Nafarroako gobernu berria. Eduardo Santos. Nafarroako Ahal Dugu-ko idazkari nagusia

«Eskuinak gogoeta egin behar du; haren estrategia porrot hutsa izan da»

Nafarroako Gobernuan Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilari izango denak uste du eskuinaren kritikak «gehiegikeriak» direla eta EH Bilduk egoera berrira egokitu behar duela: «Bere zeregina izanen du».

gotzon hermosilla
2019ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Bihartik aurrera, Eduardo Santos (Iruñea, 1973) izendatuko dute Nafarroako Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilari berria. Maria Txibite buru duen gobernuan, Santos izango da Ahal Dugu-ren ordezkari bakarra.

Nola ikusi zenuen inbestidura saioa?

Pelikula hau hainbat aldiz ikusi dugu jada Nafarroan. Eskuinak egin duen diskurtsoa egitea zuen aukera bakarra: «Gobernua lapurtu digute; gobernu hau ez da zilegi, eta ETAren eskuetan jarri dute». Hori gehiegikeria da; ez da egia, eta beste garai bateko argudioa da. Ez dute ulertzen desberdinen arteko akordio batera irits daitekeela, bigarren aldiz gainera.

Bestalde, indar zentralek azaldu dugu zein den akordioa eta zer egin nahi dugun akordio horrekin. Eta, azkenik, EH Bilduk nire ustez bere militantziari zuzendutako diskurtsoa egin zuen. Ulergarria da; gauzak kokatzen direnean, EH Bilduk bere zeregina izanen du.

PP eta Ciudadanos alderdiek buruzagi garrantzitsuak bidali zituzten saiora, eta gogor mintzatu ziren akordioaren kontra. Nola interpretatzen duzu hori?

UPNk eman die Nafarroan ez daukaten presentzia, eta, alde horretatik, elkartasuna adierazi behar dute. Baina, beste alde batetik, UPNri lapurtu diote ahots propioa; diskurtsoa Esparzak egin zuen, baina benetako mezua PPk eta Ciudadanosek eman zuten. Badago beste irakurketa bat, Espainia mailakoa: azken finean, PPk eta Ciudadanosek, azken horiek batez ere, justifikatu behar dute zergatik ematen dioten ezezkoa PSOEri. Haientzat errazena da esatea PSOE ETAren babesle edo horrelako zerbait bilakatu dela, hori Espainian ondo saltzen delako.

Baina alderdi horiek eta Espainiako zenbait hedabidek erakutsi duten oldarkortasuna abagunearen ondorio hutsa da, edo izan daiteke etorkizunean ere erakutsiko duten jarreraren aurrerapena?

Eskuinak gogoeta sakona egin behar du Nafarroan. Modu batez edo bestez, erabili duten estrategia porrot hutsa izan da. Euskara, nazionalismoa eta identitatea erabili dituzte nafar batzuk beste batzuen kontra jartzeko hauteskundeak irabazi nahian; aliatuak bilatu dituzte ultraeskuinean, eta, azkenean, bakar-bakarrik gelditu dira: ez dute inolako aukerarik aurrera joateko. Ez dakit aurrerantzean zer gertatuko den; haiek jakinen dute, baina haien argudioek gero eta indar gutxiago izanen dute. Hortik jo nahi badute, guregatik ez dago problemarik. Nafarroa irreal bat ari dira islatzen.

Zure ustez, EH Bilduk zer jarrera hartuko du aurrerantzean?

EH Bilduk ere bere burua kokatu behar du beste errealitate batean: aurreko gobernuan eragin handia zuten, eta orain joko parlamentarioa dagokie. Joko horretan ezinbestekoak dira, legeak eta aurrekontuak aurrera ateratzeko. Guk espero dugu elkarrizketa eta oposizio eraikitzaile bat egitea. Badakigu egoera emozional bat sortu zela hauteskundeak izan eta gero, eta batez ere udaletan gertatutakoaren ondoren. Gu ez gaude ados udaletan gertatutakoarekin, uste baitugu indar progresisten artean hitz egin behar dela, eta adostasunera heldu, boterea eskuinaren eskuetan utzi baino lehenago. Baina politika pragmatismoa da, egunerokoa, errealitatea kudeatzea, jakitea zein den zure tokia, eta aurrera begiratzea. Horretan jarri behar dugu denok.

Gobernu berriak aurrekoaren norabideari eutsiko dio?

Nik uste dut hein handi batean jarraipena ematen zaiola lehen adostutako politikari, orokorrean. Beste kontu bat da alderdi bakoitzak dituen lehentasunak, eta alde horretatik aldaketa batzuk egon daitezke. Nafarroako gizarteak desberdinen arteko akordioak eskatzen ditu, eta hori gauzatu da. Horretarako akordio programatiko bat dago, eta gobernuaren zeregina da hori indarrean jartzea.

Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilari izango zara aurrerantzean. Zeintzuk dira lehentasunak sail horretan?

Zuhurra izan behar dut; oso goiz da, eta, lehenago, sailaren egoera ondo ezagutu behar da. Gure iritzia da justizia bultzatu behar dugula, zerbitzu publiko gisa. Justizia aipatzen dugunean, epaileak, epaiketak eta horrelakoak datozkigu burura, baina askoz gehiago da: justiziaren zeregina da ahulak defendatzea eta desberdinen artean berdintasuna bilatzea. Gizartean oreka bilatzeko tresna bat da, eta hori indartu nahi dugu.

Eta migrazioaz?

Zuzendaritza hori berria da. Ikusten ari gara desberdina denarekiko beldurra hedatzen ari dela, Nafarroan eta Europa osoan, baina Nafarroa beti izan da kanpokoak hartzeko lurraldea, eta, gainera, behar ditugu, gizartea zaharkitzen ari baita. Elkarbizitza garatu nahi dugu, ikasi, eta elkar aberastu.

Ahal Dugu eta PSN ados jarri zarete Nafarroan, baina badirudi Espainiako gobernua osatzeko ezinezkoa dela PSOE eta Unidas Podemos ados jartzea. Zergatik?

Duela lau urte, metodologia bat indarrean jarri genuen, orain segitu duguna eta PSNk onartu duena. Metodologia politiko horrek ahalbidetu du desberdinen arteko elkarlana.

Madrilen taktika hutsarekin jokatu du, eta horrela ezin da. Guk koalizio gobernua eta programa akordioa eskatzen genituen hasieratik, eta PSOE, aldiz, jolasten egon da, eta hau ez da jolasa. Politikan beti dago tartea gauzak zuzentzeko, baina, norbaitek kontakizunari ematen badio garrantzia, nork irabazi duen eta nork galdu, orduan gaizki gabiltza. Aldiz, borondate onez badihardugu, nik uste dut posible izanen dela zubiak berreraikitzea eta koalizio gobernua adostea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.