xabier martin
ANALISIA

EAJ bere labirintoan

2023ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
EAJrantz eraman du arreta azken asteetan Espainiako Gorteetarako hauteskundeek utzitako aritmetika zitalak; are gehiago, jakin denetik PPko hautagai Alberto Nuñez Feijook bere aukera izango duela irailaren 26an eta 27an egingo duten inbestidura saioan. Lau boto falta ditu Feijook Moncloara iristeko, mundu bat diputatuak nola banatu diren aztertzen denean. EAJk bost diputatu ditu, baina hauteskunde kanpainatik garbi esaten ari da —azken egunetan are argiago— arrakala horri ez diola zubirik jarriko; alegia, «Vox sartzen den edozein ariketatan» EAJ ez dela sartuko.

Beraz, aurreikus daiteke Aitor Esteban Espainiako Kongresuko alderdiko bozeramaileak horixe bera berretsiko diola PPko presidente Alberto Nuñez Feijoori bien arteko bileran, datozen egunetan. Bozen ostean ez deitzeko ohartarazi zioten jeltzaleek Voxekin batera Espainiako zenbait erkidegotan gobernuak eratu dituen alderdiko buruari, baina, orain, «kortesiaz» batzartuko da Esteban Feijoorekin.

Bilera horren berri jakin aurretik ere aldiro helarazi behar izan du Estebanek EAJk ez duela babestuko PPren gobernu bat, hark Voxen babesa beharko bailuke nahitaez; hala jakinarazi dio asteon Espainiako errege Felipe VI.ari ere, borboiak Feijoo izendatu aurretik gobernua osatzeko hautagai gisa.

Baina irailaren 26a eta 27a iritsi arte, aldi gehiagotan argitu beharko du EAJk bere ukoa benetakoa dela, PP estu hartzen ari baita estrategia «berriro hausnartzeko» eskaerekin. Etsipena ez da txantxetakoa Madrilgo Genova kaleko egoitzan, eta ematen du EAJ limurtzeko PPren saioak aurrera egingo duela jeltzaleek beren hitzezko ezezkoa botoetan islatu arte. Borja Senperrek esan die jeltzaleak «beldur» direla «Bildu gailentzen ari zaiela-eta»; «arrazionaltasunera» itzultzeko dei egin die, besteak beste «Kongresuan erreferentzia» izateko aukera dutelako. Rajoy eta Aznar babestu zituztela ere gogoratu du.

Laburra eta aldi berean iritsezina ematen du PP Moncloatik urruntzen duen tarteak. Hainbeste ezen PSOEko «diputatu zentzudunak» ere bilatzen hasi baita. Transfugismoaren mamua hor dago.

Nork bere analisia

Edonola ere, Moncloa giltzarri gisa hartuta aztertzen ari da PP bere puzzlea osatzeko arazoa, eta EAJ, berriz, Eusko Jaurlaritza oinarri den analisi baten barruan. Sabin Etxeak ezin du Madrilera begira erabaki Moncloako hurrengo maizterra nor izango den. Urtebete baino lehenago iritsiko dira Eusko Legebiltzarrerako bozak, izan ere, 2024ko ekainean edo uztailean beranduenez. EAJrentzat Gasteizko gobernuak du lehentasuna, eta badaki EH Bildurekin jokoan duela nagusitasun politikoa hiru lurralde horietan.

Madrilen, PPri Espainiako Gobernurako bidea itxita ere, inoiz baino erronka handiagoa izango dute jeltzaleek Gasteizen PSErekin biko gobernua eratzeko atzera. Koalizio abertzalea «ziklo politiko berri» bati buruz ari da, azken bi hauteskundeetan gorakada handiak lortu eta gero. Hazkunde horrekin batera EAJren aparteko beherakada iritsi da, lehenik maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan eta Espainiako Gorteetarako bozetan gero, uztailaren 23an.

Pandemiaren kudeaketaren higadurarekin eta, zehazki, Osakidetzarekin zerikusia duen erreakzio batekin lotu dute M-28ko boto galera handia Sabin Etxean. Andoni Ortuzar presidenteak esan zuen «abisua jasoa» zegoela, baina U-23an berriro jaitsiera deigarria iritsi da EAJrentzat, eta hura ulertzeko gakoen bila dabil atzera alderdiaren zuzendaritza. Edonola ere, testuinguru politikoa ez da egokia egungo PP Moncloara eramateko, ezta prebendak itsutzeko modukoak balira ere.

Madrildik Gasteizerako

Sabin Etxean oso gogoan dute Gipuzkoako Foru Aldundia galtzear zegoela udal eta foru bozen biharamuneko emaitzak aztertzean, eta PPren esku geratu zela Eider Mendoza ahaldun nagusi izendatzea ala ez. Gipuzkoa bezala, Gasteizko Udala ere EAJ-PSE bikoak eskuratu du, baina PPri esker hura ere, eta aldagai horri neurria hartu beharko dio EAJk Madrilgo erabakiak hartzean. Bi erakundeetan gobernatu ahal izateko PPren beharra dute, ezkerreko oposizioak desadostasuna azaltzen duen eduki guztietan, eta Feijoori ezezkoa ematea ez da hoberena izango behar parlamentario horiek bideratzeko. Haatik, behar horiek txantxa izan daitezke PP Moncloara eramateak edo beste hauteskunde deialdi bat eragiteak ekar lezaketen boto emaileen zigorraren aldean.

Horregatik, Espaniako Gobernua osatzeko labirintoan, EAJ marraztu duen bidetik joango dela espero daiteke. Jeltzaleek badakite PPren oniritzia behar duela Senatuan PSOEren laguntzaz bideratu duten talde parlamentarioak. EAJ are estuago hartzeko balia dezakete PPk aldagai hori ere. Baina zaila ematen du PPk ate hori ixtea: Sabin Etxeak Feijoori eman dion ezezkoaren kutxan azken iltzea sartzea litzateke.

Ezezko horrek ez du esan nahi, dena den, EAJ eroso dagoela Sanchez babes dezakeen taldean, bereziki, EH Bildurekin batera azalduta. Estebanek beste tratu bat eskatu dio Sanchezi, EAJ Madrilen koalizioaren aurretik erakutsiko duen harremana; lehentasunezko bazkidetza baten estatusa lortzea, ordea, ez da hain erraza izango EH Bilduk baino diputatu bat gutxiago edukita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.