Albistea entzun

Akordioak zabaltzeko beharra adieraziko du Urkulluk ostegunean

Lehendakariak «agenda propio bat» defendatuko du politika orokorreko eztabaidan. EH Bildu «euskal estatu itunen» beharraz arituko da. Elkarrekin Podemosek energia itun bat eskatu du
Iñigo Urkullu, urte politikoari hasiera emateko ekitaldian.
Iñigo Urkullu, urte politikoari hasiera emateko ekitaldian. GOTZON ARANBURU / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edurne Begiristain - Iosu Alberdi -

2022ko irailak 20

Eusko Legebiltzarrak ostegunean emango dio hasiera lan urteari, politika orokorreko eztabaidarekin. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk mundu osoko «ziurgabetasun» egoera izango du hizpide, eta, testuinguru horretan, «lankidetzan oinarritutako gobernantzaren» alde egingo du. «Diferentzia ideologiko bistakoak gorabehera [...], egonkortasuna eta akordioaren eta lankidetzaren kultura gure herriaren aktibo inportante bat dira», dio lehendakaritzak hedabideei bidalitako hitzaldiaren laburpenak. Akordio eta itun hitzak dira nagusi oposizioko alderdien artean ere. Bakoitzak, baina, ikuspegi propioa du horiek garatzeko moduen inguruan.

Lehendakaritzaren arabera, «agenda propio bat» behar da egungo zalantzei aurre egiteko: «Ongi zehaztua, egituratua eta berritua». Zehaztu dutenez, agenda horrek bost estrategiaren gainean ardaztuta egon beharko luke: «gizarte kohesioaren arloko ekintzak»; enplegurako, industriarako, inbertsio publikorako eta hazkunde jasangarrirako ekintzak; klima aldaketari erantzutea; erronka demografikoa eta gazteen aldeko apustua; eta Euskadi-Basque Country deritzon ildoa, hau da, nazioartekotzea.

«Gobernantza eraginkor baterako bide orri» horrek hiru mugarri izango ditu: aurrekontuak, legegintza programa eta herri akordioak. Azken horiei dagokionez, Urkulluk azalduko du itunak lortzeko «ahal duen guztia» egingo duela, eta nabarmenduko du Jaurlaritzak hala egin duela azken hilabeteetan ere, eta horrek «fruituak» eman dituela.

Horietako batzuk hizpide izan ditu EAJren Eusko Legebiltzarreko eledun Joseba Egibarrek; besteak beste, azken aurrekontu akordioa eta hezkuntza ituna. Jeltzalearen esanetan, zerbitzu publikoak indartzea proposatuko du EAJk legealdiaren bigarren erdian, eta, horretarako, «ahalik eta batasun eta akordio gehien» lortu nahi dituzte. Hala nola diru sarrerak bermatzeko euskal sistema, Osasun Publikoaren Legea, Hezkuntza Legea eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea aipatu ditu.

Akordio asmo horiei erantzunez, EH Bilduko eledun Maddalen Iriartek Urkulluri eskatu dio argitzeko zer esan nahi duen «herri itun» esamoldearekin. Izan ere, Iriartek euskal «estatu itunen» beharra nabarmendu du. Halakoak lortzeko aukera guztiak baliatzeko prest agertu da, helburua izanik «subiranotasun handiagoa» eskuratzea, energia arloan, zerga sisteman eta zerbitzu publikoetan urratsak egiteko.

EH Bilduko bozeramailearen ustez, gizarteak erronka handiak ditu aurrez aurre, eta gobernua ez da haiei heltzeko gai. Are gehiago, aurpegiratu dio «elite politiko eta ekonomikoei» jarraitzera mugatzen dela. «Gehiengoaren onurarako neurri estrukturalak artikulatzeko gai ez bagara, aurreko krisietako gauza bera pasatuko zaigu», gehitu du.

Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi Pilar Garridok ere osteguneko saioan jarrita dauka begia, eztabaidan herri eredu ezberdinen «lerro nagusiak» agerian geratuko direlako. Azaldu duenez, Elkarrekin Podemosek «herritarren beharrei erantzuteko proposamenak» ekarriko ditu hizpidera, eta horiek aurrera ateratzeko itunak beharko dira. Hala, «eskua luzatua» du, hala nola energia itun baterako eztabaidari «seriotasunez» heltzeko.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidente Carlos Iturgaiz, berriz, prest dago Jaurlaritzari laguntzeko. Hark, baina, erakundeari leporatu dio nahiago duela EH Bildurekin hitz egin. «Badakigu EAJk norekin egon nahi duen orain, eta guk guztiz bestelako politika bat egin nahi dugu», adierazi du Euskadi Irratian.

Estatutua

Autogobernuari ere atal bat eskainiko dio lehendakariak eztabaidan. Adieraziko du autogobernuaren kontzeptuak bere hartan eusten diola eta «sinesgarritasuna eta ospea» irabazi dituela. «Gizartearen gehiengoaren elkargune bihurtu da. Ongizatean eta bizikidetzan aurrera egiteko modu bat islatzen du, komunitate politiko bat eraikitzeko bide bat». 1979ko estatutuari helduko dio, besteak beste, gogora ekartzeko itun hori onartu zenetik Espainiako Konstituzioa aldatu dela, baina estatutua ez dela eguneratu. Hori hala, lehendakariak azpimarratuko du Jaurlaritzak lanean jarraituko duela estatutua osorik bete arte.

Estatutua aldatu ez izanaren errua, baina, alderdi abertzaleena da, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezaren ustez: «Ez badugu autonomia estatuturik modernoena, hori gertatu da alderdi nazionalistek obsesio subiranistak eta erabakitzeko eskubidea jarri dituztelako gure garaiekin bat egingo duen estatutu baten aurretik». Onda Vascan egindako elkarrizketan, estatutuan jasotako eskumenen eskualdatzeari buruzko gatazkaz ere jardun du, Madrilek ezarritako egutegia «orientatzailea» dela adierazteko.

EH Bilduk, berriz, Jaurlaritzari eskatuko dio autogobernuaren alorrean urrats gehiago egiteko. Iriartek estatus berri baten alde egin du, eta aurreko legealdi amaieran EAJk, Elkarrekin Podemos-IUk eta koalizio subiranistak adostutako testua berreskuratzeko eskatuko du ostegunean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ekitaldiaren ondoren, argazkia atera dute bertaratutakoek. ©Maialen Andres/foku

Etxerat-ek aitortza eta erreparazioa eskatu du sakabanaketaren biktimentzat

Berria

Ekitaldia egin dute Donostian. Lege esparru bat galdegin du «haien eskubideak ere urratuak izan zirela» aitortzeko.

Andoi Ortuzar, EGI Eguneko ekitaldian, Guardian (Araba) ©EAJ

Ortuzar: «Ezinbestekoa da maiatzaren 28an parte hartze handia izatea Vox eta Bilduren estremismoak gailendu ez daitezen»

Javi West Larrañaga

«Batzuen pankarta dantza» deitoratu du, eta esan du «erakundeetan integratzeak eta politikak aldatzeak» hobetzen duela bizi kalitatea

 ©GORKA RUBIO / @FOKU

«Aldaketak eragiteko motorra izateko gaitasuna dugu»

Iosu Alberdi

Apirilaren 6tik 9ra egingo du Ernaik Gazte Topagunea, Elorrion. Ekitaldiaren nondik norakoez zein gazte antolakundearen hamar urteko ibilbideaz eta erronkez aritu da Alaba.
Iñigo Urkullu, gaur, Eusko Legebiltzarrean. / ©Raul Bogajo, FOKU

Urkulluk barkamena eskatu die Pasaiako sarraskiko biktimen senideei

Jon Ordoñez Garmendia

EHUk 2020an hilketa horien inguruan egin zuen txostena «lehenago eta aurrez aurre» ez emateagatik eta ekitaldi publiko batean ez aurkezteagatik autokritika egiteko beharra aitortu du. Pello Aizpuru Pasaiako sarraskiko biktimetako baten senideak adierazi du «kudeaketa negargarri, mingarri eta krudel baten azken atala» izan dela txostenarekin gertatutakoa.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.