«Torturari bide eman ziotenei» erantzukizunak eskatu dizkiete

Nafarroako Foro Sozialak ohartarazi du oraindik argitu gabe daudela Mikel Zabalzaren kasua eta «beste asko». Aitortza eskatu dute

Jose Luis Uriz eta Expe Iriarte, atzo, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
35 urte beteko dira aurten Mikel Zabalza Orbaizetako (Nafarroa) gaztea atxilotu, torturatu eta desagerrarazi zutenetik, eta Nafarroako Foro Sozialak agerraldia egin zuen atzo Iruñean, kasua oraindik ere argitu gabe dagoela salatzeko: «Mikelen kasuak ikerketa gehiago behar du: zalantzaren eta informaziorik ezaren azpian gordeta dago, eta oraindik inork ez du bere gain hartu gertatutakoaren erantzukizuna». Foroak oroitarazi du, halere, «beste kasu asko» ere badirela «egiarik, aitortzarik eta errekonozimendurik» jaso ez dutenak, eta hori alda dadin «mekanismoak» jartzeko deia egin diote «Nafarroako gizarteari». Nafarroako Foro Sozial Iraunkorreko Expe Iriartek eta Jose Luis Urizek hartu zuten hitza atzoko agerraldian, eta, bertzeak bertze, eskatu zuten «torturaren iraupenari bide eman zioten garai hartako arduradun politikoek publikoki aitortzea egindako kaltea».

Bertze hainbat eskaera ere egin zituen Nafarroako Foro Sozial Iraunkorrak atzo: erraterako, 16/2019 Foru Legeari helegiteak jarri zizkieten hiru alderdi politikoei eskatu zieten horiek kentzeko —Poliziaren gehiegikeriei buruzko legea da, eta PPk, C's-ek eta Voxek jarria diote helegitea—. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, joan den uztailean, atzera bota zuen Eusko Legebiltzarrak onartutako antzeko legeari Ciudadanosek jarritako helegitea. Nafarroakoak ebazteko daude.

Biktimak, diskriminatuta

Foro Sozialak salatu du biktima batzuk diskriminatu egiten direla, eta hala ez egiteko eskatu du: «Giza eskubideen urraketa berberek errekonozimendu politiko eta legal bera izan behar dute, kontuan hartu gabe zein izan den biktima horiek eragin dituen indarkeriazko eragilea. Ekidistantziarik gabe eta diskriminaziorik gabe». Ohartarazi dute torturaren biktimek jasaten duten bazterketa «bereziki larria» dela, «errekonozimendu maila urriak» dituelako, nahiz eta biktimen kopurua handia izan: «Milaka pertsonari buruz ari gara».

Nafarroako Polizia gehiegikerien legeak «erronka horri aurre egin nahi zion», Foro Sozialaren arabera, baina auzitegietan katramilatuta egoteak oztopatu egiten du aurrera egitea: «Horrelako egitasmoei oraindik ere jartzen zaizkien oztopoek zaildu egiten dute etorkizuneko bizikidetza demokratikoa eraikitzea eta berriz ez gertatzeko bermeak ezartzea». Norabide horretan, Nafarroako Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzari deia egin diote «torturak Nafarroako Foru Komunitatean eragin duenaren argazki osoa eskaini nahi duen lanarekin jarrai» dezan, «egokitzat jotzen dituen mekanismoen bidez». Foro Sozialaren ustez, legegintzaldi honek Nafarroan «bizikidetza demokratikoa eraikitzeko beharrezko baldintzak» betetzen ditu.

Foroak jakinarazi du parte hartuko duela hilaren 28an Mikel Zabalzari Auritzen (Nafarroa) eginen zaion omenaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.