Unai Apaolaza. Ehun mugimenduko kidea

«Boz gora egin nahi dugu estatu propio baten gogoeta»

Euskal errepublikaren aldeko ekitaldiak antolatu ditu Ehun mugimenduak datorren otsailaren 15erako, pedagogia independentista lantzeko xedez. Horretan dabil Unai Apaolaza.

enekoitz esnaola
Donostia
2019ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Unai Apaolaza (Donostia, 1973) Independentzia helburu liburuaren egileetako bat da, duela lau urte argitaratua (Txalaparta), eta Abertzaletasunetik independentismora artikulua idatzi zuen han. Aktibazioaren eta konfrontazioaren beharra ikusten du, eta Ehun mugimendu berriaren kideetako bat da. Datorren otsailaren 15erako euskal errepublikaren aldeko ekitaldiak antolatu dituzte.

Noiz hasi zineten Ehun mugimenduaren egitasmoarekin?

Gutako batzuk duela hiru bat urte Donostian hasi ginen lehenik, Antiguan, Zergatik Ez? ekinbidearekin, eta asmoa zen pedagogia independentista lantzea, eguneroko arazoetatik eta kezketatik abiatuz euskal errepublika baten beharra plazaratzeko. Hitzaldiak egin genituen, kanpainak... Sumatzen genuen pedagogia horren edo euskal errepublikaren lanketaz ezer ez zegoela. Kutsatze efektua eragiteko asmoa geneukan, ea beste beste toki batzuetan ere hasten ziren gauza berean. Adibidez, [Gipuzkoako] Goierrikoekin ibili ginen bilera batzuetan, baina ez ziren atera beste egitasmoak. Ez gaude ohituta agenda propio bat sortzera. Orduan, ikusi genuen beste lekuetara joateko zerbait zehatza behar genuela, eta hori zen tokian-tokian euskal errepublikaren eguna antolatzea.

Animatu dira batzuk.

Bai. Oraingoz, 21 leku dauzkagu lotuta. Guztiok egun berean egingo dugu datorren otsailaren 15ean—, leku bakoitzak bere ezaugarritzea emango dio, baina pedagogia independentista horren pean egingo dira. Ikusi genuenean jendea animatzen ari zela, erabaki genuen Ehun mugimendua sortzea eta prentsaurreko bat egitea. Horrekin, beste dimentsio bat hartu du asmoak, eta, geroztik, hamarren bat udalerritatik idatzi edo deitu digute, eguna antolatu nahi dutela esateko.

Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroan eta Lapurdin daukazue lotuta otsailaren 15eko ekitaldiak. Zergatik ez beste herrialdeetan?

Ea besteetan ere egiten dituzten. Euskal Herri osoa hartzen dugu kontuan guk. Ja lotuak genituen tokiekin egin dugu aurkezpena, baina abiapuntu bat baino ez da hori. Independentista den eta zerbait egin nahi duen jendearentzako ideia erakargarria da halako egun bat antolatzea.

Gure Esku herri dinamikak sustatutako 200 herri galdeketa pasatan 200.000 herritar inguruk bozkatu zuten Euskal Herriaren independentziaren, euskal estatuaren edota euskal errepublikaren alde; %90-95ek. Uste al duzu badela herri gogo bat?

Bistan da galdeketak izandako udalerri horietan badagoela. Eta uste dugu besteetan ere badagoela. Izugarrizko potentziala dago. Eguneroko bizimoduan gabezia eta arazo handiak ditugu herritarrok, eta behar-beharrezkoak dira estatu batek ematen dituen lanabesak. Behar dugu estatu propio bat. Baina horren aldeko gogoeta ez da boz gora egiten; hori egin nahi dugu guk.

Ekinbide soziala da Ehun. Alderdi politikoekin harremanik bai?

Prozesu independentista alderdi politikoekin identifikatzeko joera bat egon ohi da. Erretorikoki esaten da herritarrak ahaldundu egin behar direla eta haiek direla protagonistak, baina gero halakorik ez da gertatzen. Alderdien estrategiak dira nagusi; politika alderdien mediazio egituren bitartean ulertzen da. Gu ez gaude alderdien aurka, baina euskal errepublikaren aldeko dinamika sozial bat eraiki nahi dugu, egoera berri bat sortzeko, statu quo hausteko, eta horretarako beharko genituzke alderdiak. Kataluniak erakusten digu herritarrek agenda markatzeko gaitasuna dutenean, prozesu hori norabide eta erritmo onean doala; aldiz, agenda alderdien esku geratzean, prozesu hori geldotu egin da han.

Gure Esku-k erakutsi du mobilizazio sozialerako gaitasuna.

Bai. Gu beste esparru bat betetzera gatoz, hutsik dagoen espazio bat. Baina bateragarriak izan daitezke Gure Esku eta Ehun.

Zergatik aldarrikatu duzue, zehazki, euskal errepublika?

Herritarren eskubideekin lotzen dugulako. Balio errepublikanoek badute potentzial bat. Baina badira jakobino eta eskubide batzuen zapaltzaile diren errepublikak ere; esaterako, Frantziakoa. Guk geurea eraiki behar dugu. Horretarako, diskurtsoa osatu eta zabaldu egin behar dugu, argudioekin, datuekin eta besteekin. Jauzi hori ematea derrigorrezkoa da.

Zuen mezua ez da abertzaleentzat bakarrik, ezta?

Independentismoaren multzo nagusia, gaur egun, abertzalea da, baina gure mezua denentzat da. Euskal Herrian bizi den herritar oro erakarri behar dugu independentismora, haien eskubideak errespetatuko liratekeen errepublika baten bila joz. Badugu altxor bat jorratzeko.

Aurkezpen idatzian zenioten ez dela konponbiderik egongo Espainiarekin eta Frantziarekin.

Horretaz jabetzea oinarrizkoa da, gero beste bide batzuk pentsatzeko eta gatazkari errotik eusteko. Espainiarekin eta Frantziarekin aldebikotasunaren eskemak ez du balio. Hori ari gara ikustenKataluniako prozesuan.

Konfrontazioaren alde zaudete?

Eskozian egin zuten erreferendum bat, baina guri Parisek eta Madrilek ez digute aitortuko autodeterminazio eskubidea. Beraz, statu quo aldatzea dagokigu, eta legedi bat apurtu egin beharko da halako batean. Horretarako, talka bat behar dugu, konfrontazio bat. Aktibazioak eta desobedientziak prozesua azkartu egiten dute. Katalunian frogatu da talkarik gabe ez dagoela oinarria zabaltzerik. Tentsio eta polarizaziorik ez egoteak gizartea lokartzea dakar, eta independentismoa murriztu egiten da. Konfrontazio egokia sortzeko diskurtso bat eta erreminta batzuk eskaini behar ditu independentismoak.

«Burujabetza hitza ez da abstraktua», esan du Ehunek.

Espainiari eta Frantziari burujabetza emateko eskatzen zaie, manifestazioak egiten dira... Menpekotasun mentalitatea izatea da hori. Burujabetza praktikan jarri behar da. Adibide ona da intsumisioarena. Euskal Herriaren garaipenik handienetakoa izan zen, baina hortik oraindik ez ditugu atera beharreko ondorioak atera.

Otsailaren 15aren ostean, zer?

Aztertu egindakoa, ikusi ea zenbat garen, eta nazio biltzar bat-edo egin beharko da zer segida eman erabakitzeko. Kapital bat egongo da. Baina, oraingoz, otsailaren 15era begira gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.