Frantxoa Caset. Idazlea

«Ez ditut ahantzi nahi bizian markatu nautenak»

'Esperantxak erran deit' bertso eta olerki bilduma argitaratu du, Maiatz argitaletxearekin. Beste lanik badu bidean 2019ko pastoralaren idazleak.

IÑAKI ETXELEKU.
Iñaki Etxeleku.
Pagola
2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Pagolarrek duela bi urte eman Domingo Garat pastorala izkiriatu zuen Frantxoa Caset herriko semeak (Pagola, Zuberoa, 1949). «Aita-amak Pagolakoak nituen; hemengo xoria naiz, eta atxikia» dio. Pastoral denboran, Maiatz argitaletxeko Luzien Etxezaharretak proposatu zion beste olerkirik baldin bazuen argitaratzea. Sandrine Caset iloba margolariak ere, halaber, egin zuen osabaren testuak familiakoek eta hurbilekoek irakurtzeko parada izan zezaten. Solas horietarik etorri da Esperantxak erran deit bertso eta olerki bilduma (2021, Maiatz). Ilobak egin dizkio, margoz, ilustrazioak.

Amari, aitari, herritar eta auzo batzuei idatzi olerkiak badituzu. Atxikimenduaren erakusteko gisan?

Atxikimendua familiari, bai. Gero, maluruski, izugarri atxiki nintzaion auzo bat galdu nuen, eta haren alarguntsak galdegin zidan ehorzketentzat zerbait eginen nuenez; eta nik gogotik. Haur denboratik adiskide ginen Maties Zaldunbide ere maluruski eritasun zikin batek eraman zuen duela bi urte. Anaiak bezala ginen.

Horiez oroitzeko idatzi duzu?

Bai, ez ahanzteko. Uste dut zenbaitek markatu duten ene bizia, eta ez ditut ahantzi nahi.

Pagola, Euskal Herria, euskara ere atxikiak zaitzaizkien gaiak dira liburuan.

Ttipi-ttipitik euskara entzun diet aitari eta amari. Aitak izugarri maite zituen kantuak, pastoralak eta maskaradak; haurretik eraman gintuen horietara. Amak ere bai. Amak anitz irakurtzen zuen, eta bere manerarat idazten ere bai. Gero, goizik ezarri ninduten Mauleko kolegioan, pentsioan —hori ez nuen sobera preziatu, baina aitzina joan—. Han, errekontru izugarri aberatsa egin nuen: Orabe apezarena. Eskuilako sortzez, euskarari eta Xiberoko kulturari biziki atxikia zen. Erran zigun: «Nahi duzuea euskara amiñi bat ikasi; gramatika eta holako?». Aparte hartzen gintuen, eta esplikatzen zigun euskara nola moldatua zen. Izugarriko gustua hartu nuen han.

Ordutik duzu euskaraz idazteko gustua?

Bai. Banketxe batean lan egiten nuen, eta, lanetik landa, beti irakurtzen ari nintzen, besteei so egiten, sustut Jean-Louis Davant; haren liburuak maite ditut arras. Baita Pierre-Paul Berzaitz, Jean Bordaxahar, [Mixel] Labegerie. Ene gisan hasi nintzen ikusten olerkiak nola sortzen zituzten, zangoak-eta kontatuz. Emeki-emeki hasi nintzen, eta gustua hartu. Zahartzearekin, orain, aizina badut.

Jendarteko zenbait gai ere aipu dituzu bertsoetan, hala nola Jinko sosa olerkian.

Bai, lanetik hartan bizi izan naiz, eta harritu nau nola sosak lehentasuna hartzen ahal zuen jendeetan, nola familietan aharra sartzen ahal zen sosa dela kausa; hori bizitu dut zuzenka, eta izugarritan hunkitu nau. Enetako, sosa egina da partekatzeko, ez baztertzeko. Lur honetarik nehor ez da partitzen sakelak sosez beterik.

Migranteak ere gogoan dituzu.

Ikusi behar baita gero eta gehiago nola tratatuak diren, eta nola Fronte Nazionala bezalako alderdi batek bere plazera hartzen duen jendeen nahasteko oraino gehiago eta arrazakeriaren sarrarazteko. Hori behar da azkarki salatu.

Solange Ximitx-Caset arrebak idatzi dizun aitzin solasean dio haurride anitzeko etxalde xume batean sortu zinela.

Hamahiru haurride baginen. Erroek inportantzia handia dute. Beti nahi dut umil egon eta oroitu gure haur denboran nola gaitz zen, nola gehienek beti lagundu gaituzten batere kontatu gabe —ni hamaikagarrena naiz—. Etxekoek ez zuten errebeniorik aski egiten laborantzatik, eta gehienek behar izan dute kanporat lanean. Haiek ez bagintuzte lagundu, gu ez ginen sekula eskolarat joaten ahalko. Horrek umiltasun handia ematen dit.

Zertan dira Sandrine Caset ilobaren margoak olerkien osagarri?

Atzeman dut haren marrazkiek ere bazutela ene sentimendutik. Hartan izugarri hurbildu gara. Maite dut haren tindatzeko manera; iduri zait haren koloreek azkartzen dutela. Egon da sinple; sinpletasun hori izugarri maite dut.

Beste idazlanik baduzu bidean?

Badut Donazaharreri buruzko komedia musikal bat idatzia, eta nahi nuke hobeki landu. Beste komedia pastoral bat ere, menturaz: Pagolako herria nola moldatua izan den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.