jon olano
Espainiako inbestidura saioa. ANALISIA

Testuingurua, aldekoago

2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Gatazka politikoari buruzko teoriek bost fase nagusi bereizi ohi dituzte, oro har: gatazkaren sorrera eta hari bide ematen dioten faktoreak; desadostasunaren hazkundea; posizioen polarizazioa; blokeo edo egonkortze fase bat; eta, azkenik, konponbide prozesua.

Espainiak azken 40 urteetan izan duen estres testik gogorrena izan du azken hamarkadan, Kataluniako prozesu subiranistarekin; indarkeriarik gabeko prozesu politiko batean, lurralde bateko herritarren ia erdiek argi eta modu jarraituan adierazi dute Espainiako sistema politikoarekin hausteko borondatea. Euskal Herrian, behin indarkeriaren indar disruptiboa neutralizatuta eta, are, Espainiaren batasuna indartzeko baliatuta, aldarrikapen subiranistak egituraketa berriak izan ditu azken urteetan, oraingoz behintzat Kataluniaren neurrira iritsi gabe.

Hori horrela, Kataluniako prozesu subiranistak modu argi samarrean betetzen ditu arestian aipatutako bost faseak: prozesu horren abiapuntu zehatzean desadostasunak badaude ere, estatutuaren urraketak —eta, harekin, nazio izaeraren ukazioak (2010)— eta erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikaren lehen pausoek (2006) mamitu zuten fase hori. Prozesuaren instituzionalizazioak bultzatu zuen gatazkaren hazkundea, eta, ziur aski, 2017ko urriaren 1eko autodeterminazio erreferenduma eta haren aurreko eta ondorengo asteak izan ziren prozesuaren polarizazioaren une gorena. Harrezkero, Espainiaren aldetik irtenbide politikorik ez eskaintzeak eta, beraz, gatazka usteltzen uzteko asmoak —buruzagi independentisten aurkako epaia gogoan— blokeo egoera bat sortu du azken bi urteetan.

Bilakaera horren testuinguruan ulertu behar da PSOEk eta ERCk Pedro Sanchezen inbestidurari bide emateari begira eginiko akordioa. Itunak apenas eskaintzen duen zehaztasunik, eta, hain justu, anbiguotasun hori da dokumentuaren indargune nagusietako bat: aukerak zabalik uzten dituela konponbidearen fasean sartu eta horien balizko irtenbide ezberdinei modua emateko. Sit and talk —eseri eta hitz egin— adierazle hutsaren interpretazio malgua, agindutako kontsultaren galdegaia adosteke duena: estatutu berri bat, autodeterminazio erreferendum bat edo, bideragarriago litzatekeena, egungo ordenamendu juridikoa egokitzeko beharrari buruzko galdeketa ez lotesle bat. Konponbidea da gatazkaren azken helburua, eta ez dago aurrerabide demokratikorik gatazkaren fase guztiak igaro gabe.

Hor dago Euskal Herriko eta Kataluniako indar subiranistek mahai gainean duten dilemaren funtsa; noiz eta zenbateraino tenkatu soka, eta noiz, zer indarrekin ahalbidetu negoziazioa. Jokoen teoriara eramanda, noraino behartu arerioa, norbera amildegira jausi gabe; neurri batean, komenentziazko ezkontza bat osatzen ari direlako alde erradikalaren mekanismoa aktibatzen ari diren indarrak: PSOEk eskuinen mamua erakutsi die mintzakideei horien botoa behartzeko, jakinik mintzakide subiranista horiek direla PSOEren flotagailu bakarra eskuinen aurrean. Eta eskuinen shock doktrinaren aurrean, PSOEk egingo duenaren inkognita; baina, PSOErentzat, ERC da erresilientzia gaitasun izugarria azaltzen ari den subiranismoarekin konektatzeko helduleku bakarra. Erdian, Unidas Podemos: ezinbesteko artekaria, gobernukideen konfiantza irabazteko estatu jarreraren eta gobernura eraman duten printzipioen artean dantzan aritu beharko duena.

Atzoko inbestidurarekin, hasi da partida. Espainiako sistema politikoak 40 urtean ezagutu ez dituen baldintzak daude mahai gainean: erabakitzeko eskubidea eta nazio aniztasuna aldez edo moldez babesten dituen indar politiko batek bost kide ditu subiranismoak sostengatutako ministroen kontseiluan; «ez badago [negoziazio] mahairik, ez dago legealdirik», ohartarazi zuen Gabriel Rufianek. Sanchezek Zapateroren ildoak eta diskurtsoak berreskuratuta, gehiengo aurrerakoi bat kristalizatu da Espainiako Kongresuan, baina komeni da gogoan izatea hark erakutsi zituen mugak ere: EAEko estatutu proposamenari (2004) emandako ezezkoa eta, bestela, estatuaren beste estamentu batzuen boterea —Auzitegi Konstituzionala, 2010—. Sanchezek atzokoak baino boto gehiago beharko ditu botere judizialeko indar korrelazioak bere alde jartzeko.

Hasi da partida, eta jokalekua zabalik dago, ez soilik Madrilen: Eusko Legebiltzarrak mahai gainean dauzka estatus berri bat taxutzeko lanabesak, erabakitzeko eskubidea jasotzen duten hiru formulaziorekin. Euskal eragileei dagokie, parlamentuan eta kalean, hura jasotzeko beharrari buruzko adostasunak lantzea eta artikulatzea; mobilizazioak ez du ziurra helburuen arrakasta, baina mobilizaziorik ezak ziurra du porrota, eta testuingurua herenegun baino aldekoagoa zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.