Ekaitzari aurre egiteko Caixabank «portu ona» zela azaldu du Asiainek

Nafarroako Kutxako presidente ohiak iritzi dio «akatsa» dela egungo informazioarekin iragana epaitzea. Caixabank hauturik onena izan dela azaldu du ikerketa batzordean: «Ez naiz damutzen»

joxerra senar
Iruñea
2018ko irailaren 29a
00:00
Entzun
«Zer da hobea: Peperen tabernaren %100 izatea ala McDonald's-en %1aren jabe izatea?». Galdera erretoriko hori planteatu zuen atzo Jose Antonio Asiain CANeko presidente ohiak, Nafarroako Kutxak Caixabank taldearen barruan amaitu izana babesteko. Bost orduko agerraldian, Asiainek azaldu zuen aurrezki kutxa guztiak «eraldatze prozesu batean» sartu zirela 2009tik aurrera, finantza krisiak eta araudi aldaketek bultzatuta. Hartara, ukatu egin zuen Nafarroako Kutxa desagertu dela, eta haren ondorengo fundazioak Caixabanken %1 edukitzea erabaki ona dela deritzo, ekaitzaren erdian «portu ona» delako. Metafora bera erabiliz,gogoratu zuen beste kutxa batzuk porturik topatu ez eta bidean galdu zirela. «Ez naiz batere damutzen Caixabankekin ezkondu izanaz».

Jose Antonio Asiain ez zen edonor izan CANen gobernu organoetan. 2004tik, administrazio kontseiluko eta batzorde exekutiboko kide, eta 2010etik, presidente. Interesa piztu zuen haren agerraldiak. Zapaltzen zuen zorua sendoa zela sinetsirik, lasaitasunez plazaratu zuen bere ikuspegia 2004tik 2012ra arte Nafarroako Kutxan bizitakoaz. Parlamentariei zein kazetariei 260 orrialdeko dosier bat banatu zien.

Neurri handi batean, Enrique Goñiren bertsio ofizialari heldu zion Jose Antonio Asiainek. Goñik bezala, Asiainek ukatu egin zuen Nafarroako Kutxa desagertu egin dela. «Edo, bederen, ulertzen badugu finantza jarduera banku bati pasatzea desagertzea dela, orduan ondoriozta dezakegu bi erakunde txiki izan ezik gainerako kutxak desagertu egin direla», zehaztu zuen. Testuinguru ekonomiko zail hartan, aurrezki kutxak bakarrik ez zuen ezer egiterik. «Ekaitzari aurre egitera aterkirik gabe ateraz gero, bustitzeko arriskua duzu».

Goñik egin bezala, «akatsa» dela deritzo egungo informazioarekin iragana epaitzea: «Oraingo informazioarekin atzoko kiniela asma dezaket, baina horrek ez du balio». Onartu zuen eztabaidagarri izan zitekeela Caixabanken ordez beste talde bat aukeratu izana—Ibercaja edo Kutxabank—. Alta, bere ustez, «hautu onena» da Caixabank, %1eko partaidetzarekin «gizarte ekintza handienetakoa» duelako CAN fundazioak, besteekin alderatuta, eta, «legearen arabera, horixe da banku fundazioen egiteko nagusi bakarra». Era berean, ukatu egin zuen antzeko tamaina duten beste kutxa batzuek bankuen kontrola dutela egun. «Esadazue bakarra», bota zien erronka parlamentariei.

Geroa Baiko Koldo Martinezek galdetu zion zergatik Nafarroako Kutxak ez zien euren bazkideei azterketa zorrotza egin bateratzeko prozesuan, gerora JC Flowers inbertsiogileak eta Caixabankek berak egin zuten bezala. Martinezen arabera, bazkide desegokiak topatu zituen CANek, batez ere Cajasol, gerora Banca Civicari lasta handiegia eragin baitzion. Asiainen arabera, «elkarren osagarri» ziren bazkide guztiak, eta, Cajasolen kasuan, erabakiak azkar hartu behar izan zituzten 2010eko udazkenean. «Futbolari bat fitxatzea bezala da: ez baduzu zuk egiten, beste batek hartuko dizu aurrea». Martinezek ihardetsi zion: «Agian, hobe izango zen beste batek fitxatu izan balu Cajasol».

Asiainek onartu zuen 2007tik 2017ra arte CANek 958 milioi euroko ondare galera izan zuela. Ondare galera horretan, 435 milioi Banca Civicaren bateratze prozesuak irentsi zuen; 510 milioi talde hori burtsara atera izanaren doikuntzak eragin zuen, eta beste 12 milioi euroak, homogeneizazio irizpideek. Asiainen arabera, diru hori ez zen desagertu, baizik eta neurri handi batean erantzuten dio ondarea neurtzeko bi neurgailu diferenteri: 2007koa «kontabilitate balioaren arabera» egin zen, eta 2011ko uztailetik, burtsako prezioak ezartzen du bestea. «Antonio Machadok esan zuen gauza bat dela balioa eta bestea prezioa». Hala, bere ustez, Europako bankuen prezioa batez beste «euren kontabilitate liburuaren erdia» da, eta, CANen kasuan galera %80 bada ere, balio galera txikienetakoa izan zuen.

Martinezek gogorarazi zion Caixabankek egindako balorazioaren arabera Banca Civicak baliabide propio guztiak irentsi zituela arriskuei aurre egiteko. Asiainek, berriro, balioaren eta prezioaren arteko aldeari egin zion erreferentzia. «Bai, baina 977 milioiko prezioa hitzartu zuen gurekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.