Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Etsitzeko zein fedea izateko

2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Hau da nire lana, askotan gogaitarazi egiten badu ere. Nire ikuspuntutik begiratuta, ez dago helburu bat lanbide honetan. Nire asmo bakarra da jendeak bihar, gau honetako gure debatea ikusi ondoren, atzo baino pixka bat gehiago jakitea beren bizitzak gidatzen dituzten indarrei buruz». Catalin Tolontan errumaniar kazetariak telebistako debate batean esandako hitzak dira, Alexander Nanauren Collective film dokumentalean (HBO, 2020) jasoak. Antzera mintzatu zen duela gutxi Tolontan Urtzi Urkizuk orrialde hauetarako egindako elkarrizketan: «Horretaz mintzo da Collective dokumentala: ez uztea korronteari eramaten, eta gure bizitzak erabakitzen dituztenengandik urruntzea. Gizarte gisa ere bai».

Collective aretoko sutean erredurak izandako biktimetako asko erietxean hil ziren hurrengo egunetan. Susmoak piztu zituen hildakoen kopuru handiegiak, erietxeratutako batzuen erredurak ez baitziren bereziki larriak. Tolontanek eta Gazeta Sporturilor kirol-egunkariko bere lankideek Errumaniako osasun publikoaren barruko ustelkeria ikertu eta salatu zuten, eta agerian utzi Errumaniako erietxe askotan erabilitako desinfektatzeko produktuak diluituz egindako iruzurrak ondorio hilgarriak izan zituela kasu askotan. Tolontanek eta taldekideek ez ezik, Vlad Voicolescu Errumaniako Osasun ministro berriak ere baimena eman zioten Alexander Nanau zuzendariari beren eguneroko lanetan eta gatazketan filmatzeko, eta baimen hori oso ondo baliatu zuen Nanauk eskuarki oso urrundik ikusten diren errealitate batzuk ikusleari bertatik bertara erakusteko. Europako dokumentalik onenaren EFA saria jaso zuen iaz Collective-k.

Osasun arloko zerbitzuen eta langileen premia eta garrantzia nabarmendu digu, besteak beste, COVID-19aren pandemiak, baina lehendik ere jakinekoa zen osasun zerbitzuak direla gure gizartearen aberastasunik handienetakoa. Horrek bereziki mingarria egiten du Collective-k salatzen duen iruzurra, eta baita, aldi berean, bereziki laudagarria dokumentalean lanean ageri diren kazetarien lan tematia, kasu askotan boterearen eta korronte nagusien kontrakoa. Gizakiaz etsitzeko eta gizakiarengan fedea izateko, bietarako motibo sendoak eskaintzen ditu Collective-k. Bizitzak bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.