Donostiako Udalak ezingo du Loiolako kuartela eraitsi

EAEko Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du Voxen helegite bat: horren arabera, babestu beharreko ondaretzat jo du Espainiako armadaren kuartela

Loiola auzoko kuartela, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
jon olano
2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du Voxek jarri zuen helegite bat, eta Espainiako armadak Donostiako Loiola auzoan daukan kuartela Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian sartzeko agindu du. Horrek galarazi egingo luke kuarteleko eraikinak eraistea. Donostiako Udalaren asmoa zen, kuartela udalaren esku geratzean, hor 1.600 eta 2.000 etxebizitza artean eraikitzea.

Donostiako Udalak 2021eko martxoaren 25ean erabaki zuen plan berezia moldatzea, eta hor ez ziren kuarteleko eraikinak jaso. Erabaki hori auzitara eraman zuen Voxek, eta orain auzitegiak ebatzi du kuartelak bete egiten dituela «babestua izateko planak jartzen dituen baldintzak, baina ez helegitean jasotako forman». Izan ere, Voxek eskatu zuen kuartelari babes maila gorena emateko.

Magistratuek argudiatu dute oinarri hartu dituztela Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren txostenak, eta horiek idatzi dituzten teknikariek kuartelak babestearen alde egin zutela.

Kolpea udalarentzat

Donostiako Udalarentzat kolpea da erabakia. Udaleko iturriek Efe agentziari esan diote «harrigarria» iruditu zaiela epaia, auzitegiak zehazten duelako hirian zein elementu diren babestu beharrekoak. Baina aitortu dute erabakiak Loiolan egin asmo zuen hirigintza proiektua gauzatzea galarazten duela. Udalaren esanetan, haien asmoa zen bizileku premiei erantzutea, «eremu berri bat prestatuz etxebizitzekin, ekipamenduekin eta espazio publikoekin». Eneko Goia alkateak gaur emango ditu xehetasun gehiago.

Maiatzean, Goiak azaldu zuen Espainiako Defentsa Ministerioarekin negoziatzen ari zirela kuartelaren lurrak udalaren esku uzteko, eta espero zutela ados jartzea «uda baino lehen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.