125 hitzaldi eta tailer izango dira azaroko jardunaldi feministetan

Azaroaren 1ean, 2an eta 3an izango dira Euskal Herriko bosgarren Jardunaldi Feministak: izena emateko epea urriaren 7ra arte dago zabalik

Iñigo Satrustegi.
2019ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Azaroaren 1etik 3ra egingo dituzte Durangon (Bizkaia) Euskal Herriko bosgarren Jardunaldi Feministak. Kolektiboek ehun proposamen baino gehiago egin dituzte landu beharreko gaiekin. Hain zuzen ere, 125 hitzaldi, eztabaida eta tailer proposatu dituzte, eta denak behin-behinean onartu dituzte. «Euskal Herriko Mugimendu Feministan salda badagoela erakutsi dugu», adierazi dute antolatzaileek.

Jardunaldien aurkezpen ofiziala maiatzean egin zuten, eta lau hilabete geroago, egitarauaren aurrerapen bat plazaratu dute. «Mugarri garrantzitsua» dira haientzat jardunaldiak, datozen urteetan Euskal Herriko mugimendu feministak izango dituen «lerro nagusiak marraztuko» baitituzte egun horietan.

Azken jardunaldiak 2008an izan ziren, Portugaleten (Bizkaia). Euskal Herriko testuingurua asko aldatu da ordutik, baina «aktualitate handikoak» dira ekarpenak. Antolakuntzako kideek eskerrak eman dizkiote Euskal Herriko feministen sareari, proposamenengatik eta izen emateengatik. Dagoeneko mila emakumek baino gehiagok eman dute izena. «Olatu hau geldigaitza da». Urriaren 7ra bitarteko epea du apuntatu nahi duenak, baina, antolakuntza arazoak saihesteko, azken momentura arte ez itxaroteko eskatu dute.

Egitarauaren aurrerapena

Hiru egunean, bost ardatz nagusiren inguruan hausnartuko dute: mugimendu feministaren erraiak; bizitzak eta agendak erdigunean jartzea; indarkeriarik gabeko bizitzak; gorputzak, burujabetza eta deskolonialitatea; eta sexualitateak. Azken egunean biltzar erraldoi batekin amaituko dituzte jardunaldiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.