehaztu du itzultzaileak. Beraz, Drakulicek «txanponaren bi aldeak» erakutsi ditu bi lanetan: biktimaren ikuspegia, eta borreroarena. Apalauzak nabarmendu duenez, bigarrena «deserosoa» da: «Barrenak mugitu zizkidan».

Drakulicek berak zalantzak izan zituen borreroaren ikuspegia jorratzeko aukera proposatu ziotenean. «Liburu gehiago ditu gaiaren inguruan, eta kontatzen du Alemanian zegoela, hitzaldi batean, eta publikotik gazte batek galdetu ziola zergatik liburu guztietan biktimaren ikuspegia ematen zuen, eta zergatik ez borreroarena. Berak gaizki hartu zuen: nola emanen zien ahotsa?». Baina, gerora, interesgarria iruditu zitzaion. «Egin zuen hausnarketa eta ikusi zuen modu bat izan zitekeela ikuspegia zabaltzeko eta alde guztiak ulertzen saiatzeko». Gogoeta horren ondorioa da Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko liburua.

Ideia horretatik abiatuta, idazlea Hagara (Herbehereak) joan zen, Nazioarteko Justizia Auzitegira, gerra krimenak egiteaz akusatutakoen lekukotzak entzutera, ondorioak atera ahal izateko, gerra kriminalen erretratu psikologiko bat osatzeko. Hainbat kasu paradigmatikotan oinarrituta, azaldu nahi zuen nortzuk ziren, nondik zetozen, zer rol bete zuten gerran eta zer basakeria egin zituzten; eta, horrekin batera, baita ezaugarri hutsalagoak ere: nola janzten ziren edo zer zaletasun zituzten. Hala, heriotza, bortxaketa, tortura eta beste hainbat krimen egiteaz akusatutakoei ahotsa eta gorputza jarri zien.

Baina, Garazi Arrula Txalapartako editoreak nabarmendu duenez, abiapuntua testigantza horiek izan arren, emaitza ez da lekukotza bilduma bat, ez da kronika hutsa, «oso modu literarioan idatzitako narrazio edo saiakera» da.

Munstroak ote dien

252 orriko liburuan, osotara, 211 galdera irakur daitezke. «Eta galdera izarra zera da: [Kriminalak] Munstroak dira ala pertsona arruntak? Errazena baita pentsatzea munstroak direla, baina Drakulic ez da konforme tesi horrekin. Ezinezkoa iruditzen zaio, ikusi duelako indarkeria, ez pertsona jakin batzuengan, baizik eta sistema batean, gizartean», adierazi du Apalauzak.

Osagai horiekin, beraz, aztertu du indarkeria berezkoa ote den, norbanakoarengan dagoen, edota sistemikoa den, egiturak bultzatutakoa. Indarkeriaren mekanismoak izan daitezkeenak ere izendatu ditu.

Halako tesi, galdera, lekukotza eta gogoetekin batera, egileak atzera ere egiten du liburuan, eta haurtzaroaz mintzatzen da. «Azaltzen du, besteak beste, nola Jugoslavian nortasunaren gurtzan hazten zituzten, Titoren gurtzan, baita eskolan edo familian ere. Halako oroitzapenak tartekatzen ditu, Titori zioten miresmenaren adibide».

Argitaletxeak nabarmendu duenez, indarkeriari buruzko gogoetari bide emanez, liburuak Jugoslavia zenaren desegiteaz harago egiten du oihartzun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.