Koronabirusa

Txertoak jartzeko gune handietan aurrera egingo du Osakidetzak

Illunbekoa martxan da Donostian; Bilbon, Casillan gaur hasiko dira, eta Gasteizen jarriko dute aurki beste bat. 65 urtetik gorako «ezinbesteko langileei» AstraZeneca jarriko diete

Txertaketa gunea zabaldu zuten atzo Anoetan, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Motel antzean joan da txertaketa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan orain arte; bigarren dosia bermatze aldera, txertoak gordetzeko hautua egin zuen Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, eta agerikoa zen estrategia horren eragina. Baina martxa bizitu egin dute orain. Jasotako txertoen %89,6 jarri dituztela adierazi zuen atzo egin zuen agerraldian Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, eta bultzada bat eman nahi diotela orain prozesuari, txertaketarako gune handiak jarrita.

Donostian, martxan dago Illunbekoa; Bilbon, gaur hastekoak dira Casillan; eta Gasteizen, horretarako era dagonean, Lakua frontoian jarri nahi dute beste bat. Orotara, egun 150 txertaketa gune jartzeko bidean daudela adierazi zuen Osasun sailburuak; 25ekin hasi zirela, eta sarea trinkotzen ari direla. Jaurlaritzaren orain arteko estrategiaren defentsa egin zuen; horri esker adinekoen egoitzetan egoiliar denak bi dosiak jasota daudela esan zuen. Donostian, atzo, Anoetan ere jarri zuten txertaketak egiteko gune bat; Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Realaren arteko akordio baten emaitza izan zen. Lehen itzulian, 9.500 pertsona txertatu nahi dituzte hor; aldundiarekin lotura duten okupazio zentroetako langile eta erabiltzaileak dira.

Oraindik, 80 urtetik gorako herritarrak txertatzen ari dira bereziki Osakidetzako profesionalak. Horiei etxetik hurbil txertatzeko era ematen dietela azaldu zuen Sagarduik, eta etxera ere joan zaizkiela askori. Poliki-poliki 65 urtekoei eta hortik beherakoei ere deiak egiten hastea da helburua; SMS mezuen bidez deituko dute. Populazio orokor hori txertatzeko erabili nahi dira, bereziki, txertaketarako gune handiak.

Bestalde, Espainiako Osasun Ministerioak erabaki du AstraZe enecaren adin muga malgutzea; 65 urtetik gorako «ezinbesteko langileei» ere ezartzea erabaki du. Osasun Publikoko batzordean hartu zuten erabakia atzo iluntzean, eta gaur erkidegoekin batera txertaketa plan berritua onartzea espero dute. Txertaketa erritmoa bizkortzea da helburua. Plan berrituan dosi bakarreko Janssen txertoa ere aipatzen da. Apirilaren amaierarako iristea espero da, eta, Moderna eta Pfizerri lotuta, lau txerto mota emateko estrategia onartzekotan da Espainiako Osasun Ministerioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.