Migratzaile bat kanporatzeko agindua kendu du prefetak

Hautetsien galdeari erantzunez, prefetak argitu du Martial Ehouman bolikostarraren kontrako kanporatze agindua kenduko duela

Ehoumanen egoera salatzeko Baionan herenegun egindako agerraldia. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Gibelera egin du prefetak. Heregun arratsaldean erran zuen bertan behera utziko zuela Martian Ehouman migratzailea kanporatzeko hegaldia, eta atzo, Ehoumanen egoera «berriz aztertzeko» galdegin zioten hautetsiei erantzunez, prefetak erantzun zuen haren kontrako kanporatze agindua kendu duela.

Ehouman 2020an heldu zen Baionara, Boli Kostatik. Geroztik, Ipar Euskal Herrian egin du bizia, eta, besteak beste, Gaueko Mahaian laguntzaile gisa ari da. Uztailean, ordea, lanetik ateratzean, Frantziako Poliziak kontrolatu zuen, eta berehala Frantziako Estatutik ateratzeko agindua ezarri zioten. Gaur zuten kanporatzekoa, Miarritzetik (Lapurdi) Abidjanerako (Boli Kosta) hegaldi baten bidez.

Atzoko manifestazioa antolatu zuten Gaueko Mahaiko kideek eta Etorkinekin elkarteak. Azkenean, bertan behera uztea erabaki zuten. Ehouman «erregularizatuko» duten keinuak izan dituztela ere erran zuten, nahiz eta oraindik goiz den horiek ezagutarazteko.

Deliberoa, urtarrilean

Erabakiak buelta eman dezake oraindik, ez baita behin betikoa. Fransico Sanchez Rodriguez Ehoumanen abokatuak herenegun azaldu zuen kanporatzeko aginduari helegitea aurkeztu diotela, eta Bordeleko auzitegi batek (Okzitania) aztertuko duela urtarrilean. Bere egoera erregulariztau nahi du Ehoumanek, eta, helburu horrekin, egonaldi-baimen agiri berezi bat eskatua dio prefetari, argudiatuta Baionan «integratua» dela. Hiri horretako hainbat elkartek ere helarazi diote gutun bat prefetari, Ehouman sozialki eta profesionalki integratua» dela adierazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.