Ingrid Piller. Soziolinguista

«Jende gehiegi geratzen da gizarte ondasunetatik at hizkuntzaren ondorioz»

Bidegabekeria linguistikoaren kontzeptuaz mintzatu da Ingrid Piller hizkuntza gutxituei buruzko nazioarteko biltzarrean, eta injustizia horiek pandemia garaian izaten ari diren ondorioez ohartarazi du.

BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
2021eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
EHUko Nor ikerketa taldeak antolatuta, Hizkuntza Gutxituen XVIII. Nazioarteko Biltzarra egin dute asteon, online, pandemiak behartuta. Hizlari nagusietako bat izan da Ingrid Piller soziolinguista; Sydneyko Macquarie Unibertsitateko (Australia) Linguistika Aplikatuko irakaslea da, baina bide oparoa egin du mundu osoko akademietan, besteak beste kultura arteko komunikazioa eta hizkuntzen ikasketa prozesuak aztertzen. Idatziz erantzun die BERRIAren galderei.

Bidegabekeria linguistikoaz hitz egin duzu biltzarrean. Zertan datza kontzeptu hori?

Justizia kontzeptu normatibo konplexua da, eta ez dago adostasunik zer izan daitekeen justizia linguistikoa. Galderari buelta eman dakioke, eta injustizia linguistikoaren esperientzietan zentratu; hala, justizia linguistikoa bidegabekeria gainditzean datza.

Nola islatzen da bidegabekeria hori hizkuntza gutxituetako hiztunen eguneroko bizitzetan?

Hezkuntza, enplegua, osasuna, gizarte zerbitzuak, espazio publikoa... edozein gizarte ondasun eskuratzean hizkuntzan oinarritutako desberdintasunik badago, hori bidegabekeria bat da. Hizkuntza gutxituetako hiztunentzat sarritan metatze bat izaten da, hezkuntza prozesu garrantzitsuetan baztertuak izan daitezkeelako oso gaztetatik, eta horrek haien bizi aukerak murriztu ditzakeelako gerora ere. Beraz, linguistikoki inklusiboa den gizarte batek bermatu egin behar du gizarte ondasunak berdintasunez eskuratu ahal izatea, edozein dela hizkuntza.

Esan duzu COVID-19aren pandemiak eta krisi komunikazioak agerian utzi dutela bidegabekeria linguistikoa. Zer ari zara ikusten zure azterlanetan?

Segur aski, COVID-19aren pandemiak historiako masa-komunikazio erronkarik handiena ekarri du. Munduko pertsona guztiek eduki behar dute informazio berri pila bat, batez ere jakiteko birusetik nola babestu, baina baita probak non egin ere, laguntza nola bilatu, zein muga dagoen eremu eta une bakoitzean, nola jaso txertoa, eta abar. Gure ikerketan ikusi dugu munduko leku askotan COVID-19ari buruzko informazioa ez dela eskuragarri egon hizkuntzarekin lotutako hainbat desorekaren ondorioz: hizkuntzen artekoak, edota komunikabideen edo bestelako kanalen arteko desorekak. Adibidez, Indonesiako West Nusa Tenggara probintzian gertatutakoa: hango biztanleek bederatzi hizkuntza dituzte, baina alfabetatze tasa baxuak dituzte, eta komunikazio teknologia mugatuak. Hala ere, osasun publikoko informazioa hizkuntza bakarrean eman zen, indonesieraz, eta batik bat idatziz helarazi zen, nagusiki Interneten eta aplikazioen bidez. Desoreka horiek eragin dute herritar askok ez jakitea nola babestu.

Pandemian zehar, gobernuek ahalik eta azkarrena eta argiena komunikatu behar dute. Zergatik da hain zaila hori hizkuntza gutxituetan egitea?

Ez soilik gobernuek, baizik eta erakunde guztiek; adibidez, eskolek etxean ikasteko arauak helarazi behar izan zizkieten ikasleei eta gurasoei. Erakunde batek, edozein mailatan ere, ez badu bere mezuen hartzaileen beharrizan linguistikoen berri, itsu-itsuan ibiliko da. Eta ez da gai izango larrialdi egoera batean eraginkortasunez komunikatzeko. Horregatik ari dira hizkuntzalariak eskatzen komunikazio estrategia inklusiboak sistematikoki txertatzeko hondamendietako prestakuntza, erantzun zein berreskuratze faseetan. Komunikazio inklusiboaren printzipioak defendatu behar ditugu garai onenetan, garai okerragoak datozenerako prestatuta egoteko. Instituzioek denbora gehiegi daramate herritarren hizkuntza eta komunikazio premiei jaramonik egin gabe jarduten.

Kultura arteko komunikazioa ere izan duzu ikergai. Zer harreman ikusi duzu hizkuntza gutxituen eta hizkuntza gutxituren bat duen gizarte batera iristen diren migratzaileen artean? Hizkuntza gutxituak kohesiorako giltza izan daitezke?

Gai interesgarria da. Oro har, migratzaileek interes handiagoa izaten dute hizkuntza menderatzaileetan, eta hizkuntza gutxituaren inguruko ikuspegi baikorra izateko aukera gutxiago dute. Esate baterako, Katalunian Errumaniako etorkinekin egindako ikerketa batean antzeman dute gaztelania ikastea hobetsi dutela, espainiera aktibo garrantzitsutzat jotzen dutelako, eta katalanari buruz duten iritzia nahiko negatiboa dela. Hori etsigarria da, baina zentzuzkoa, aldi berean: hizkuntza bat ikastea, batez ere helduaroan, inbertsio esanguratsua da, eta hizkuntza nagusi bat ikasteak inbertsio horren itzulera hobea ematen du askotan.

Hizkuntza aniztasuna beti da desberdintasun auzi bat? Hizkuntzen arteko berdintasunik lor daiteke? Nola?

Hizkuntza aniztasuna ezin saihestuzkoa da, eta aldi berean, hizkuntzen arteko berdintasuna ez da posiblea, ezta desiragarria ere. Beraz, ahaleginak aukera berdintasunera bideratu behar ditugu, edozein dela hizkuntza abagunea. Jende gehiegi geratzen da gizarte ondasunetatik kanpo, parte hartze publikotik baztertuta, desoreka bat dagoelako beren hizkuntza errepertorioen eta gizarte ondasun horiek bideratzen dituzten instituzioen hizkuntzaren artean. Bidegabekeria linguistiko larria dakar horrek, eta gainditzen saiatu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.