Antso Azkarraren momia, 'Ataun of the Dead' trilogia ixteko prest

Beñat Iturriozek zuzendu du 'Napardeath' lana. Bihar estreinatuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean, 19:00etan. Gaur egingo dute aurrestreinaldia, Hernanin, ordu berean

Napardeath filmean ere, trilogiako aurrekoetan bezala, Zumalakarregi jeneral karlista zonbia da protagonista. KATIHOTSAK.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Bihar estreinatuko dute Napardeath, Beñat Iturriozek zuzendu, Katihotsak Logia Kultur Elkarteak ekoitzi eta 150etik gora lagunen auzolanak gauzatu duen 47 minutuko filma; 3.000 euroko aurrekontuarekin eginiko satira politikoa; Beñat Iturriozek eta Xabier Padinek 2011n Ataun of the Death filmarekin abiatu zuten trilogiaren azken atala. «Foruak kolokan daudenean, berak bakarrik salba gaitzake, nahiz eta zonbi moduan izan», zioen lehen film haren afixak. Tomas Zumalakarregi (Ormaiztegi, Gipuzkoa, 1788 - Zegama, Gipuzkoa, 1835) jeneral karlista zonbia zen lehen film hartako protagonista. Baita Joxean's hil eben (2014) lanekoa ere: lan hartan, jeneral zonbiak Jose Antonio Agirre (Bilbo, 1904 - Paris, 1960) buru zuen Eusko Alderdi Banpirikoko burua makurrarazten zuen.

Orain, trilogiaren azken atalean, 1194tik 1234ra bitartean Nafarroako errege izan zen eta ezker abertzaleak berpiztu duen Antso Azkarraren momia izango du arerio Zumalakarregik. Nafarroako erresuma berrezarri nahiko du Azkarrak.

«Estralurtarrek Central Parken lur hartzeaz kokoteraino gaude. Hori dela eta, ikusi nahiko genituzkeen istorioak gurera ekarri eta errealitate bilakatu nahi izan ditugu, euskal iruditeria eta pertsonaiak uztartu eta gure historia zinemara eramanez», adierazi dute Katihotsak elkartekoek. Horretarako, Agosti Xahok irudikatutako Zumalakarregiren bertsio libre bat marraztu dute. Euskaraz. Egizu zuk zeuk filosofiarekin. «Proiektu osoa auzolanean garatu da, baita Napardeath pastoral zinematografiko hau ere, trilogiaren azken zatia».

Iaz filmatu zuten Napardeath, zazpi hilabetez. Bihar estreinatuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean, 19:00etan. Antzoki Zaharreko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan eskura daitezke sarrerak —gehienez bi—, doan. Proiekzioaren aurretik, urriaren 26tik azaroaren 1era bitartean izango den Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen 30. edizioko afixa aurkeztuko dute.

Aurretik eta ondoren

Gaur bertan egingo dute Napardeath lanaren aurrestreinaldia, Hernaniko (Gipuzkoa) Biteri kultur etxean. Bi aldiz eta doan emango dute filma: 19:00etan eta 20:30etan. Ondoren, festa egingo dute gaztetxean.

Biharko estreinaldiaren ondoren, jakinarazi dutenez, Gipuzkoako hainbat herritan emango dute filma: datorren ostiralean, Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoan; astebete geroago, Beasaingo Usurbe zineman; eta hilaren 19an, Bergarako gaztetxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.