Poloniako Delinkuentzia Antolatuaren eta Ustelkeriaren Arloko Fiskaltzaren ordezkariek eskatu dute Pablo Gonzalezek behin-behineko kartzelaldian segi dezala, Efe agentziaren arabera. Esan dutenez, «ondo arrazoitutako kezka bati» erantzuten dio eskaerak, Gonzalezek «prozeduran iruzur egin, ezkutatu, edo ihes egingo duen beldurra» daukatelako. Gehitu dute, gainera, kazetaria kondenatzen badute balitekeela «zigor handia ezartzea».
Eskaera abuztuaren 23an aztertuko du Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak, eta fiskaltzaren proposamena onartu edo ez erabakiko da han.
174 egun atxilo
Pablo Gonzalez euskal kazetariak 174 egun daramatza atxilotuta eta inkomunikatuta Polonian. Ekainaren amaieran, Poloniako Rzeszowko Dei Auzitegiak ez zuen onartu kazetariaren abokatuak haren atxiloaldiaren kontra ezarritako helegitea. Maiatzean, Gonzalezen espetxealdia luzatzeko eskatu zuten Delinkuentzia Antolatuaren eta Ustelkeriaren Arloko Poloniako Fiskaltzaren ordezkariek, eta, eskaera egin ondotik, Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak onartu egin zuen fiskaltzaren eskaera; horren ondorioz, auzitegiak ebatzi zuen Gonzalezek beste hiru hilabetez egon beharko duela preso. Orain, epe hori gehiago luzatu nahi du fiskaltzak.
Gonzalezen amiliak maiz salatu du «inkomunikatuta» dagoela; gutunak hainbat hilabeteko atzerapenarekin iristen zaizkio, eta debekatuta dauka telefonoz hitz egitea.
Otsailean atxilotu zuen Poloniako Poliziak Gonzalez, Przemyslen, Ukrainako mugatik kilometro gutxira. Errusiako zerbitzu sekretuetako agente izatea leporatu zioten, eta, akusazio horren arabera, hamar urtera arteko kartzela zigorra ezar diezaiokete kazetariari.
Gonzalezek kartzelan segi dezala eskatu du fiskalak
Fiskaltzak argudiatu du arriskua dagoela Pablo Gonzalez kazetariak ihes egiteko. Poloniako auzitegiak hilaren 23an aztertuko du eskaria

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu