joxerra senar
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. ANALISIA

Aulki dantza ziurgabea

2019ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Ekonomian, etorkizun hurbila aurreikustean, adituentzat dena da ziurgabea. Ezinbestean. Azkenaldi honetan politika ere kutsatu du ziurgabetasunak. Jada ez dago ezer ziurrik. Iraganean bazegoen antzematerik gizartearen erantzuna, botoen joan-etorria, alderdi baten gorakada eta bestearen beherakada; orain, berriz, dena likidotu da. Nafarroan ere bai. Iragan hamarkadaren hasieran, UPNren eta PSOEren artean banatzen zituzten Kongresuko bost diputatuak eta Senatuko lau ordezkariak. Asko aldatu da gizartea, 2003an lehen aldiz Nafarroa Baik hegemonia hura zalantzan jarri zuenetik. Ustez, Navarra Suma, PSOE eta Unidas Podemosen artean dago jokoa, baina ezin da baztertu EH Bilduk, Geroa Baik edo Voxek berak diputatua lortzea. Lehia inoiz baino estuago dago; horregatik inoiz baino ziurgabeago ere bai.

Aulki dantza osagai ugarik baldintzatuko dute: eskuin muturraren mehatxuak, Espainiako politikaren eraginak, telebistako eztabaiden oihartzunak, aldaketaren lau urteek... Horrek guztiak lausotu egiten du emaitza antzematea, eta hilabete baten buruan foru hauteskundeak izateak anplifikatu egiten du distortsio hori.

Langa, garesti

Iluntasunean mugitzeko orduan, duela hiru urte elkarren segidan egin ziren hauteskundeek ematen dituzte zantzuren batzuk. Diputatua lortzea garesti dago: 2015eko abenduan gutxienez 40.480 boto behar ziren azken diputatua lortzeko, eta 2016ko ekainekoetan nabarmen garestitu zen, 47.277 behar baitziren. Bigarren alderdiak eskuratutako botoen erdiak zehaztuko du zein den langa, baina bi koalizio abertzaleek zein eskuin muturreko taldeak badakite 40.000- 50.000 boto artean behar dituztela diputatua izateko. Euren jendea mobilizatzea eta botoa zakarrontzira joango ez dela konbentziaraztea dute erronka.

Bestetik, alderdiren batek hiru diputatu lortzeak ia ezinezko dirudi: gutxienez 125.000 boto beharko lituzke (langa mugikor hori bider hiru). Xede horretara gerturatzeko ezinbesteko lehen baldintza Nafarroan bozak irabaztea da, eta, itxuraz, Navarra Suma eskuineko koalizioak du aukera gehien zifra horietara gerturatzeko. UPN-PPk 2015ean 101.900 boz lortu zituzten, eta 2016an 106.400; bi hitzordu horietan, Ciudadanosek 25.000 inguruko poltsa lortu zuen. Gainera, 2015eko abenduan Ciudadanosi botoa eman zioten 4.500 herritarrek UPN-PPri eman zioten sei hilabete geroago, agerian utziz Navarra Sumaren apustuak baduela zentzua (bozei begira).

Alta, ezaguna denez, politikan bi gehi bi ez dira lau. Alde batetik, kanpaina honetan autogobernuaren auzia agendaren erdian dago Nafarroan. Nahiz eta Ciudadanosek Hitzarmen Ekonomikoarekiko errespetua adierazi, bere ibilbide motzean erakutsi du ez dela oso fidagarria. Asteon bertan esan du Nafarroari trafiko eskumena eskualdatzearen aurka dagoela. Igandera begira, ikusteko dago jarrera horrek nola eragiten dien UPNren boto emaile tradizionalei, eta zenbaterainokoa den euren foruzaletasuna.

Bestetik, Vox inkognita handi bat da Nafarroan. Aurpegi ezagunik gabe, Espainiako olatu autoritarioaren aparrean igota, ikusteko dago zer lurreratze egiten duen eta zenbateko kaltea egiten dion Navarra Sumari. Eskuin muturreko taldeak oso zaila du diputatua lortzea, baina baliteke koalizioari hozkada jotzea.

2016ko ekainean, Elkarrekin Podemosek 94.500 boto eskuratu zituen, eta PSN-PSOEk 58.000 boto. Hiru urte geroago, ustez, biak kontrako norabidean daude. Pedro Sanchezek hauteskundeak aurreratzea erabaki zuenean, alderdia posizio onean kokatu zuen, eta uneotan, sozialistak gora begira daude. Navarra Sumari lehen postua lehiatzeko moduan? Ikusteko dago. Ezin da baztertu bi diputatu lortzea, baina horretarako jauzi handia egin behar du. Kanpaina amaieran Ciudadanosekin bat egiteko aukera aldendu bada ere, atea ez du itxi. Aliantzei begirako anbiguotasunak eta iragan legealdian PSN eskuinaren eskutik joan izanak eragotzi diezaioke bi diputatu lortzea.

Elkarrekin Podemos ustez beherantz begira dago; Espainian eta Nafarroan Ahal Dugu-k izandako barne krisiak nabarmen zaildu dio 2016ko emaitzak errepikatzea, baina hondamendia izan beharko luke diputaturik gabe geratzeko. Gainera, kanpaina behetik gora egin du, eta, Espainiako politikaren eraginpean, indartsu amaituko du.

Boto ihesa geraraztea

Duela hiru urte, Elkarrekin Podemosera eta abstentziora ihes egin zieten botoak berreskuratzea dute erronka Geroa Baik eta EH Bilduk, boto erabilgarria desaktibatu eta euren jendea mobilizatzeko. Bi kasuetan, 2016ko ekainean botoak galdu zituzten, eta oraingo honetan korrontearen kontra egitea dagokie. Geroa Bai duela hiru urte oso urruti geratu zen, baina bere boto emaileek badakite gehiegizko zigor batek ahul utz lezakeela koalizioa, maiatzean Navarra Sumarengandik ahalik eta gertuen geratzeko helburutik urrun.

Bien artean, ustez EH Bilduk gertuago du diputatua lortzea, eta, zaila badirudi ere, inkesten arabera ez du ezinezko, Bel Pozuetaren hautagaitzarekin etaERCren aliantzarekin. Eskuina geldiarazteko giltza duela azpimarratu du koalizioak, eta mezu horrek sektore abertzalea mobilizatu eta boto ihesa gelditzea bilatu du. Albiste txarra litzateke aldaketarentzat ez EH Bilduk ez Geroa Baik diputaturik ez lortzea, baina kontrakoa ere gerta liteke, bumeran baten gisan. Azken finean, norbere itxaropenak kudeatzeak ere izango du zeresanik: batzuek itxaropen handiak dituzte jarriak igandean, eta horiek ez gainditzeak etxekalte joka dezake; beste batzuek asmo apalagoak dituzte, eta horiek gaindituz gero... Ezer ez baita ziurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.