Aldaketa politikorako deia

Lan harremanetarako euskal esparruaren aldarrikapenaren 25. urteurrenean, LABek eskatu die beste sindikatu abertzaleei batera lan egiteko egungo markoa gainditzeko

Igor Arroyo, Garbiñe Aranburu eta Jagoba Zulueta, atzo, LABen Donostiako egoitzan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Iker Aranburu.
Donostia
2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
ELA espresuki aipatu gabe, baina batez ere hura buruan zuela, gaur egungo marko politikoa aldatzeko borrokarako deia egin die LABek beste sindikatu abertzaleei. Egituraketa politiko berri hori euskal langileen bizi baldintzekin lotu du Garbiñe Aranburu sindikatu abertzaleko idazkari nagusiak, lan eta gizarte arloko «eskuduntza osoekin» gainditu nahi dituelako gizartearen gaitzak. Haren hitzetan, «prekaritatea eta olatu neoliberala».

Data esanguratsu bat aukeratu du LABek elkarlanerako deia zabaltzeko: duela 25 urte ELAk, LABek eta beste sindikatu txikiago batzuek lehen adierazpen bateratua egin zuten lan harremanetarako Euskal Herriko esparrua eskatzeko. «Mugarria» izan zen ekinaldi hori, Igor Arroyo LABeko idazkari nagusiaren albokoak atzo esan zuenez, Donostian. Testuinguru jakin batean kokatu zuen adierazpen hura, 1992-1999 aldiarekin, «euskal sindikalismoak erakutsi zuenean gai zela gizartean eragina izateko».

1992an hasi zen garai hura, ELAk eta LABek PSOEren gobernuaren lan erreformaren aurkako lehen greba orokor bateratua eta Espainiakoarengandik bereizia antolatu zuenean. «Agenda soziopolitiko propioa zuen euskal sindikalismoa» sendotu zen orduan, kontrabotere lana egin nahi zuena, «sindikalismo espainola maldan behera zihoanean elkarrizketa sozialaren bidean».

Dinamika propio horrek beste fruitu bat eman zuen: 35 orduko lan astearen greba, 1999ko maiatzean. Urtebete geroago, bere 70.000 langileei lanaldia laburtu zien Jaurlaritzak.

«Demokraziarik ez dugu»

Mende laurdena igaro da euskal esparruaren aldeko aldarrikapenetik, «baina arazoak mantendu ez ezik, areagotu egin dira», Aranbururen hitzetan. «Demokraziarik ez dugu. Elite ekonomikoen neurrirako indarrean dagoen eredu ekonomiko eta sozialak botere osoa ematen dio patronalari, desberdintasun sozialak aregotzen ditu, bakartu eta zatitu egiten du langileria, eta prekaritatera kondenatzen gaitu».

Jaurlaritza eta hari eusten dioten bi alderdiak (EAJ eta PSE-EE) egoeraren arduradun izendatu du LABeko buruak, eta adibide gisa jarri du azken asteetan hartu dituzten bi erabaki: lehenik, Gizarte Elkarrizketarako Mahaia erakunde gisa sortu zuen Jaurlaritzak, «gutxiengo sindikalarekin»; eta, bigarrenik, DBSE diru sarrerak bermatzeko errenta handitzea eskatzen zuen herri ekinaldi legegilea eztabaidarako ere ez zuten onartu Eusko Legebiltzarrean. Jaurlaritzak «elite baten mesedetan joera autoritarioa erakutsi du» erabaki horiekin, Aranburuk uste duenez.

Espainia ere estatu demokratiko bat ez dela ere ziurtatu zuen Aranburuk, eta hori argi geratzen ari dela Kataluniako buruzagien aurkako epaiketarekin.«Astakeria juridiko eta politikoa da, eta independentista eta demokrata guztion aurkakoa da; garesti ordainarazi nahi digute autodeterminazio eskubidea defendatzea». Ildo horretatik, PSOEren gobernuari egotzi dio borondate politikorik ez izatea aurre egiteko «hiru buruko neofaxismoari». Eta, «are gutxiago» eskaintza demokratiko bat egiteko «lurralde krisia konpontzeko».

«78ko erregimena» eta «egungo sistema kapitalista eta patriarkala» loturik doazenez, marko politikoa aldatzeko lan egiteko deitu die beste sindikatuei. «LAB prest dago», baina ez du uste bakarra denik: «Beste eredu ekonomiko eta sozial bat nahi dugunak gehiengoa gara Euskal Herrian».

Lan harremanak eta babes soziala Euskal Herrian egituratzeko aukerak aztertzeko jardunaldi bat antolatu du LABek, datorren asteartean, Donostiako Kursaal jauregian. Goizean Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako kasuak aztertuko dituzte, eguerdian esparrua sortzeko aukeraz eztabaidatuko dituzte, eta bazkalostean herrigintzaz arituko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.