Torturatuen memoria polizia etxeetan ikusgai jartzeko eskaera

Egia Osoa egitasmoak galdegin du memoria gune izendatzea Espainiako Poliziaren Iruñeko komisaria zena eta Guardia Zibilaren kuartela

Memoria Osoa egitasmoaren aurkezpena, atzo, Katakraken. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
«Jakin dadila hemen torturatuzela». Espainiako Poliziaren Iruñeko komisaria zaharra —gaur egun Espainiako Gobernuko Ordezkaritzaren egoitza dena— eta Guardia Zibilaren kuartela atxilotze gune izan ziren frankismoan eta trantsizio garaian. Oposizio antifrankista osatzen zuten askotariko mugimenduetako kideak atxiki zituzten han. Tortura pairatu zuten askok eta askok. Orain, Egia Osoa izeneko egitasmoan bildu dira torturatu horiek, beren abokatu izandakoekin eta Nafarroako hainbat elkarte memorialistarekin batera, eta eskaera zehatza egin diote Nafarroako Gobernuari: memoria gune izenda ditzala bi polizia etxe horiek, han gertatutakoa jakinarazteko eta tortura kasuen oroimena gordetzeko.

Atzo aurkeztu zuten Egia Osoa egitasmoa, Iruñeko Katakrak liburu dendan. Elkartearen oinarrian diren hamasei atxilotu eta torturatuez gain, 11 elkarte memorialistak, lau abokatuk eta hamahiru historialarik osatzen dute egitasmoa. Aurkezpen ekitaldian, horien guztien izenean hitz egin zuten Marilo Gorostiagak, Julia Munarrizek eta Imanol Satrustegik.

Elkarteak oinarritzat hartu du Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko 29/2018 Foru Legea. Izan ere, arau horren gerizpean, memoria leku izendatu dituzte, besteak beste, Sartagudako Memoriaren parkea, Otsaportilloko leizea, German Rodriguezen hilarria eta Loitiko gaina. «Tamalez, foru lege hori ez da oraindik aplikatu frankismoaren hamarkada luzeetan atxilotze eta errepresio zentro izan ziren esparruetan», azaldu du Julia Munarriz torturatuak.

Gobernuak leku horiei guztiei aitortu zien estatus bera nahi dute Espainiako Poliziaren komisaria zaharrarentzat eta Guardia Zibilaren Iruñeko kuartelarentzat ere. «Nafarroako Gobernuak EAEko Kriminologia Institutuari eskatutako txostenean jasotzen dira 1969 eta 1978 urteen artean gertatutako 169 tortura eta tratu txar kasu, eta gehienak Espainiako Poliziaren komisaria zaharrean eta Guardia Zibilaren komandantzian egin zituzten».

Bi plaka eta oroigarri bat

Nafarroako Gobernuak zenbait urrats egin ditu orain arte frankismo garaiko eskubide urraketak gogoratzeko. «Proiektu bat abian dute Iruñeko Aralar karrikan, 1936ko kolpe militarraren ondoren frankismoak atxilotutako eta hildako pertsonen omenezko memoria gune bat eraikitzeko», esan du Gorostiagak.

Egia Osoak ontzat jo ditu ekinbide horiek, baina Iruñeko polizia etxeetan atxilotu eta torturatu zituztenak ere omentzea galdegin du. Horregatik, memoria toki ofizial guztiei dagokien bezala, galdegin dute Espainiako Poliziaren komisaria zaharrean eta Guardia Zibilaren kuartelean «plaka oroigarri bana» jar ditzaten, «ikusgai den tokian eta irakurtzeko modu errazean, publikoki adierazteko bi gune horiek atxilotze eta tortura eremu izan zirela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.