Koronabirusa

Saltokiak. Kezka aurrera begira

Lehen faseko lehen egunean, Iruñeko saltokiek garbiketa eta segurtasun neurriak zorroztu dituzte. Sektoreak kolpea nabaritu du, baina batez ere etorkizunak kezkatzen du

Alde Zaharreko denda batean, sartzeko ilara egiten, atzo. Pertsona gutxi batzuk sar daitezke batera. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun

Mila Lakuntza Iruñeko Bigarren Zabalguneko mertzeria baten sarreran dago, ilaran, zain. «Eroso nago hemendik aurrera aukera izango dugulako gauzak erosteko, baina era berean deseroso, hamabost minutu daramadalako itxaroten. Ez da modua». Iruñean, lehen faseko lehen egunean, dendek pertsona kopuru jakin bati sartzen utzi diote, saltokiaren tamainaren arabera. Barruan, garbiketa neurriak gogortu dira. Saltzaileak pozik daude, baina kezka islatzen da aurpegietan. Zer gertatuko da hemendik aurrera?

Potsdam Deco altzari dendan, ordenagailuari begira dago Juan Frauca. Konfinamenduan, ateak itxita lan egin du, inbentarioak kudeatzen eta webgunea eguneratzen. «Internet bidezko salmentaren prozesua azkartzeko balio izan digu». Horri esker, bezeroekin harremanetan jarri da, eta aurreko astean ordua emanda salmentari ekin zion. Kolpea handia izan da. «Ondo zihoan, baina martxoan, konfinamendua ezarri aurretik, apaldu egin zen mugimendua, beldurrez». Ia bi hilabete geroago, normalean fakturatu ohi zuenaren %10-20 inguru darama aurten.

«Oraintxe bertan likidazioan gaude. Hartua genuen erabakia, baina egoerak azken ukitua eman digu», erantzun du, irmo, Buenas Noches koltxoi dendako arduradun Alvaro San Julianek. Ironikoki, konfinamenduak likidazioa azkartu baino gehiago moteldu egin du, maiatzerako dena saldua nahi baitzuen, eta orain denbora beharko du. Zergatiaz galdetuta, argi du joera aldatzen ari dela. «Kontsumoa ez da lehengoa. Etortzen dira eta galdetzen dute; koltxoiez daukadan ezagutzaz baliatzen dira, baina Internet bidez erosten dute gero». Egungo egoerak dena hankaz gora utziko duelakoan dago.

Patxi Ruiz Rex erloju dendako arduraduna iritzi berekoa da. Haren irudiko, konfinamenduak «bizkortu» egin du sarean erosteko joera. «Jendeak denbora izan du, eta adinekoek ere ikasi egin dute Internet bidez erosten. Amazon, Alibaba eta erraldoi horiek saldu eta saldu ibili dira, baina apenas ordaintzen duten zergarik». Seurreko banatzaile batek esan dio Eguberrietan baino %30 lan gehiago dutela. Herritarren sen onari dei egin dio Ruizek, baita erakundeei ere. «Saltoki txikiak babestu ezean, desagertu egingo dira, eta Iruñea hustu egingo da».

Apur bat baikorrago dago Belen Zia, Cia tindategiko arduraduna, nahiz eta zuhur mintzatu. Lehen egunean, bezeroak etorri zaizkio, baina denboraldiaren zati handi bat galdu duelakoan dago. Normalean, negua amaitutakoan arropa garbitzera joan ohi zaizkio bezeroak, eta ez daki lan horretatik zenbat berreskuratuko duen.

Gertu, Tivoli 2 zapata dendako Ramon Lordari antzera gertatu ohi zaio. Udaberria denboraldi ona izan ohi da zapatak erosteko, eta, «apirilean eguraldi ona egin duenez», kezkati dago galdutako aukeragatik. Beste urte batekin alderatuta, lehen bost hilabeteotan %20-30 galdu duela uste du.

Segurtasun neurriak

Saltokietan garbitasun neurriak gogortu dituzte, baina arropa dendetan are ageriago egiten da. Fabiola Azkona Siethe dendako arduradunak maskara darama jantzita, eta babes pantaila eskuan. Mahaiak kendu eta hidrogelak jarri dituzte. «Pozarren nago, bezero bat etorri eta erosketa on bat egin duelako. Ondo legoke hala jarraituko balu».

El Roperio dendan, Monica Mateok segurtasuna jarri du egoera berriaren ardatz. Maskara jartzera eta eskuak garbitzera derrigortzen du. Bezeroek probatzen duten arropa oro, zaku batean sartu eta ozonoa isurtzen duen makina txiki batekin desinfektatzen du, ordu erdiz. Erabiltzen den bakoitzean garbitzen du probalekua, eta haraino doan bezeroari zapatak garbitzen dizkio: «Hona datorrenak erostera etorri behar du. Ez du balio probatzera soilik natorrela esatea. Jendea kontzientziatuta dago». Egoerak bezeroekin tratua estutzera behartu du: «Iragan astean, ordua emanda aritu nintzen, eta batek esan zidan nahiago zuela horrela, lasai beretzat soilik nengoelako».

Beste saltzaile batzuk, oraingoz, nahiago dute denda itxi. Agustin Agirre, Agustin Aguirre tailerreko arduraduna, garbiketa lanetan dabil. Margoak, beirak eta harribitxiak egiten ditu, eta datorren astean irekiko du. 61 urte ditu, eta kezkatuta dago eritasunak dituen arriskuekin. Bitartean, Facebook, Instagram eta sare sozial bidez ari da saltzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.