PSOEk eragotzi egin du espioitza ikertzeko batzordea sortzea

PP, Vox eta Ciudadanosen babesarekin egin dio uko proposamenari. Auzitegi Nazionalak ikerketa bat abiatu du zer gertatu den argitzeko

Hector Gomez PSOEren bozeramailea, atzo. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Euskal Herriko eta Kataluniako buruzagi independentisten aurkako espioitza kasuak argitzeko ikerketa batzorde bat eratzea «beharrezkoa» dela adierazi dute azken egunotan zenbait alderdik. Atzo, ordea, Espainiako Kongresuko Bozeramaileen Batzarrean, proposamenari ukoegin zion PSOEk, PP, Vox eta Ciudadanosen babesarekin. Ondorioz, datorren asteko osoko bilkuran ezingo dute eztabaidatu ikerketa batzordea eratu edo ez.

Hector Gomez PSOEren bozeramaileak adierazi zuenez, alderdiaren jarrera «oso argia» da, eta Espainiako Gobernuak hainbat bide ireki ditu kasua «erabateko gardentasunez» argitzeko. Azaldu zuen Gastu Erreserbatuen Batzordea desblokeatu eta eratu dutela horretarako, besteak beste. Bozeramaileak gaineratu zuen gobernuaren asmoa dela Paz Esteban CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako zuzendariak batzorde horretan bertan emango dituen azalpenak entzutea.

Apiril erdialdean eman zuen The New Yorker hedabideak Euskal Herriko eta Kataluniako buruzagi independentisten aurkako espioitzaren berri, Citizen Lab institutuak eginiko ikerketa batean oinarrituta. Horren arabera, gutxienez 65 lagun zelatatu dituzte, Pegasus spywarea erabilita. Programa horrek edozein gailuren datuak eskuratu ditzake, eta, sakelakoa blokeatuta badago ere, audio edo bideo grabagailuak piztu ditzake.

Besteak beste, buruzagi politikoak, haien senide eta abokatuak, eta gizarte mugimenduetako ordezkariak espiatu dituzte, eta horien artean dira Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentea eta EH Bilduko bi kide: Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusia eta Jon Iñarritu diputatua. Catalangate izena jarri diote auziari.

Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuaren arabera, espioitza «praktika orokor eta sistematiko bat» da orain zabaldutako auzia. Horregatik, atzoko Bozeramaileen Batzarraren aurretik nabarmendu zuen ikerketa batzorde bat eratzea «behar-beharrezkoa» dela auzia argitzeko, eta hori izango litzatekeela «zauriak leuntzeko» lehenengo pausoa. Gaineratu zuen sekretu ofizialen batzordea ez dela izango auzia argitzeko erantzuna: «Batzorde horretan ez da inoiz sekreturik kontatu, eta orain ez da desberdina izango».

Aitor Esteban EAJko diputatuak ere bat egin zuen Aizpuruarekin, eta azaldu zuen bere ustez ikerketa batzordea eratzea dela gertatutakoa argitzeko modurik «egokiena». Izan ere, adierazi zuen sekretu ofizialen batzordea ez dela ikertzeko.

Auzitegi Nazionala, ikertzen

Espainiako Gobernuak herenegun jakinarazi zuen Pedro Sanchez gobernuburua eta Margarita Robles Defentsa ministroa ere zelatatu egin zituztela. Oraindik, ordea, ez dago argi nor dagoen zelatatze horren atzean. Horri lotuta, Jose Luis Calama Auzitegi Nazionaleko epaileak martxan jarri du ikerketa bat, gertatutakoa sekretuak aurkitu eta ezagutarazteko delitua izan daitekeelakoan. Hori horrela, epaileak fiskaltzari jakinarazi dio ikerketa bat abiatu duela, eta, horrekin batera, eskatu dio daukan informazio guztia helarazteko.

Magistratuaren ustez, salatutako kasuak Auzitegi Nazionalaren eskumenekoak dira, Botere Judizialaren Lege Organikoan oinarrituta. Izan ere, Espainiako Gobernuko presidenteari eta Defentsa ministroari eragiten diete, hau da, «nazioaren goi organismoei».

Calamak bere idatzian azaldu duenez, gertatutakoa sekretuak aurkitu eta ezagutarazteko delitutzat jotzeko modukoa da, Zigor Kodean delitu horien inguruan jasotakoa aintzat hartuta. Horiek intimitatearen aurkako delituei, norbere irudirako eskubideari eta egoitzaren bortxaezintasunari egiten diete erreferentzia. Magistratuak nabarmendu du beharrezkoa dela intimitatearekin lotutako datuak babestea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.