Albistea entzun

ANALISIA

Arraunlaria, presoak eta bozak

Iñaki Goikoetxea Urdaibaiko arraunlaria, Kontxako Bandera irabazi berritan, igandean.
Iñaki Goikoetxea Urdaibaiko arraunlaria, Kontxako Bandera irabazi berritan, igandean. ETB Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2023ko irailak 14

Arraunean atzera begira egiten dela aurrerantz gogoratu du egunotan Jon Maia bertsolariak. Gisa horretan doa aurrera euskal politika azken urteotan; alegia, aurrerapausoak ematen aldiro atzerako ispiluari begiratuz. ETA desegin zen, eta gatazka armaturik ez dago jadanik. Foro Sozialak ere agur esan zion bere jardunari aurtengo martxoan, baina ohar bat utzita: bake prozesuaren«hiru lokarri funtsezkoetako bat» presoak dira, eta «oraindik salbuespenez» kudeatzen dute esparru hori; euskal presoak gizarteratuak izan daitezen,«salbuespen legedia ez, legedi arrunta» aplikatu behar dela azpimarratu zuen Foroak bere agurrean.

Baieztapen horrek ez zuen polemika politikorik piztu; aitzitik, Foro Sozialaren lana babestu edo aitortu egin dute alderdi politiko gehienek urteotan. Aieteko bide orrian jasoa geratu zen gatazkaren irtenbidean presoen auzia ere kudeatu behar dela, gatazkaren ondorio den aldetik. Euskal alderdi gehienek babestu zuten bide orri hori.

Aldagai hori ahanzturak hartu duela ematen du, ordea, aintzat hartzen bada asteon zer-nolako polemika sortu den. Arraunlari batek presoak etxeratuak izan daitezen nahia gizarteratu du, Kontxako Bandera irabazi berritan. Urdaibaiko Iñaki Goikoetxea arraunlaria «bereziki Iurgirekin» gogoratu da, Iurgi Garitagoitiarekin, Azpeitiko (Gipuzkoa) Inaxio Uria enpresariaren atentatuari loturik kartzela zigor luzea betetzen ari den euskal presoarekin. Aurreko urtean ere, Bermeoko ontziaren garaipenaren ostean, desira hori bera helarazi zuen Goikoetxeak, ETBko kameren aurrean, Kontxan bertan. Eta, iaz bezala, aurten ere EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik eskerrak eman dizkio sare sozialetan: «Eskerrik asko beti euskal preso politikoak gogoratzeagatik». Iaz ez zen ika-mikarik sortu, baina aurten ekaitz politikoa iritsi da bat-batean.

EAJko, PSE-EEko eta Elkarrekin Podemoseko zenbait ordezkarik gogor arbuiatu dituzte Otegiren hitzak, eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk esan du «tamalez batzuek oraindik ibilbide luzea» dutela egiteko. «Elkarbizitza ez da hori, eta iraganarekiko arduratsua izatea ere ez», erantsi du, gogoratu aurretik «Kontxan aritutako hamasei arraunlarien talde txikian bi umezurtz» zeudela, ETAk haien aitak hil baitzituen.

Nork bere kontakizuna

Azken mende erdiko kontakizun nagusia eraikitzeko gatazka indarrez azaleratzen da aldiro euskal alderdien artean, eragile bezainbat kontakizun daudelako tesiari muzin eginda; hauteskunde garaian modu esanguratsuan gertatzen da. Iraganera begiratuta eragin ziren bi olatu handi maiatzeko udal eta foru hauteskundeei eta uztaileko Espainiako Gorteetarako bozei loturik: Aranzadiren biktimen webguneak eta EH Bilduren hautagaien zerrendak. Bietan jarri zuten kritiken erdigunean EH Bildu, eta hauteskunde bietan lortu zituen inoizko emaitza onenetakoak koalizioak.

Urdaibaiko arraunlariaren nahia baliatuta lehertu den polemika ere hauteskunde giroan iritsi da. Urkulluk ez du deitu Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak egitera, baina hamar hilabete barru izango dira beranduenez. EH Bilduk gora egin du nabarmen azken bi deialdietan, eta EAJk behera, hark ere nabarmen. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hegemonia politikoa jokatuko dute biek hilabete gutxi barru, eta urte politikoa hastearekin batera iritsi da bozen gertutasunak puztutako ika-mika; kanpaina izan daitekeenaren lagin gisa edo. Otegik berak ohar argia bidali du: «Hau ayusismo politikoa da, eztabaida artifiziala bozei lotua, ez etikari lotua».

EH Bilduk ez du elikatu nahi biktima batzuen minarekin lot daitekeen auzirik, baina koalizioak «preso politikorik gabeko geroaren alde» lanean jarraituko duela garbi utzi du, «kartzela politika arrunta» eskatuz. Sakabanaketa politika atzean geratu da aurten, baina, euskal presoen artean, hiru laurden etxera bidean leudeke kartzela politika arrunta aplikatuko balitz, ez salbuespena. Xalotasunez helarazitako arraunlari baten nahiak baditu arrazoi horiek guztiak atzean.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Epaitegiaren aurrean egindako elkarretaratzea. ©Oskar Matxin Edesa / Foku

Fiskalak urtebetera jaitsi du zigor eskaera 'Leioako bosten' kontrako epaiketan

Gotzon Hermosilla

Orotara, ia berrogei urteko espetxe zigorra eta 45.000 euroren isunak eskatzen zituen lehen. Bost gazteek akusazioak onartu dituzte. Seigarrenaren kontrako akusazioa erretiratu du fiskaltzak.

Mertxe Aizpurua, gaur, Espainiako Diputatuen Kongresuan. ©JUAN CARLOS HIGALDO / EFE

EH Bilduk eta EAJk nazio auziari heldu diote Feijooren inbestidura zapuztuan

Mikel Elkoroberezibar Beloki

PPko presidentegaiak aldeko 172 boto jaso ditu, eta aurkako 178. Ostiralean bozkatuko dute berriz. EH Bilduk «agenda plurinazionalari» eman dio lehentasuna, eta EAJk esan du «Euskadi estatuan egokitzeko modua» bilatu behar dela.

Tindaketa faxisten kontrako manifestazioa, Kanbon ©Guilaume Fauveau

Baionan eskuorri faxista bat banatu dutela salatu dute

Oihana Teyseyre Koskarat

Musulmanen eta arabiarren kontrako mehatxu bortitzak irakur daitezke paper horretan; are gehiago, Baionako okindegi baten kontra egin dute langile batek beloa duelako. Besteak beste, Etorkinekin federazioak, EH Baik eta LAB sindikatuak salatu dute gertatutakoa.

Noain ©Iñigo Uriz / Foku

Nafarroako 77 kontzejutan ere hauteskundeak egingo dituzte azaroaren 26an

Joxerra Senar

Nafarroako Gobernuak sinatu du deialdia, maiatzaren 28an ez zelako hautagairik aurkeztu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.