Aztarna gehiago atera dituzte argitara Arkaiako aztarnategian

Indusketa lanak egiteaz gain, eremua egonkortu eta txukundu dute, «bisitatzeko moduan» jartzeko

Informazio panelak jarri dituzte Arkaiako aztarnategian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2023ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Aztarna arkeologiko gehiagoren bila aritu dira adituak azken bizpahiru urteetan Arkaian (Gasteiz). 1970eko hamarkadaren amaieran eta 1980koaren hasieran egin zituzten aurreneko indusketa lanak bertan, eta orduan atera zituzten argitara erromatar garaiko termak. Erabilera publikorako zirela ondorioztatu, eta, lekuaren tamaina eta bilakaera zein zen argitu ostean, aztarna horien inguruko eremuak induskatu dituzte orain arkeologoek. Ez dute garrantzi handiko ezer topatu, baina lanek balio izan dute orain arte aurkitutakoa egonkortu eta balioa emateko, besteak beste. Ingurua txukundu baitute, «hobeto bisitatu» ahal izan dadin.

Miguel Loza arkeologoa arduratu da azkeneko lanak zuzentzeaz. Adierazi duenez, termen iparraldeko eremua induskatu dute oraingoan, eta gune berri bat atera dute argitara. «Plaza moduko bat da argitara atera duguna; aire zabaleko eremu bat, galeria arkupedun bat izango zuena. Gune hori termen inguruan kokatuko zen: orduko hiriarekin lotuko zituen termak», azaldu du.

Suestatium hiri erromatarra zegoen gaur egun Arkaia herria dagoen lekuan, eta termak ziren hiri hartako eraikinik handienak. Bada, Araban ez ezik inguruan ere aurkitu diren «garrantzitsuenak» direla azpimarratu du Lozak. Halaber, esan du hiriak ere hasieran uste zuten baino «garrantzi handiagoa» zeukala: «Terma batzuk soilik zirela uste zen, eta agian herrixka batekin zerikusia izan zezaketela. Baina ohartu gara hiri bat zela». IterXXXIV galtzada ere, Astorga (Espainia) eta Bordele (Okzitania) lotzen zituena, handik oso gertu igarotzen zen.

Gaur egun aztarnategiak hemezortzi hektarea inguruko eremua hartzen duela uste dute arkeologoek, baina herena inguru induskatu dute bakarrik. Zatirik handiena nekazaritzarako erabiltzen diren lursailen azpian egongo litzateke, eta beste zati txiki bat egungo herriaren azpian, indusketen arduradunak azaldu duenez. «Esku hartze arkeologiko asko egin ditugu etxeetan ere; datu ugari eskuratu ditugu, eta lagundu digute orduko hiria nolakoa zen jakiten», adierazi du Lozak, baina ohartarazi asko geratzen dela oraindik jakiteko.

Oscar Reinares arkitektoak azaldu du, dena den, bistan dauden aztarnek «iraganera leiho bat zabaltzen» laguntzen dutela, eta horregatik eman diotela garrantzia horiek egonkortu eta zaharberritzeari. Zehazki, azkenaldian egin dituzten lanetan, termetako hormak egonkortu dituzte, eta horien zoruak babestu. Horrez gain, aztarnategia «hobeto bisitatu ahal izateko» lanak ere egin dituzte: «museo itxura» eman diote hala, informazio panelak jarrita eta gunea babesteko itxiturak hobetuta, besteak beste.

Erakundeen arteko lana

Arabako Foru Aldundia da aztarnategiaren arduraduna, eta hura ari da 2016az geroztik gunea leheneratzen eta zaharberritzen. Oraingoan, ordea, Eusko Jaurlaritzak ere diruz lagundu du proiektua. Lankidetza hori eskertu eta nabarmendu du, hain zuzen, Ana del Val Kultura eta Kirol diputatuak, aztarnategira egindako bisitan: «Esan genuen erakundeek elkarrekin joan behar zutela ondarea zaintzeko bidean, eta hala izan da».

Aldundiak 263.000 euroko inbertsioa egin du aztarnategian 2016az geroztik. Azken lanek, dena den, 133.000 euroko kostua izan dute guztira, eta erdia baino zertxobait gehiago jarri du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (%60 inguru).

Bada, Bingen Zupiria sailburuak ere balioa eman die aztarnategian egin diren lanei, lagunduko dutelakoan «ondorea berreskuratzeak, zaharberritzeak eta ezagutarazteak duen garrantzia» ulertzen. Zupiriak nabarmendu du Arkaia «interes handiko aztarnategia» dela, eta Jaurlaritzak hura babesteko «konpromisoa» duela berretsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.