Urkulluk nazio aniztasunaz esandakoak tirabira sortu du gobernukideen artean

Anduezak dio lehendakariaren hitzak «pertsonalak» direla. Urkulluk zera erantzun dio: «Hobe luke autogobernu handiagoa lortzeaz aritu»

Iñigo Urkullu eta Eneko Andueza, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR / EFE.
Oihane Puertas ONA
2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zeresana sortu dute Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak asteon Korsikan egindako adierazpenek, batez ere PSE-EEren eta Jaurlaritzaren artean. Izan ere, Urkulluk Madrili eskatu zion «plurinazionalitatea» onartzeko, erakunde publikoetako eta gizarteko bestelako ordezkarien aurrean. Horren harira, Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak Euskadi Irratian atzo azaldu zuen adierazpenak «pertsonalak» eta «alderdiari begirakoak» direla.

Anduezaren arabera,«logikoa» da lehendakariak adierazpen hori egin izana, «sentimendu abertzalea» duelako. Hala ere, nabarmendu zuen bera ez datorrela bat Urkullurekin: «Horrek ez du esan nahi askatasun eta errespetu osoz egindako adierazpenak ez direnik. Adierazpen pertsonalak direla uste dut, eta ez diet garrantzi handirik ematen».

Gaineratu zuenez, subiranotasunari buruzko eztabaida ez dago herritarren artean, eta gizarteak beste kezka batzuk ditu: «Esparru juridikoarekin eta daukagun egoerarekin, ez du zentzurik eztabaida horretan sartzeak».

Urkulluren erantzuna

Anduezaren adierazpenei Korsikatik erantzun zien Urkulluk, iluntzean. Esan zuen ez dela «gauza berria» Anduezak EAJrekin eta lehendakariarekin «talka» egitea, eta zera ohartarazi zion: «Hobe luke autogobernu handiagoa eta hobea lortzeaz aritu». Urkulluk gaineratu zuen hori bera dela EAJren eta PSEren gobernu programaren xedea, «autogobernu handiagoa eta hobea lortzea», eta horren ondorioz burujabetza handiagoa izatea. «Planetako herri guztiek defenditzen duten zerbait da».

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako eledunak ere erantzun zion Anduezari.Haren esanetan, Urkulluk «lehendakari gisa» hitz egiten du, eta esandakoa ez da izan adierazpen pertsonal bat. Hala ere, erantsi zuen EAJk eta PSEk harreman ona dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.