Albistea entzun

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Hego Euskal Herria. ANALISIA

Piromanoak parke tematikoan

Albert Rivera Ciudadanoseko presidentegaia, igandean, Errenterian (Gipuzkoa), hizketan.
Albert Rivera Ciudadanoseko presidentegaia, igandean, Errenterian (Gipuzkoa), hizketan. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2019ko apirilak 19

Espainiako politika denboraldi berria estreinatzear da hilaren 28tik aurrera, eta estatuko gobernuaren presidentetza euskal plazan jokatzen da neurri batean, iragan asteburuko lehorreratzeek erakusten dutenez. Hautagai batzuek iparrera jo dute, behinola izandako babesari eusteko; beste batzuek ere basatitzat dituzten herrialdeetara jo dute, baina hura gudu zelai bihurtzeko eta gainerako erreinuetan etekina ateratzeko: Voxek larunbatean, eta Ciudadanosek igandean. Eta, agendaren batailan, Albert Riveraren alderdia garaile; berdin dio Errenterian kalte fisiko eta materialik ez egotea, egia- ostearen garaietan nahikoa baita protesta zaratatsu bat biktimizazioa eta askatasunik ezaren bandera haizatzeko. Irrazionaltasuna da, eskuinak modu lizunean erabiltzen dakiena eta duena. Euskal Herria, gatazkarako «parke tematiko» bihurtua, Aitor Esteban EAJko zerrendaburuak asteartean Espainiako telebista kate publikoko eztabaidan esan zuenez.

Casadok aipatutako odolez zikindutako eskuak nahikoa ez, eta kondena itzuli da alderdien eta erakundeen balorazioetara, eta, egunek aurrera egin ahala, salaketak auzitegietara. Hamalau egunetik gutxienez bostetan, ETAren mitoa Espainiako hauteskunde eztabaidaren epizentroan, eskuin espainiarzalearentzat gauza gutxi baitaude estatuaren aurkako indarkeria baino kohesionatzaileagoak. Kanpainaren lehen egunetan, 2000ko esparru diskurtsiboak nagusi. «Politikan ez dago gauza politikan», esango zukeen Lazkao Txikik.

Podemos eta 'Bandwagon efektuaren' bestondoa

Azken egunetan Madrildik Euskal Herrirako bidaia egindakoa da Pablo Iglesias Unidas Podemoseko presidentegaia, eskuineko triunbiratuaren asmo aski ezberdinekin. Alderdi moreak malenkoniaz begiratzen dio 2016ari, orduko emaitzetara hurbiltzeko zailtasunaren jakitun; duela apenas hiru urte, Unidas Podemos zen Bandwagon efektuaren onuradun nagusia; herritarrek apustu irabazletzat identifikatu zutena, modako alderdia, koiunturak eskatzen zuen apustu berritzailea. 2016. urtea zen. Iglesiasek badaki koiuntura bestelakoa dela; apustu irabazlea ez da berea, eta Espainiaren demokratizazioak ageriko mugak erakutsi ditu iragan legealdian. Horregatik, kalteak murriztera bideratutako kanpaina bat egiten ari da orain Unidas Podemos, Eibarren egin bezala, esplizituki PSOEren eta alderdi abertzaleen boto emaile izan direnei babesa eskatuta: «Boto emaile horiek badakite ezinbestekoa dela Kongresuan nazio aniztasuna defendatuko duen indar bat egotea. Eskatzen diet berriro konfiantza izan dezaten gurekin». Gose hori asetzeko, bi platereko menua: identitate politiken errazio eskuzabala —justizia soziala, feminismoa eta Espainiako errepublikako eta tokian tokiko banderak— eta botoari balioa emateko leloa: Historia zuk idazten duzu; paradoxikoki, botoen lehian arerio nagusi izango duen PSOEren ildo berekoa (Egizu posible).

Inkestek diotenez, Unidas Podemosena izango da Aste Santuko prozesioa, apirilaren 28ko gurutze bidea. Baina hauteskunde egun horretako indar korrelazioek posizio onean utz dezakete alderdi morea, babes elektoralean nabarmen behera eginda ere, PSOErekin gobernua osatzeko modua badu. Batzuetan, gutxiago gehiago da.

Abertzaleen dilista lehia

Madrilen izan duten eta izan dezaketen protagonismoaren harira, dilista platerak izan dira EAJren eta EH Bilduren ika-mikaren metafora; ezkerreko koalizio subiranistaren hitzetan, EAJk dilista plater baten truke negoziatzen duelako Madrilen; jeltzaleen arabera, Pedro Sanchezen gobernuaren dekretuak «doan» onartuta, EH Bilduk plater hori ere ez duelako lortu. Lehian, indar bakoitzaren baliagarritasuna, eta, azken batean, herrialdearen ordezkaritzaren hegemonia. Testuinguru horretan, urrun geratzen dira 2000ko kanpainak; iragana dira ekitaldi masiboak eta Belodromoa edo BEC beteta erakusten ziren urteak. 2011ko azaroan, Espainiako hauteskundeen kanpainan, 15.000 lagun sartu zituen Amaiurrek Belodromoan; zortzi urte, Iñaki Antiguedad Amaiurreko diputatu izatear zenak esan zuenetik Belodromoko ekitaldia «klima politikoaren aldaketaren termometroa» izango zela. Aberri Eguneko urteroko ekitaldiek eman dezaketena ikuskizun, giroa ekitaldietan neurtzen bada, neguan leudeke indar abertzale eta subiranistak.

Ez dirudi hala denik, ordea: PP kanpaina egiten ari zaio EH Bilduri, horren mamua zabaldu nahian, etengabe errepikatuta Arabako azken diputatua popularren eta subiranisten artean dagoela; autobete daitekeen profezia, Marotok lortzen badu gehiago hauspotzea bere kontrako botoak eskuinenak baino.

EAJrena, berriz, bi pausoko estrategia bat da, egunotan azaldu duenez. Bat: fronte demokratikoan kokatzea, eskubideen eta autogobernuaren inboluzioaren aurrean. Bi: koiunturara egokitzea; daukaguna defendatu eta dagokiguna erreklamatu leloak berdin balio dezake EAEko egungo estatutua bete dadila eskatzeko —legez dagokiguna, alegia— edo Euskal Herriari nazio gisa dagozkion eskubideak exijitzeko —nazio aitortza, erabakitzeko eskubidearen formulazioren bat... edo legebiltzarretik irteten den estatusa errespetatu—. Madrilgo gehiengoek definituko dute posizio lauso hori.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Adostasun berriek ahalbidetu dute bake prozesua»

Irati Urdalleta Lete

Foro Sozialaren bidea ixtear da, baina hor dago eginikoa: hamabi aholkuetatik 11 beteta edo betetzear. Eta egitekoak: adibidez, biktimen «asimetria» gainditzea. Balorazio «ona» egin dute.
 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Madrilen berme» mahaian

Jon Ordoñez Garmendia Xabier Martin

PSE-EEn bide luzea eginikoa da Ares: sozialisten ordezkari 2005etik 2007ra bitarteko bake elkarrizketetan eta Jaurlaritzako Barne sailburu, besteak beste. Karguan zela hil zuen Ertzaintzak Cabacas. 68 urte zituela hil da.
Bake Bideak eta Bakegileak taldeek antolatu mobilizazioa Ipar Euskal Herria blokeatzeko. ©Bob Edme/ Iparla
Rodolfo Ares Eusko Legebiltzarrean, 2012ko irudi batean. ©David Aguilar, EFE

Aresek esanak, eta harrotutako hautsak

Uxue Rey Gorraiz

PSE-EEko buruzagi izandakoak perla ugari bota du urteetan, eta horiek sarri ekarri du aurkari politikoen sumina, ezker abertzalearena batez ere. Iñigo Cabacas auzian esanak dira aipagarrienetako batzuk.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...