Mabel Cenizo. Caritaseko arduraduna

«Muturreko bazterketa larritu egin da»

Pobrezia esparru ekonomikotik harago doan arazo bat dela dio Gipuzkoako Caritaseko formakuntza arduradunak. Ohartarazi duenez, pobrezia «kronifikatzen» ari da.

CARITAS.
Edurne Begiristain.
2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Pobreziaren «alderdi desberdinei» erreparatu die Mabel Cenizo Gipuzkoako Caritaseko formakuntza arduradunak Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunean.Gizartearen kontzientzia eta politika publikoak eskatu ditu egoera iraultzeko.

Pobreziari argazki bat eginez gero, zer ikusiko genuke?

Pobreziak ez du aurpegi bakar bat, alderdi eta osagai desberdinak ditu. Pobreziak diru sarrera nahikorik ez duten edo diru sarrerarik ez duten familiekin du zerikusia, baina baita gizarte babesik ez dutenekin, lan merkatuaren barruan egon arren etxebizitzaren gastuei aurre egin ezin dietenekin eta egoera administratibo irregularrean daudenekin ere.

Caritasek kaleratutako azken ikerketek agerian utzi dute muturreko bazterketa areagotu egin dela.

Azken urteotako krisi zikloaren ondorioz, familia batzuk bazterketaren eremuan egituratu dira, eta ezin dira pobreziaren eremutik atera. Baina badira beste batzuk integratzea lortuta ere baztertuta bizi direnak oraindik. Langile pobreekin ikusten dugu hori: aurrera ateratzeko, lana izateko eta diru sarrerak lortzeko egiten duten ahalegin guztia ez da nahikoa, eta haien egoera gero eta okerragoa da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gero eta familia gehiago geratzen ari dira ilaran, gizartearen erdigunetik urrun.

Ekainean aurkeztutako txosten batean ohartarazi zenuten familia gutxiago artatzen dituzuela, baina behar handiagokoak.

Muturreko bazterketak gora egin du, hau da, lehendik gaizki zegoena okerrago dago orain. Kronikotasun handiagoa dago artatzen ari garen etxeetan. Ez da soilik arazo ekonomiko bat; ertz asko ditu: besteak beste, hezkuntzaren eremuko material guztietarako sarbide nahikoa izatearekin du zerikusia, eta tratamenduak edo sendagaiak eskuratu ezin izatearekin ere bai. Jendeari gero eta gehiago kostatzen zaio bazterketa espazio horretatik ateratzea, eta, hala, normala da zailtasunak enkistatzea. Garai batean, uste genuen lanarekin pobreziatik ateratzen ahal zela, baina hori jada ez da horrela. Langile pobreak ere badira. Kronifikazio hori hor dago, eta zerbait egin beharra dago.

Zer faktorek dute eragina bazterketa larriaren areagotzean?

Bi kontu aipatuko nituzke: lan merkatua eta etxebizitza. Galdera da ea nola laguntzen diegun lan merkatuan dauden pertsonei diru sarrera nahikoak izan ditzaten. Uste dugu DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta berriari buruzko erreformak arindu egingo duela langile pobreen egoera. Etxebizitza merkatua ere faktore garrantzitsua da: etxebizitza beharrezkoa da, baina familien etxebizitzen gastua eta mantentzea ikaragarria da. Politika publikoak behar ditugu hori konpontzeko.

Caritasera laguntza bila doan pertsonaren profila nolakoa da?

Emakume gehiago daude pobrezia eta bazterketa egoeran, batez ere guraso bakarreko familietakoak eta seme-alabak zaintzen dituztenak. Jatorriaren araberako arrakala ere sumatzen dugu: pobrezia askoz ere handiagoa baita migratzaileen artean. Bestalde, gehien kezkatzen nauten faktoreetako bat da pobrezia gaztetzen ari dela. Ez da bidezkoa etxe pobreetan dauden haur horiek aukerarik ez izatea pobrezia eta bazterketa egoeretatik ateratzeko. Izan ere, haurrak eta gazteak babesteko mekanismorik jartzen ez badugu, pobrezia eta bazterketa transmititu egingo dira.

Zeintzuk dira aurrera begirako erronkak pobrezia amaiarazteko?

Gizarte zibil kontzientziatu bat eta politika publiko egokiak behar ditugu egoera aldatzeko. Bi aldagaiak elkarrekin lotuta daude. Gizarte zibilak elkartasuna praktikara eraman behar du egoera hau iraultzeko, eta elkartasun horrek politika publikoen akuilua behar du. Hau da, gizarte zibilak kontzientziazio lana egin behar du elkartasuna politika publikoetara irits dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.