Albistea entzun

Diskorik atera behar ez zutenen diskoa

Hamabi kantako disko fisikoa kaleratu du Dupla bikoteak, nortasun ikur duen genero nahasketa askea oinarri hartuta: 'Nahieran'
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Iñigo Astiz -

2021eko azaroak 30

Artean bost kanta baino ez zeuzkatela heldu ziren Dupla bikoteko kideak lehenengoz Durangoko Azokara. 2019. urtea zen, eta Folklore deitu zuten bilduma hura. Ez zuten diskorik argitaratu, ordea, eta, horren ordez, estalkietan beren abestietara heltzeko loturak zeramatzaten Chupa Chups goxokiak saldu zizkieten bisitariei: Duplatxupsak. Argi zuten ez zutela sekula formatu fisikoko diskorik aterako. Ozen esan zuten, eta baita behin baino gehiagotan errepikatu ere. Ez. Inoiz ez. Edo inoiz ez, behintzat, orain arte. Bi urteren buruan, hamabi abestiko disko batekin bueltatuko baitira orain Durangoko Azokara. Nahieran du izena lanak, eta bikotearen nortasun ikur bilakatu den musika genero nahasketa askea du oinarri. Pop leloak. Hip-hop ukituak. Punka. Rocka. Elektronika. Trikitia. Technoa. Reggaetona. Baladak. Ia edozer. Nahieran, baina beti kanta helburu bakartzat. Horregatik hasi dute diskoa Kontraesanak abestiko aitortza erauntsiarekin. «Duplatxupsekin bazilatzen:/ 'guk ez dugu diskorik aterako,/ ni pa ni pa la ostia'/, eta orain... Elkarren salgai».

Gari Uriartek eta Beñat Oribek osatzen dute Dupla, eta, aitortu dutenez, aldarrikapen tanta bat ere badu diskoaren tituluak. Oribek: «Nahi duguna egitea, nahi dugun moduan, estilo bakar batera itxi gabe, nahieran, edozeinekin». Diskoan kolaboratu duten musikarien zerrenda ere izan daiteke horren froga: Juantxo Arakama, Sara Zozaia, Tapia eta Leturia, Xsakara, Kaotiko, Evaristo Paramos, Txiki, Pello Armendariz eta Pantxo Zoo. «Nahieran», berriz Oribek lehen azalpena, labur; eta eten txiki baten ostean garatu du ideia: «Gustatzen zaizkigu kolaborazioak, eta kantak sortuz joan ahala etorri zaizkigu burura batzuk edo besteak: lagunak dira».

Abestia da zentroa

Kanta da haien lan unitatea. Baina Oribek ez du argi zein den kantak sortzeko darabilten metodoa. «Hori da miloi bat euroko galdera, ezta?». Badute lagungarri suertatzen zaien irizpide bat. «Pasa ditzakezu, batzuetan, kanta batekin hiru hilabete, bueltaka, obsesionatuta, letrak txukuntzen, silaba bat kentzen edo gehitzen, baina hori jendeak erabakitzen du, eta ordura arte ez dakizu funtzionatuko duen edo ez. Gure artean beti esaten dugu zerbait erraz ateratzen bada hori ona dela, edo agian ez, e, baina orain arte boom gehien izan duten gure kantak beti izan dira kasik lehenengo kolpean ateratakoak. Seinale ona izaten da hori».

Berriak dira diskoko kanta gehienak, baina guztiak ez dira berriak. Esate baterako, Folklore izeneko disko digitalean ere bazetorren Dantza gaua abestia, eta koronabirusak eragindako hasierako etenaldian argitaratutako Mundua geldi ere errekuperatu dute diskorako. «Gure lehenengo fasearen eta bigarren honen artean geratu zen kanta hori pixka bat solte, eta pentsatu genuen, 'benga, barrura'».

Euskaraz dira hamabi abestietako zortzi, eta gazteleraz lau. Etxean egin dituzte grabazio gehienak, eta Aritz Harregik ere lagundu die Usurbilgo estudioan (Gipuzkoa). Diskoa argitaratu berri dute, baina, Oribek aitortu duenez, oraindik ez dute argi ikusten disko fisikoarena. «Gu beti izan gara diskoen aurkakoak». Non entzun ere ez daukatela dio, gainera. «Hemen ditut 150 CD kutxa batean, eta ezin ditut inon entzun. Nire diskoa da, eta ezin dut entzun autoan, ez daukadalako irakurgailurik». Sarean entzuten dute musika, nagusiki, eta abestiz abesti joaten direla dio. Ekoizpenean lagun dituzten kideen gomendioari kasu egin, eta hala heldu da diskoa. «Abesti pilo bat hartu eta disko batean sartu ditugu, nik uste, baina ez dugu prestatu disko bat, kontzeptualki».

Dantzaren eta perreo-aren gorazarre egiten da abestietan, behin baino gehiagotan. Izan zitekeen diskoteketan dantzatzeko disko bat, hain justu ere, diskotekak estu ibiliko ez balira. Baina osasun larrialdi betean ere 40 kontzertu inguru eman dituztela dio Oribek. «Guk ere izan genuen gure dilema hor; ea akustikoa egingo ote genuen saioa, intentsitatea pixka bat jaitsiz edo. Baina, ez, topera. Ateratzen ginen gure bateriarekin, Dantza gaua jo, eta diskoteka. Eta jendea gustura, eserita egonda ere, gustura. Hori izan da gure filosofia, eta estudioan ere islatu da hori».

'Lo-lo-lo'-aren herria

Badira kantuan ere erraz laguntzeko moduko melodia instrumental batzuk diskoan. Eta ez dira gutxi, gainera. «Jode, noski», azaldu du Oribek, «Agurain [Araba] delako lo-lo-lo-aren herria! Lo-lo-lo-arena eta lai-lo-arena!». Hain zuzen ere, sorterriko beste hainbat talderekin batera sortu dute 01200 abestia: Kaotiko taldearekin, Evaristo Paramos abeslariarekin eta La Polla Records-eko eta Gatillazo taldeetako gitarra jotzaile izandako Txikirekin. Haien zordun direla diote Duplakoek. «Haiekin jaio ginen», azaldu du musikariak. «Adin batetik beherakoei, Agurainen, Dupla gutxi gorabehera sartzen zaie, baina adin batetik gorakoei, batere ez. Kaotiko eta La Polla entzuten gotortuta daude asko, eta pentsatu genuen egin behar genuela kanta bat jende horrentzat, gozatu zezan: kanta bat herritik, herriarentzat».

Abendu amaieran hasiko dute aurkezpen bira, eta Durangoko Azokan ere izango dira. Mahai bat jarriko dute. Bai. Diskoak saltzeko. «Eta hurrengo urtean biniloa seguruenik», Oribek barrez.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arte eszenikoen dFeria jaialdiaren antolatzaileak eta sustatzaileak, atzo, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian egindako aurkezpenean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Oreka izango du ardatz aurtengo dFeria jaialdiak

Alex Uriarte Atxikallende

Arte eszenikoen jaialdia martxoaren 14tik 17ra bitartean egingo dute, Donostiako hainbat agertokitan. Festibala hasi baino bi egun lehenago, ‘pre-feria’ izeneko egitarau berezia izango da.
Leire Vargas, Aner Peritz, Haizea Arana eta Oihana Arana, <em>Erre</em> emanaldiaren sortzaileak. ©LANKU

Kategoriak arrakalatzera

Ane Eslava

Leire Vargasek, Aner Peritzek, Oihana Aranak eta Haizea Haranak 'Erre' saioa estreinatuko dute otsailaren 5ean. Lankuk ekoitzi du
Lautan Hiru jaialdiaren antolatzaileak, gaur, Bilbon. ©Marisol Ramirez / Foku

Lautan Hiru antzerki jaialdia egingo dute laugarrenez Bilboko Zazpikaleetan

Olatz Enzunza Mallona

Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbaok, Zazpi Katu gaztetxeak eta Bira kulturguneak antolatu dute egitaraua, elkarlanean, eta otsailaren 3an abiatuko da.

Antso Jakituna erregea eta Benjamin Tuterakoa bidaiaria elkarrizketan, Tuterako gazteluko ganberan. ©IÑAKET

Mundua Tuteratik zeharkatzea

Iñigo Astiz

Mikel Begoña gidoigileak eta Iñaki Martinez 'Iñaket' marrazkilariak XII. mendeko Nafarroa multikulturala irudikatu dute 'Benjamin Tuterakoaren bidaia aparta' komiki liburuxkan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.