Camil Ros. Kataluniako UGTko idazkari nagusia

«Elkarrizketa baten ondorengo irtenbideak bozkatua izan behar du»

Sindikatuko buruak erabakitzeko eskubidea defendatzen du, «baina ez da xehetasunetan sartzeko garaia». Nabarmendu du Kataluniako UGT beti egongo dela «askatasunentzat lagungarriak» diren lekuetan.

Igor Susaeta.
2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Dolors Bassa Generalitateko kontseilari espetxeratua UGTren Gironako arduraduna izan zen 2008tik 2015era. «Bihar joango natzaio bisita egitera», adierazi du Camil Rosek (Vallromanes, Katalunia, 1972), Kataluniako UGTko idazkari nagusiak. Ros ere ERC Esquerra Republicanako militantea izan zen. «Beti defendatuko ditugu norbanakoen eskubideak zein kolektiboak». Gogorarazi du, ordea, eskubideen murrizketa ez dela Kataluniako prozesu subiranistarekin hasi Espainiako Estatuan. Auzia konponbidean jartzeko «mezu eta telefono dei gutxiago» exijitzen dizkie Generalitateko eta Moncloako liderrei. «Zuen gatazka politikoaren zati bat diskreziotik konpondu zenuten, ezta?», galdetu du, Euskal Herriko gatazka aipatuz.

Zer jarrera du Kataluniako UGTk Kataluniako auziari dagokionean?

Orain Katalunian dagoen elkarterik pluralenetako bat gara. Sindikalki, Kataluniaren %40 ordezkatzen dugu. Gatazkari dagokionez, era guztietako iritziak daude sindikatuan: konstituzionalistak, independentistak, federalistak...Beraz, gatazkaren une honetan akordiorako puntuak topatzea dagokigu. Kataluniako arazo politikoa elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez konpondu behar da; behin-behineko atxiloaldia arbuiatzen genuen bezala, epaia ere arbuiatzen dugu.

Joan zinen urriaren 26an Bartzelonan sententziaren kontra egindako manifestaziora. Madrilgo UGTren zuzendaritzako norbaitek belarrietatik tira egin al dizu horregatik?

Ez, ez. Idazkari nagusia eta sindikatuko zuzendaritzaren multzo handi bat joan ginen manifestaziora, eta, gainera, ohar bat atera genuen, parte hartzera animatzeko. Gu beti egongo gara askatasunentzat eta elkarrizketarentzat lagungarriak diren tokietan.

Eta ez da inongo arazorik egon. Erabat koordinatuta gaude, eta UGT konfederalaren zuzendaritza informatzen dugu. Egia da, halere, Kataluniako UGTren erabakiak Katalunian hartzen direla. Agerikoa da, gainera, Pepe Alvarez hogei urte baino gehiagoz izan dela Kataluniako UGTko idazkari nagusia [UGTren idazkari nagusia da 2016tik], kataluniarra dela, eta ulertzen ditu Kataluniako UGTren errealitatea eta jarrera.

UGTk eta PSOEk jatorri bera dute. Zer-nolako harreman duzue PSCrekin?

Ona. Kataluniako gizartea oso plurala da. Anekdota bat: 1936an, Kataluniako UGT nagusiki PSUCekoa zen [Kataluniako Alderdi Sozialista Batua]. Alderdi Sozialistako jende asko dago gure erakundean, baina baita beste alderdi askotakoa ere. Alderdi guztiekin dugu harreman adiskidetsua.

Aldatu al da Kataluniako UGTk auziaz daukan jarrera 2016tik, zu idazkari nagusi zarenetik?

Ez. Alvarezen ildoari jarraitzen diogu. Motzean: 1990eko hamarkadaren hasieran, Alvarez sartu zenean, Kataluniako UGTk pluralitatearen aldeko apustua egin zuen; 1996tik, gehiago, inguru independentistetako jendea sartu zelako sindikatuan. Eta duela hamar-hamabi urte, Kataluniako UGTk ebatzi zuen erabakitzeko eskubidearen alde dagoela. Pentsatzen eta bozkatzen dudanetik haratago, elkarte plural bat ordezkatzen dut.

Beraz, erabakitzeko eskubidea babesten du Kataluniako UGTk.

Hori ebatzi genuen. Hori bai, tentsio politikoko abagunea denez, uste dugu ez dela garaia xehetasunetan sartzeko, esateko nola eta noiz egin behar den. Guk interpretatzen dugu ez dela konponbiderik egongo irtenbide politiko bat izan arte, eta elkarrizketa baten ondorio den irtenbideak bozkatua izan behar du. Hala jokatzen dute gizarte demokratikoek.

Unionisten eta independentisten arteko borrokarik egon al da zuen sindikatuan?

Ez, guk asko landu baitugu barne kohesioa pluraltasunean oinarritzea. Ez dago blokerik. Sindikatuek gizartearen ikuspegi oso zabala eduki behar dute, eta ezin dira egon ez bloke batean ez bestean. Lagundu behar dute irtenbide politikoak eta sozialak bilatzen.

Zer iruditu zitzaizkizun sententziaren ondorengo protestak? Espainiako Estatuak kriminalizatu egin ditu.

Arazo politiko hau inoiz ez zen judizializatu behar; judizializatzeak ezin du estali arazo politikoa. Eta zenbait astetan egon den biolentziak ezin ditu estali ez sententzia neurrigabea, ez arazo politikoa. Bestetik, Kataluniako prozesuak ezin ditu estali konpontzeke dauzkagun arazo sozialak. Guk asko irekitzen dugu fokua, eta ez gara geratzen gau batzuetako biolentziarekin, nahiz eta hori lehen egunetik gaitzetsi dugun, ez baitu laguntzen.

Tsunami Demokratikoak ekintzak iragarri ditu biharko.

Egin behar dutena errespetutik eta mobilizazio baketsutik egin dezatela. Ia ziur nago, gainera, ez dutela hauteskunde eguna oztopatuko. Sentipena dut batzuetan bilatzen dela gauza batzuk gaindimentsionatzea, benetako arazoa estaltzeko. Eta arazoa da langile klasekook krisian jarraitzen dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.