Albistea entzun

Memoria txarrari esker gogoan jasoak

Aritz Galarragak 'Gogoan dut' liburua aurkeztu du Pamielarekin. Joe Brainarden 'I Remember' liburuko egituraren kadentziarekin idatzi du
Aritz Galarragaren liburuaren azalak Lucian Freud margolariak egindako erretratu bat ageri du.
Aritz Galarragaren liburuaren azalak Lucian Freud margolariak egindako erretratu bat ageri du. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Arrese -

2021eko apirilak 22

«Gogoan dut memoria txarra izan dudala beti». Esaldi horrekin abiatzen da Aritz Galarragaren (Hondarribia, Gipuzkoa, 1980) Gogoan dut liburua, Pamiela argitaletxeak plazaratu berria. Paragrafo laburren bitartez harilkatzen da testu osoa 144 orrialdetan, eta paragrafo guztiak hasten dira berdin: gogoan dut... «Memoria da liburuaren abiapuntua eta ardatza», azaldu du Jose Angel Irigarai editoreak; «biografia moduko bat da funtsean, baina irakurri ahala konturatzen zara mundu bat zabaltzen ari dela». Garai baten eta belaunaldi baten argazkia egin du idazleak. «Biluzte zintzo bat izan da oroitzapenen kontaketa hau. Galarraga biluzi egin da, eta, horrela, jantzi egin gaitu gu».

Michel de Montaigneren aipu batek iragartzen du atarian: «Oroimen naturalik ezean, paperezko bat egin dut». Galarragari artikuluak, liburuen kritikak, kazeta lanak eta liburu apailatzeak ezagutu izan zaizkio; baita itzulpen doiak ere, esate baterako, Joan Vinyoli, Salvador Espriu eta Gabriel Ferrater poeta kataluniarrenak. Orain, oroitzapenetatik tiraka, kontakizun luze eta berezi bati forma eman dio. «Ariketa pribatu gisa hasi nintzen oroitzapen batzuk idazten eta biltzen, gutxi-asko burura etortzen zitzaizkidan bezala, artikuluetan eta bestelako lanetan baliatzeko modukoak». Arin konturatu zen, ordea, liburu tankera har zezaketela.

«Ni-aren literaturaren barruan koka liteke Gogoan dut. Ez du autofikziotik ezer, erabat autobiografikoa da». Oroitzapenek beti asmatutik zerbait badutela iruditzen zaio, «baina liburuak errespetatzen du irakurlearekin egingo den ituna, egia kontatzea».

Lanketa literario bat egiten saiatu bezain laster ohartu da hiru kontu hauez: «Oroitzapen guztiek ez dute balio literaturan; idazten lehendabizikoak bagina bezala ezin liteke idatzi; eta oroitzapen baten bila joan eta bestelako batekin etor zaitezke bueltan».

Kontakizunaren haria ez da kronologikoa, ezta tematikoa ere. Oroitzapenen bila ibiltzeak hori dakar: ez topatzea agian, edo oroitzapen batek beste bat ekartzea, eta sarritan desbideratzea.

Joe Brainarden gisara

Liburuaren egitura kopiatu egin du Galarragak. «Horretan ere ez naiz originala izan. Nolanahi dela, zer esango genioke soneto bat egiten diharduenari, edo zortziko txiki bat, kopiatzen ari dela akaso?».

Brainard artista eta idazle estatubatuarrak I Remember argitaratu zuen 1970ean. «Maisulan bat da», esan zuen Paul Austerrek; «banan-banan, gure garaiko liburu garrantzitsu guztiak ahaztuak izango dira, baina Joe Brainarden harribitxi honek iraunen du». Esaldi laburrez osatu zituen paragrafoak, eta poemek izaten duten kadentziarekin errepikatzen zuen beti berdin hastapenetan, 'I remember...'; otoitz baten edo mantra baten forma hartzen du. Kolpe txikiak dira, eta kolpe bakoitzean oroitzapen bat.

Liburu gogoangarri haren omenez, Georges Perec frantsesak Je me souviens idatzi zuen 1978an. Eta urte asko geroago, euskal literaturan ere eduki du isla, Joseba Sarrionandiak Akordatzen plazaratu baitzuen 2004an.

Galarragak gomutan du idazlea, eta honela jaso du liburuan: «Gogoan dut Joseba Sarrionandiak idatzi zuena, momentu batera arte etorkizunean bizi garela; momentu horretatik aurrera, derrepentean, igual konturatu gabe, iraganean hasten garela bizitzen».

Arlo pribatutik hasi eta arlo publikora eta profesionalera igaro, «nire mamuak kontatu ditut, baina dagoeneko ez didate ez minik, ez ikararik ematen». Aurrena, familiaz eta hartan sortzen diren gatazkez dihardu; bestalde, Euskal Herrian ezin egokituaz eta erbestetik idazteaz; eta azkenik, literaturaren arloko kontuez. Idazle batzuekin izandako harremanez akordatzen da Galarraga. Ramon Saizarbitoria («gogoan dut nola esan zidan behin, batzuetan zozoak dirudigula»), Koldo Izagirre («gogoan dut liburu bat erosi eta utzi zuela nire izenean, La Centralen»), Itxaro Borda («gogoan ditut Baionatik bidali dizkidan liburuak»), Anjel Lertxundi, Bernardo Atxaga, Mari Luz Esteban, Patxi Larrion, Harkaitz Cano, Beñat Sarasola, Gorka Bereziartua, Jonathan Littell, Rafael, Chirbes, Miguel Sanchez-Ostiz, Dubravka Ugresic, eta gehiago. «Jende asko aipatu dut. Ez dakit inoiz barkatuko didaten liburuan agertu izana».

Galarragak ezagutu duen mundu baten galera irudikatzen dute Gogoan dut honetako orriek. «Gaur egungoa beste era batekoa da, mundu digitala gailendu da, Interneten seme-alabak datoz. Denbora gutxian gertatu den mundu baten galera horri pandemiak emango dio azken kolpea». Gaur egun 30-50 urteren bueltan dagoen jendearen mundua eta garaia islatzen dituzte oroitzapen horiek, belaunaldi baten manerak eta sentipenak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Oscar Gomez eta Esperanza Lopez —ezkerretik hasita, lehenengo biak—, hiru performerrekin batera. ©Iñigo Uriz / Foku

'Harrespila' ikuskizuna Oteiza museoan eskainiko dute asteburuan

Ane Eslava

L'Alakran taldearen performance bat da. Oteizaren teorietatik abiatuta, cromlech bat osatuko dute parte hartzaileekin batera. Hamabi saiotan egingo dute, eta izena emateko aukera zabalik dago.

Ekoizleak, zuzendaria, aktore nagusiak eta instituzioetako ordezkariak, pelikularen aurkezpen prentsaurrekoa baino lehen, atzo, Bilboko Azkuna zentroan. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Hilezkor izateak ikaratuta

Amaia Igartua Aristondo

Gaur estreinatuko dute Igor Legarretaren 'Ilargi guztiak' filma, Bilbon, Fant jaialdiaren inaugurazioan. Heriotzak eragiten duen beldurraz dihardu, hilezkortasuna lortzen duen pertsonaia baten begietatik

 ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna